Ongarri onena baratzezainaren itzala da.

Otxandioko pikua pikutan dago!

Iraileko hego haizea pikuak heltzera etortzen da. Pikua pikabeak, pikutzeak, pikondoak, piku-zuhaitzak, piku-arbolak edo piku-haritzak ematen du, Ficus carica-k. Pikuaren latinezko izena da Ficus, hortik bere generoaren izena, eta carica, agi danean, egungo Turkiako hego-mendebaldeko eskualde batetik dator, Kariatik; inondik ere lurralde horretan pikua erruz ekoizten zen pikoaga zabaletan.

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2023ko urriaren 02a
Pikuak fruituak al dira? Ez, guk ezagutzen ditugun piku aleak loreak dira, lore multzoak. Argazkia: Jakoba Errekondo / CC-BY-SA
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Erromatarrek ekarria omen da pikondoa Euskal Herrira; haiengana ere ekialdetik etorria izango zen, herriz herri bere jatorrizko Asia hego-mendebaldetik; K.a. 4000. urtea aldera Egipton lantzen omen zuten. Gurean toki gozoetan ederki hazi eta pikua ematen du, baina toki hotzetan ez da aleak emateko gai. Esaera ezaguna da “Otxandioko pikua”, zaila edo ezinezkoa dena adierazteko. Hogei urtetik gora badira hementxe hau idatzi nuela: “Landatuko dute, juxtu antzera baina biziko da. […] Otxandio oinubia, laiotza edo ospela da pikondoen unibertsoan. Hegoalderaxeago, euskaldunak erromatar, musulman eta juduekin elkarbizi izan diren lurretan, aldiz, hura bai paradisua, pikondoaren pagotxa, urtean bi piku uzta ematen ditu: uztapikuak eta pikuak”. Horrela, Otxandion urruti edo tokitan dagoela esateko “pikutan dago” esatea ulergarria da.

Pikuak iraileko hego haizeak ontzen ditu, baina uztaileko berotzarrak uztapikuak, lore-pikuak, uztaikoak, uztail-pikuak, garagarril-pikuak edo gari-pikuak. Haiek izaten dira handi eta gozo! Eta urteko aurrenekoetako fruituak.

Baina fruituak al dira pikuak? Ez ba. Guk ezagutzen ditugun piku aleak loreak dira, lore multzoak. Pikua ireki eta barruan ikusten diren pikortatxo horietako bakoitza lore bat da, bai, jatean hagin tartean amorragarriki txertatzen diren horiek; pikutara edo pikondora bidaliko zenuke orduan.

Pikua lore multzoa da, barruan lore arrak eta emeak dituena. Eta nola polinizatzen dira lore emeak, barruan baldin badaude? Bada adiskide ttiki-ttiki baten laguntza behar dute, pikondoaren liztortxoa: Blastophaga psenes. Oso txikia da, 2 mm-koa, eta pikuak muturrean duen zulotxotik, ostiolotik, sartzen da emea, ahaleginean hegalak galduz. Barruan arrautzak jartzen ditu lore emeetan, hori egiterakoan txorten motzeko loreetan zuzenean obuluan jartzen du, baina luzea duten loreetan ezin eta polinizatu egiten ditu. Arrautz horietatik sortuko diren liztortxoak barruan ernalduko dira, arrak ez dira ateratzen, baina haiek egiten duten zulo berri batetik emeek alde egingo dute, bere piku lorearen bila.

Pikua jaterakoan ez duzu liztor arrastorik topatuko; izan ere, proteolitikoa edo proteinak desegiten dituen enzima bat sortzen du: fizina.

Odoluzki edo almorranari ere pikua esaten zaio. Pikuak digestioari laguntzen dio, hagin artetik uzkiraino; esaerak honela dio: “Pikuak jan eta kaka egin”.

Sagastien joeraren hipotesia
2025-07-20 | Jakoba Errekondo
Etorri dira herriko jaiak. Gureak sanferminen atarikoak dira, uztailaren abiatzea. Eta aurten berrikuntza bat izan dute. Artisten herria da gurea, eta apain-apain janzten dute jaietarako,... (+)
Akainen eta eulien erasoak
2025-07-14 | Jakoba Errekondo
Ekainak akainak ekarri ditu: uda iritsi da. Udaberriko egun beroetan hasten dira akainak ehizean, udako ehizaldi nagusirako hankak prestatzen. Garo arruntaren (Pteridium aquilinum) garomenetan izaten... (+)
Joan deneko usain bete ekain
2025-07-07 | Jakoba Errekondo
Eguna mozten hasten den hilabetea, ekaina. Festa aparretan gabiltza baina xorro-xorro, hau esku artean duzunerako dagoeneko hamalau minutu moztu da egun argia. Gu gure eroan,... (+)
Zelai gorrietako gorbela eta patata
2025-06-30 | Jakoba Errekondo
Belazea gorri azaltzen zen, egun batetik bestera. Gorri-gorri, gorri bizi urrutitik ikusgarri. Gorbela zen, itsas-belarra edo alga. Nekazariak itsas bazterretik bildu eta lehortzeko belazean zabaltzen... (+)
Arrosa basatiaren izen saltsa
2025-06-23 | Jakoba Errekondo
Loratu da. Kostata baina loratu da, bai, arkakaratsa (Rosa spp.). Lore arin, mehe, hegalari itxurakoa da, arrosa bat da eta lorea ere arrosakara eta zuriaren... (+)
gora