Astelehenero 8:00etan zure epostan
Duela hamaika urte, 2015eko irailean bukatu zituzten Etxalarko (Nafarroa) Maira okindegiko obradorearen lanak, eta ogia egiteari ekin zioten Aloña Gonzalez Bereauk eta Ander Amundarain Hernandezek. "Aldaketarako gogoz, Etxalarrera etorri ginen bizitzera familiako etxera, eta ogiarekin probak egiten hasi ginen", azaldu ditu hastapenak Gonzalezek. Ingurumen zientziak ikasi zituen berak, eta agroekologiaren eta elikadura burujabetzaren bueltako hainbat egitasmotan lanean aritua zen, dinamizatzaile gisa. 2015ean jauzia eman eta eskuak ama orez eta irinez zikintzera pasatu ziren.
2016tik ARGIAn astero esperientzia baten berri ematen du.
Laneko proiektua baino, bizi proiektu gisa ulertzen dute Maria okindegia Gonzalezek eta Amundarainek, eta ogia zergatik aukeratu zuten galdetuta, honela dio: "Ogia beti asko gustatu izan zait, eta naturara hurbiltzeko, herri batean bizitzeko eta familia hemen hazteko modua izan zitekeela iruditzen zitzaigun". Elikagai oso konpletoa iruditzen zaio, hartzidura prozesuari esker mikrobiotarako lagungarri delako. Behin ogibidea aukeratuta, obratzailea eraikitzeari ekin zioten eta ogia egiten hasi ziren.
Duela bizpahiru urte, berriz, beste jauzi garrantzitsu bat eman zuten proiektuan: "Hasierako urteetan ez genuen errotarik, baina duela bi edo hiru denboraldi hasi ginen 'Astrie' moduko errotarekin irina egiten. Frantziako Astrie anaiek asmatutako harrizko errota da, nekazariei autonomia emateko asmoz diseinatu zutena", azaldu du. Aurretik ere harremana zuen bikoteak Biolurreko okin taldearekin, baina errota jarri zutenetik zuzeneko elkarlanean ari dira, eta zerealak –gari, espelta, zekale nahiz artabeltza– taldean erosten dituzte. "Nekazariei zuzenean erosten diegu gehiena, eta irailean okin probak egiten ditugu hainbat zereal motekin ogia egin eta zeintzuk hartu aukeratzeko". Gonzalezek azpimarratu du errota eskuratzea aurrerapen handia izan dela, ogiak freskotasunean eta bitaminetan irabazten baitu irina egin eta segituan erabilita.
Ogia, opiltxoak eta pastak ekoizten dituzte gaur egun Maira okindegian, eta batik bat kontsumo elkarte eta denda txikietan saltzen dute, eskualdean bertan, Beran eta Donezteben, eta Gipuzkoan, Txingudin eta Oarsoaldean. Azokak puntualki egiten dituzte, eta enkargu bidez ere egiten dute banaketa.
Ekoizpenaz eta salmentaz gain, bisitak ere antolatzen ari dira Maira okindegiko kideak, eta eskualdeko hainbat proiektutan inplikatuta daude. "Esaterako, Lurretik Ikasiz proiektuan sartu gara. Baztan, Malerreka eta Bortzirietako ekoizleen artean sortu den taldea da, eta etxaldeetara bisitak eta gu geu eskoletara joatea eskaintzen dugu", gehitu du. Eskualdeko hainbat eskoletan ari dira nekazaritzaren eta ekoizpenaren inguruko tailerrak ematen. "Gailetak egiten ditugu, ama oreari buruz hitz egiten diegu, eta saiatzen gara sentsazio eta pertzepzioen bidez erakusten, azaltzen hemen bertan ditugun baliabideekin zenbat gauza egin ditzakegun", dio.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545