Astelehenero 8:00etan zure epostan
Gaueko 21:00etarako, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako %85era itzuli da hornidura energetikoa, eta Nafarroan, berriz, %50era. Egoera okerragoa bizi dute Espainian eta Portugalen: hurrenez hurren, argindarra lurraldearen %25era eta %10era iritsi da.
Sare elektrikoa erabat erori da Iberiar Penintsula osoan. Kalteak eragin ditu leku guztietan, hala nola osasun etxeetan, garraio-zerbitzuan, lantegietan, ikastetxeetan...
Aurrekaririk gabekoa izan da. Argindarraren sare guztia erori da Iberiar Penintsulan. Itzalaldia 12:30ean izan da, kolpetik, eta hornidura 13:15ean hasi da berreskuratzen zenbait lekutan. Lehenengotariko lekuak Gipuzkoa ekialdeko biziguneak izan dira, eta apurka-apurka joan da zabaltzen, iparretik eta ekialdetik, hegorantz eta mendebalderantz. Espainiak Frantziari eta Marokori erosi dio energia, eta horregatik hornitu da argindarra penintsularen ipar-ekialdetik eta hegoaldetik. Ipar Euskal Herrian minutu gutxi batzuetan soilik erori da sarea, Biarnoraino, sare energetikoak lotuta daudelako.
13:30 aldera hornitu da Donostia, eta herrika eta auzoka, gero eta barnerago edo mendebalderago, orduan eta berantago heldu da argindarra. Baina arratsaldeak aurrera egin ahala joan da oro har normaltasuna berreskuratzen. Esaterako, Gasteizko Alde Zaharrera 15:15ean heldu da argindarra, eta Iruñera 15:30ean. Hainbat lekutan, ordea, luzatzen ari da itzulera; mantso doa Bizkaian. 18:00etan argindarrik gabe segitzen dute Eibarren, Lekeition, Ondarroan, Amorebietan eta Basaurin, besteak beste; herrigune osoan ez bada ere, hainbat auzotan. Gauza bera Deban eta Leitzan. Hernanin eta Astigarragan, esaterako, 21:00 aldera berreskuratu da.
Espainiako Estatuan egoera are kaskarragoa bizi dute: gaueko 21:00etarako, lurraldearen %25era inguru iritsi da atzera ere argindarra. Bereziki okerren penintsularen erdialdean eta Madril hiriburuan daude; Bartzelonan, esaterako, 17:00ak aldera hasi dira jasotzen, eta pilatu diren auto-ilarak ez dira nolanahikoak izan: hogeina kilometrokoak Madrilen zein Bartzelonan. Portugalen ere arazoak dituzte: 21:00etan, lurraldearen %10era heldu da energia.
Zerbitzuak, berrartzen
Horniduraren arabera ari da normaltasun itxura itzultzen, bai behintzat zerbitzu nagusiei erreparatuta. Esaterako, 16:00etan berrekin dio Euskotrenek Deba eta Hendaia arteko tren zerbitzuari, baina ez Eibarreraino, eta Bizkaian soilik Amorebieta eta Bermeo artean.
Bilbon, metroa geldirik izan da 20:00ak arte, eta ordu horretan berrartu dute linea bat. Tranbia, berriz, geldirik. Gasteizkoa 18:30ean hasi da funtzionatzen. Espainiako Gobernuak kudeatzen dituen Renfe tren guztiak, esaterako, geldirik egongo dira bihar arte.
Kalteak egunerokoan
Kolpetik jausi da hornidura energetikoa, eta egunerokotasuna aztoratu du erabat.
