Astelehenero 8:00etan zure epostan
Egunak argitzerako itzuli da argindarra ia-ia leku guztietara. Euskal Herrian baino atzeratuago egin du Espainiako Estatuko lekurik gehienetan, baita Portugalen ere. Normaltasun itxura gaur Euskal Herrian, baina goizeko lehen orduan ez dira funtzionatzen ari aldirietako trenak Bizkaian eta Gipuzkoan, eta partzialki Nafarroan.
Hogei ordu igaro dira Espainiako sare elektriko osoa kolpetik eta erabat erori zenetik, eta ez Espainiako Gobernuak eta ez Red Eléctrica enpresa hornitzaileak ez dute zer gertatu den argitu. Red Electrica Española enpresako zuzendari Eduardo Prietok itzalaldia potentziaren fluxuaren "oszilazio handiari" egotzi dio, eta baztertu egin du zibersegurtasuneko gertaera bat izan denik.
18:00etan egin zuen lehen agerraldia Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sánchezek, nagusiki "lasaitasuna" eskatzeko. Izan ere, ia gauerdira arte ez da argindarra itzuli Madrilera, eta herritar ugari zeuden haien bizilekutik urrun, goizean lanera joateko mugitu zirelako eta ezin zutelako itzuli, kaleak argirik gabe, eta telefonoek ez zuten koberturarik; urduritzen ari zen jendea.
Ia 23:00etan azaldu zen berriz prentsaurrean Sánchez, gertaturikoaren lehen azalpenak emateko. Antza, 12:33 zirenean, Espainiako sare elektrikoak 15 gigavatio galdu ditu bost segundoko tartean; uneko energia eskaera osoaren %60 inguru. Ez dakite zergatik, eta hipotesi eta ikerketa bide guztiek zabalik jarraitzen dute.
23:00etarako, Espainiako Estatuaren penintsulako lur eremuaren %50ean berreskuratuta zegoen argindarra, baina agerikoak ziren ezberdintasunak. Esaterako, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan %95 baino gehiagokoa zen, Nafarroan ere %80tik goragokoa, eta beste erkidegoren batean %15 soilik.
Astearteak argitzerako, baina, goizeko 7:00etarako, Espainiako Estatuko lur eremuaren %99etara itzuli da argindarra. Mantsoagoa doa Portugalen –goizaldeko bostetarako bizilagunen erdiak baino gehiagok zuen argindarra–, baina espero dute "goizean konpontzea".
Normaltasunera itzulera?
Itzalaldiaren arratsaldean bezalaxe, hornidura itzuli ahala joan dira zerbitzuak berreskuratzen, eta hala egingo dute astearte honetan ere. Hortaz, Hego Euskal Herrian behar bezala funtzionatuko du guztiak oro har, besteak beste, Espainiako zenbait lekutan ez bezala, Hego Euskal Herriko ikastetxeak zabalik egongo dira.
Funtzionatzen ari ez dena, goizeko lehenengo orduetan, Renferen Cercanías zerbitzua da Bilbon eta Donostian. Bai, ordea, partzialki Nafarroan.
Bilboko metroa goizaldean hasi da lanean, eta Euskotrenen zerbitzua dagoeneko %100ean ari da funtzionatzen; berreskuratu dute Ermua eta Durango arteko ibilbidea, itzultzen gehien kostatu dena.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545