Asteroko buletina
Abenduko laino lanbrotsuak, sagar asko ekarri.

Ongi-etorri udaberriari

Aitañi-lilia, kardabera, txikori-orikatxa, mandobiloa edo beste izenen batekin deituko diozu akaso sendabelar honi. Bere lorea udaberri iragarle dela esango didazu. Goizean goizetik loreak irekita ikusiz gero badakizu eguraldi ona –eguzkitsua behintzat bai– izango dugula, eguraldiari erreparatzen dion horietakoa bazara. Lurzorua aireztatzen laguntzen duela ikasi zenuen eta bere sustrai luzeekin lurraren sakonetik kaltzioa ekartzen duela ere bai, gero beste landare batzuek eskura eduki dezaten. Lorearen nektar goxoak erleak elikatzen dituela ikusi duzu, erleak eta erlezainak zaintzea beharrezko dugun garai hauetan. Amonak kafeari nahasten ziola ere akordatuko zara, txikori pakete gorria gogoan duzularik.

Garbiñe Larrea Iturralde
Garbiñe Larrea Iturralde

Sendabelarrek dakitena liburuaren egilea


2023ko martxoaren 27a
Txikori-belarra (Taraxacum officinale). Argazkia: Dani Blanco.

Horiek denak horrela eta, hala ere, sendabelar honenganako gutxiespena ikusten dut maiz. Hain ona bazen gehiago erabiliko genukeela, asmatuko genuela etekin handiagoa ateratzen… Ezjakintasuna eta kultura zientifiko murritza adierazten duten kontu merkeak.

Izan ere, atzerritik ekarritako sendabelarrekiko lilura ari zaigu gailentzen. Kanpokoei ederretsirik gabiltza bertokoen ezagutza galduarazten ari garelarik; gertukoa eta merkea dugulako ez dugu ontzat jotzen. Marketing berde baten biktima gara eta ez gara gai manipulazio horren aurrean begiak irekitzeko. Eta txikori-belarrak espaloi zirriztuetan loratzen segitzen du, hormigoi artean garai berrietara egokitzen gu baino abilagoa dela erakutsiz, baina guk dagoeneko ez dakigu zer egin berarekin.

Bere xumetasunean balio terapeutiko handikoa da, osagai ugari baititu. Digestio aparaturako erabili izan da, gibel eta behazunerako bezainbeste gernu bideetako gaitzetarako (piss-en-lit dugu frantsesez, ohean pixa eginarazi dezakeela iradokiz-edo), linfa drainatzeko, aurpegiko orbanak eta iluntasunak garbitzeko eta abar. Martxoak 19an Antxon Apiñaizek Twiterren giza osasunean dituen onuren berrikuspen integrala egiten duten bi artikulu zientifiko ekarri zituen, zein baino zein interesgarriagoa. Oraindik ere ikertzeko asko daukagula eta jakintza eguneratu beharra daukagula ikusaraziz.

Udaberriko hiru hilabete hauetan bederatziurrenak egitea iruditzen zait baliatzeko aukera on bat. Hau da, hosto lehortuekin infusioa egin eta baraurik hartu bederatzi egunean jarraian. Sustrai lehortuak bost minutuz egosita gure hesteek eskertuko duten edari mikatzagoa (ez estali gozagarriekin) edukiko dugu; sustraietan dagoen inulina zuntz prebiotikoak bifidobakterioak eta azido laktikoa sortzen duten bakterioak elikatzen dituela ikusi baita. Loreak eztitan beratuta jan nituen iaz, ogia eta gazta freskoarekin batera, udaberriko gutizia.

Hori bai, haurdunaldian eta edoskitzaroan ez hartu, urdaileko eta koloneko gaitzak daudenean zein behazunean harriak daudenean (edo behazuna falta baduzu) ezta ere. Diuretikoak hartzen ditugunean tentsioa jaisteko botika hartzen badugu, medikuari galdetu aurretik.

Birika-belarra
Udazken betean gaudela arnas bideei erreparatu beharra daukagu, garai honetan ia gehienok izango baitugu katarroren bat. Hori bakarrik denean gustura, arnasbideetako gaitz larriagoak zeharo gaiztotuta... (+)
2x01: Schrödingerren landareak
Gaurko sendabelarra azeri-buztana (Equisetum arvense) da. Eztainu-belarra, azeri-isatsa eta luki-buztana ere deitzen zaio Euskal Herrian. Antzinatasun handiko landarea dugu hau, izan ere prehistoria garaian ba... (+)
Udazkeneko garbiketa
Bada urtebete udazkeneko bederatziurrenak nola egin artikulua idatzi nuela eta berriz ere urtaroak eskatzen digun lanaz idatzi beharra daukat. Izan ere, gibel garbiketa egiteko sasoia... (+)
Ugalkortasunarentzat sendabelarrik ez
"Kaixo Garbiñe! Asko gustatzen zait egiten duzuna. Ugalkortasunarentzat sendabelar baten bila ari naiz baina zure liburuan ez dut aurkitu. Bizi naizen lekuan inork ez daki... (+)
Kamamila txarrik ez da
Gaurko artikuluari ekitera noalarik Chamaemelum nobile loretxoari larranbiloa, larramilua, amasabel-belarra edo bitxeleta deitzen diozuenak ere nire gogoan zaudete; zuetako batek idatzi baitit duela ez egun... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora