Terralak jaten du jela

Nafarroatik osasuna

Euskal Herrian gehien ekoizten den barazkia da, 70.270.000 kilo inguru; bai barazkia, ez soro erraldoietan egiten diren arto, labore eta abarretakoa. Nor den ezetz asmatu? Bai, azatarra da: brokolia (Brassica oleracea var. italica). Aza jendearen artean burutzen direnetakoa da. Mediterraneo aldetik datorkigu eta egun ezagutzen dugun barietate aukera, berrogeitik gora, gehienak italiarrek sortutakoak dira.

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2023ko abenduaren 04a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Brokolia eta Brasicaceae bere familiako landare asko, batik bat aza jendea, osasunerako oso ona dela dio makina bat ikerketak. Azkenaldi honetan areago doaz azterketen emaitzak eta minbiziei aurre egiten dien janari gutxietakoak izatea aitortzen zaie.

Eta zeuk zenbat jaten duzu? Urtean batez beste kilo bat baino gutxiago jaten dugu euskaldunok. Gurea bezala kultura atlantikoa duten iparraldeko herrialdeetan hemen baino sona handiagoa du; urteko ia bost kilo jaten du, adibidez, erresuma batuar bakoitzak. Ipar horretara joaten da Nafarroako ekoizpenaren puskarik handiena. Izoztutako brokoli nafarra nonahi topatuko duzu han. Lantzen den brokoli gehiena izoztuekin lan egiten duten enpresetara bideratzen da.

Iaz 70.000.000 kilo brokoli eman zuten Nafarroan bere ekoizpenera emanak ziren 5.503 hektareak. Erkatzeko, EAEn 270.000 kilo besterik ez, berari eskainitako 27 hektareatan. Nafarroan hainbesterainoko sona duten beste ekoizpenekin konparantza egiteko iaz zainzuriari (Asparagus officinalis) 1.890 ha eman zitzaizkion, brokoliarenaren herena; eta orburuari (Cynara cardunculus var. scolymus) 985 ha eta piperrari (Capsicum annuum) 930 ha besterik ez.

Etxean jartzekotan, udaberri osoan ereiten da, martxoa aldera lehenak eta ekainean azkenak. Lehenak ekainean landatuko dira eta azkenak irailean. Landatu eta 100 egun ingurura jango dira lehenak eta azkenak 200 batera, udazken negu osoetan alegia. Erraza da bere langintza: eguzki begian lur gogor, landu gabe, ongarri helduarekin ondo ongarritutako (3 kg/m2) eta karearekin edo errautsarekin gozatutakoan landatu, tarte politarekin (60-70 cm). Loratzera doan burua jaten dugu. Ez moztu landare osoa, burua bakarrik kendu, hostoak han utziz gero brokoli burutxo berrien bigarren uzta izango duzu.

Alfer kirakoa bazara edo lurrik ez baduzu, eutsi nekazari nafarrei eta jan brokolia, sasoia da, zeure onerako.

Hazi batetik mundu guztiak
2025-05-05 | Jakoba Errekondo
Lagun asko dut. Ezagutzen ditudanetatik hegalari jendea da mordoxka bat. Duela hiru bat urte, horietako baten bisita izan nuen; ez dut gogoan nor zen. Antxeta... (+)
Egurra diamantea baino arraroagoa da
2025-04-28 | Jakoba Errekondo
Egurra diamanteak baino arraroagoa, bakanagoa da. Bai, unibertsoan errazagoa da diamanteak topatzea egurra baino. (+)
Bizi Baratzearen lurreko ekosistema oparoa
2025-04-14 | Jakoba Errekondo
Apirilak asaba zaharrengana garamatza. Apirila urte osoaren gakoa izango da. Lurrak antolatzea, ongarriketa osatzea, haziak plantatzea, pardak, makilak, sareak, lokarriak atontzea… Hamaikatxo lan bada, sasoi... (+)
Ustezko nekazaritza eta lur lantzea
2025-04-07 | Jakoba Errekondo
Nekazariarentzat baratzea eragozpena besterik ez da. Egungo makina bat nekazari “aurreratuk” horrela pentsatzen du. Bere lanean ez dute baratzerik behar, ezta oilategirik, ezta sagarrondorik, ezta... (+)
Ohea berotzearen teknika
2025-03-31 | Jakoba Errekondo
Ohe beroan edo hotzean egiten da hobeto lo? Nik zalantzarik ez daukat: hotzean. Landare jaioberriek bero punttu bat nahiago dute, ordea. Udaberriko ekinozio garai hau... (+)
gora