Istorio ugarik lanbrotzen du bere jaiotza. Bere koloreak erakartzen du gehien. Azalarenak zenbaitetan, baina batez ere mamiarena da deigarria. Odolezko laranja da (Citrus x sinensis). Denetatik entzun izan da bere sorkuraz: laranjaren (Citrus x sinensis) eta mingranaren (Punica granatum) arteko hibrido bat dela, arabisagarraren (Citrus x paradisi) eta mandarinaren (Citrus reticulata) artekoa dela eta abar. Azala laranja eta mamia ere laranja dituen laranja tradizionala ezagututa, jendeari arraroa egin zitzaion azala laranja baina mamia gorri-gorri bizi iluna, odoltsua zuena. Gerora azala ere gorria dutenak azaldu ziren, dena gorria. Odolezko laranja.
Bizi Baratzea liburuaren egilea
Bitxikeria guztiek bezala lurralde berriak, merkatu berriak irabazi eta konkistatu ahala, berari buruzko istorio gero eta bitxi eta xelebreagoak entzun izan dira. Garrazkiei buruz aritzen garenean jendeak Mediterraneo aldera begiratzen du. Urte askotan esan izan da odolezko laranjak Siziliatik edo Maltatik datozela. Uharte horietako garrazkiak sonatuak izan dira milaka urtetan; eta haiei komeni laranja “berria”-ren jaioterri bezala azaltzea.
Historiak, baina, Mediterraneotik ekialdera begiratzera behartzen gaitu. Mende honen hasieran laranja gorriak Txinan IV. mendean egon zirela frogatu da. Eta begira zer dioen zortzigarren mendeko txinatar poema batek:
"Kiang-Nango Kiangsun
Laranja gorri txikiak daude
Neguak ez dituenak hiltzen
Airea benetan gozoa baita
Kiang-Nanen".
Zitrikoen alorreko adituek uste dute odolezko laranjak mutazio naturala direla. Iraganean, laranja gozo batek maila genetikoan aldaketa bat jasan zuen eta atalen mamian, zukuan eta azalean kolore gorriko laranja bat sortu zen. Ezaugarri berri hori nahiko interesgarria izango zen norbaitentzat, eta gustatu, eta barietatea hedatzen jarraitu zuten.
Laranja horiek ez dira jatekoak, gozo punttua badute, baina jateko ohikoa baino dezente garratzagoak dira. Laranja ura edo zukua egiteko erabiltzen dira; horretarako bai, horretarako sona handia dute. Gozoegiak diren laranja ur zozo-panderoei bixi punttu ederra eransten diete, eta kolorea ere erakargarriagoa egiten.
Garrazkiak boladan daude, gero eta gehiago sumatzen dira gure lurretan eta plateretan: laranja, limoia, lima eta mandarina ez ezik arabisagarra, bergamota, Budaren eskua, kumkuata, garrazki kabiarrak, panpelmusa, laranja hiruhostoa, lima-tangerina, yuzua, zidroa…
Benetako bolada berria odolezko laranja hauek dakarte; presta gaitezen ezpainak gorritu eta ahosabaia gaxitzeko.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545