Gizartean gatazka sortzen duten proiektuak jai bezperetan onartzeko ohiturari jarraituz, abenduaren 20an onartu du Eusko Jaurlaritzak Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren "behin behineko bertsioa". EH Bizirik-ek elkarretaratzea egin du Jaurlaritzaren aurrean abenduaren 23an eta hauek izan dira bere lehen hitzak: "Onartezina da herriaren ordezkari moduan lan egin beharko zenuten politikari profesionalok, beste behin, enpresen interesak lehenetsi izana energia bezalako arlo garrantzitsu batean".
Klima larrialdiari urgentziaz erantzuteko argudiopean ari da Eusko Jaurlaritza makroberriztagarriak sustatzen: bere logikaren arabera, argindar asko ekoitzi behar da eta aldi berean teknologia garatu behar da fosilean oinarritutako makinaria guztia elektrifikatzeko eta ondorioz, CO2 emisioak murrizteko. EH Bizirikek prentsaurrekoan adierazi du klima larrialdia "aitzakia" moduan darabilela Jaurlaritzak eta oroitarazi du Nafarroan bistan daudela orain Jaurlaritza proposatzen ari den bide horren emaitzak: "Nafarroan, dimentsio honetako 'berriztagarrien' zabalpenak berarekin dakarren lurraldearen suntsiketaz gain, ez dira egindako promesak bete; gaur egun herritarrek ez dituzte elektrizitatea eskuratzeko baldintza hobeak, Nafarroako hidrokarburoen kontsumoak gora egin du eta honekin batera CO2 isuriak. Horri gehitu behar zaio zaharkituak gelditzear dauden zenbait zentral eolikoren arazoa, ez baitago argi zein izango den emango zaien aterabidea. Beraz, argi dago aldaketa klimatikoari konponbide bat ematetik eta ongizate sozialerako aurrerapauso izatetik oso urrun gelditu dela Nafarroako lurralde plangintza".
Zentzu horretan, EH Bizirikek nabarmendu du plangintza hau aukera galdu bat dela: "Plangintza hau egun dugun larrialdi ekologikoari bere osotasunean aurre egiteko denbora eta baliabide xahuketa izugarria da. Onartu berri duten Lurralde Plan Sektorialak, enpresek makroproiektuak ezartzeko erraztasun gehiago izatearekin batera, lurraldearen suntsiketa eta herritarron bizi kalitatearen galera dakartza".
EH Bizirikek prentsaurrekoan aditzera eman du Jaurlaritzak onartu berri duen berriztagarrien planaren helburua ez dela hainbeste klima larrialdiari aterabidea ematea, baizik jarduera ekonomikoa sustatzea: "Plan hau egun bizi dugun krisi ekonomikoarekin zuzenki loturik dago, eta zailtasun ekonomiko hauei aterabidea emateko saiakera moduan ulertu behar dugu makroproiektuen inposaketa hau". Plataformaren ustez, plana onartu duten alderdi politikoen asmoa horixe da: "makro mailako 'berriztagarrien' zabalpen bizkor eta masiboa emateko baldintzak ezartzea".
Makroberriztagarriak sustatzen dituen plana "aurkakotasun garbiko" giro sozialean onartu izana "onartezina" dela salatu du EH Bizirikek eta horren adibidetzat jarri du duela bi hilabete Gasteizen egin zuten manifestazio jendetsua.
Jaurlaritzaren planteamenduaren kontrako norabidean, eredua bera auzitan jartzea da klima larrialdiari aterabidea bilatzeko modua, EH Biziriken ustez: "Egungo eredu ekonomiko kapitalista gainditzea ezinbestekoa dela deritzogu, modu honetan soilik lortuko baitugu egungo larrialdi ekologiko eta energetikoari aterabide bat aurkitzea".
Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala "bertan behera uztea exijitzeko eta egungo eredu ekonomikoa gainditu beharra aldarrikatzeko", manifestazio nazionala deitu du EH Bizirikek martxoaren 22an Gasteizen.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545