Osakidetzan ordenagailuak itzalarazi dizkiete langileei, energia sorgailuak oinarrizko zerbitzuetarako baliatzeko; osasun etxeetako urgentziazko hainbat prozedura ez dira egin. Garraioan ere arazoak eragin ditu, tartean semaforoek ez baitzuten funtzionatzen, ezta tuneletako argiek ere, eta tren eta tranbia zerbitzua bezalaxe, metroa ere gelditu egin da Bilbon. Horietan harrapatuta geratu dira bidaiariak, baina larrialdietako energia sorgailuek lagunduta heldu dira hurrengo geltokira. Aireportuak ere gelditu egin dira. Ikastetxe ugari ere itxi dituzte, tartean EHU eta Deustuko Unibertsitatea.
Igogailuak ere energiarik gabe geratu direnez, suhiltzaileek interbentzio ugari egin behar izan dituzte, are gehiago hornidura iristea kostatu den lekuetan. Gutxienez 230 esku hartze izan dira Hego Euskal Herrian. Tartean, 11 pertsonak hiru ordu eman dituzte Eibarko igogailu publiko batean.
Merkataritza dendak itxi egin dituzte zenbait lekutan, ezin baitzen ordainketarik egin, ez behintzat sareari loturiko jarduerak. Kanpoaldera atera dira langileak, ondoko Donostiako argazkietan ikusten den moduan.
Itzalaldiaren bitartean mugikorren datu ibiltariek funtzionatu dute soilik, baina hori ere mantso joan da, eta konpainia batzuk ere erori dira.
Arrazoiak, argitzeko
Gobernuek krisi mahaiak deitu dituzte arratsalderako, eta prentsaurrean agertzen lehena Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sánchez izan da, iragarritako ordua baino ordu erdi berantago. Ordurako zazpi ordu igarota zeuden itzalalditik.
Aurreko orduetan sare eta komunikabideetatik egin bezala, "lasaitasuna" eskatu du gobernuak, larrialdi zerbitzuen erabilera egokia eskatu du, eta bereziki azpimarra egin desinformazioan. Izan ere, goizean zehar zibereraso eta sabotaje bat gertatu izanaren hotsak hedatu dira hainbat hedabideetan, nahiz eta Europako Batasuneko Zibersegurtasun Agentziak gezurtatu egin duen halakorik. Sánchez presidentearen esanetan, Espainiako Gobernuak ez du hipotesirik baztertzen, ez baitu ondorio batera iristeko moduko informaziorik, eta espekulaziorik ez egiteko eskatu du.
Espainiako Red Eléctricak, bere aldetik, arratsaldearen lehen orduan esan du "ezohiko akatsa" sortu dela instalazioetan, inolako xehetasun gehiagorik eman gabe. Portugalgo energia hornitzaile enpresak, berriz, Espainiakoari egotzi dio errua, eta detaile gehiago eman: tenperaturen muturreko aldaketak eraginda, "bibrazio atmosferiko bat" gertatu da eta akats hori konpontzeko Espainiako zerbitzuen sinkronizazioek "huts" egin dute.
Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradales 19:30ean agertu da prentsaren aurrean, hura ere agindu baino ordu erdi berantago. Sánchezen ildo beretik, "lasaitasuna eta patxada" eskatu ditu Pradalesek, eta aurreikusi "orduak edo egunak" beharko direla normaltasunera itzultzeko; alegia, balitekeela joan-etorrian ibiltzea datozen orduetan.
Erorikoa 12:30ean
Ondoko irudian ikusten den moduan, Espainiako sare elektrikoaren eskaria erori egin da, azkar, minutu gutxiren buruan. Euskal Herrian kolpea 12:45 aldera jaso da. Gero, enpresa hornitzaileak esan duenez, 13:00etan aktibatu du "birjartze plana", alegia, den-dena erorita egotetik apurka martxan jartzekoa, baina batik bat igoera 13:30ean izan da.
Kolpetik jaitsi da, eta berreskuratzea apala ari da izaten, iragarri bezala. Irudian ikusten den lerro horia Espainiako Estatuko energiaren uneko kontsumoa da, berdea aurreikusitakoa, eta gorria programatutakoa. Ikusten den moduan, arratseko 18:00etan, kontsumoa aurreikusitakoaren erdia da.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545