Asteroko buletina
Done Emeteri Zeledon (martxoak 3) porrua ereiteko aro on

Zangozako meatze polemikoa aurrera ateratzeko legea moldatzea eskatu du Nafarroako Gobernuak

Nafarroako Gobernua ezustean harrapatu du Zangozako Muga meatze proiektuari Justiziaren arlotik emandako ostikadak. Hala onartu du Mikel Irujo Trantsizio Ekologikoko kontseilariak. Espainiako Meatzeen Legea aldatu beharko litzatekeela esan du eta ez du argitu Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiari helegitea jarriko ote dioten.


2024ko urriaren 25a
Muga meatzearen ahoa izango litzatekeenaren lehen fasearen irudi bat.

Euskal Herriko eta Espainiako Estatuko meatze proiektu handiena da Zangozan eta ondoan dituen Aragoiko hainbat herritan aurrera eraman nahi duten potasa ustiatzeko Muga proiektua. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak foru erkidegoko ustiaketa baimena bertan behera uztea ez da, hortaz, txikikeria bat.

Irujok ez du argitu epaiari helegitea jarriko ote dioten, "xehetasunez aztertzen" ari direla esan duen arren

Nafarroako Gobernuko Trantsizio Ekologikoko kontseilari Mikel Irujok asteazkeneko Gobernu kontseiluaren ondorengo prentsaurrekoan lehen balorazioa egin du eta proiektuaren tramitazioan egindako kudeaketa defendatu du. Hala ere, onartu du proiektu bakarrarentzat hiru baimen eman direla eta Espainiako Meatzeen Legeak halako zerbait egitea eragotzi dezakeela interpretazioen arabera, auzitegiak esan duen moduan.

Baina segidan "konstituzioaren aurrekoa" den 1973ko lege horren kontra egin du eta esan du aldatu egin beharko litzatekeela. Era berean, Nafarroako Foru Erkidegoaren eskumena defendatu du meatzeen arloari dagokionez. Irujok, baina, ez du argitu epaiari helegitea jarriko ote dioten, "xehetasunez aztertzen" ari direla esan duen arren.

Zangozako Udalak "ez zekien ezer"

Justizia auzitegiaren epaiak erreakzio gehiago eragin ditu. Zangozako Udalak oharra kaleratu du bere iritzia ematen eta adierazi du ez zekiela "emakida arriskuan jar zezaketen arazoak zeudenik".

Azaldu du udalak ez duela "inolako zerikusirik" orain arte egindako kudeaketa eta tramitazioekin eta Nafarroako Gobernuko ordezkariekin biltzeko eskatuko duela. Nolanahi ere, "estrategikoa" iritzi duen proiektua aurrera ateratzen ahaleginduko dela berretsi du Zangozako Udal Gobernuak (UPNren esku), gobernuarekin eta enpresa sustatzailearekin "batera".

Zangozan, Herri Onurako Mendietako hamabi lur zati erabiliko dituzte meatzea egiteko eta norbanakoen beste hogei partzela edo terreno espropiatuko dituzte, udalaren eskariz.

Muga meatzeak hartuko lituzken lurren mapa bat, Geoalcali enpresaren txostenetan oinarritua. Zangozako lur publiko ugari ere beharko lirateke proiektua aurrera ateratzeko. Arainfo

50 kilometroko galeriak lurpean

Muga potasa meatzea Geoalcali enpresak bultzatzen du eta Australiako burtsan kotizatzen duen Highfield Resources multinazionala dago bere atzean. Duela hilabete inguru akordioa sinatu zuten hainbat multinazionala txinatarrekin proiektua finantzatzeko.

Proiekturako 600 milioi eurotik gorako inbertsioa behar dela kalkulatu du Geoalcalik. 30 urtez, urtean milioi bat tona potasa erauzi nahi dute lurpetik eta horretarako 3 kilometroko arrapalak eraiki nahi dituzte, 350 metroko sakoneratik hasita 50 kilometroko luzera duten galeriak zabaltzeko Zangozan eta Aragoiko Bal d'Onsellan barrena.

Geoalcalik 30 urtez, urtean milioi bat tona potasa erauzi nahi ditu lurpetik eta horretarako 3 kilometroko arrapalak eraikiko ditu, 350 metroko sakoneratik hasita 50 kilometroko luzera duten galeriak zabaltzeko

Herritarrek osatutako plataformek eta talde ekologistek salatu dute meatzeak sismizidadea areagotuko lukeela Esa urtegitik gertu dauden lurretan, lur hondoratzeak ere eragingo lituzkeela eta egunero 500 kamioiren garraioa jasan beharko luketela inguruko herrietan, minerala Bilboko porturaino eramateko, horrek dakarren kutsadurarekin.

Denera, urtero lau milioi tona hondakin sortuko lituzke meatzeak; hondakin horiek pilatzeko milioika metro kuboko mendi muino handi bat sortu beharko litzateke Zangozako herri lurretan. Ur erabilera ere itzela izango dela diote, 165.000 pertsonek gastatzen dutenaren adina ur beharko du proiektuak, urtero, potasa erauzteko.

Zangozako Muga meategia ustiatzeko baimena bertan behera utzi du epai batek
2024-10-23 | Urko Apaolaza Avila
Nafarroako Justizia Auzitegiak bertan behera utzi du Nafarroako Gobernuak Geoalcali enpresari potasa ustiatzeko emandako baimena, Sustrai Erakuntzak eta Ekologistak Martxanek jarritako helegitearen ondoren. (+)
Guggenheim Urdaibairi loturiko bide baten obrak geldituta daude, helegite baten ondorioz
2024-10-17 | Urko Apaolaza Avila
Eusko Jaurlaritzak epe mugarik gabe gelditu du Muruetan egitekoa zen oinezkoentzako egurrezko pasabide baten exekuzioa, Guggenheim Urdaibai Stop plataformak helegitea jarri ondoren. Museoaren sarbideetako bat... (+)
Proiektu eraldatzaileen bilgune izango da Oiartzun hiru egunez, burujabetzak eta trantsizio ekosoziala ardatz
2024-10-10 | Urko Apaolaza Avila
Urriaren 17tik 19ra Burujabetzak izeneko jardunaldiak antolatu dituzte Oiartzun Burujabek eta Udalbiltzak. Tokiko esperientzia eraldatzaileak ezagutzeaz gain, Gironako alkate Lluc Salellasek eta CUPeko parlamentari-ohi Mireia... (+)
Europako legea bete eta degradatutako natur guneak leheneratzea eskatu diote Jaurlaritzari
2024-10-10 | Urko Apaolaza Avila
Europar Batasunak abuztuan onartutako araudi baten arabera, 2030erako degradaturiko eremuen %20 lehengo egoerara itzularazi behar da. Hori dela-eta, hainbat eragilek Jaurlaritza, natura leheneratu orain dokumentua... (+)
Eta klimaren konponbidea baso eta paduretan ere balego?
2024-10-06 | Urko Apaolaza Avila
Urriaren amaieran Calin (Kolonbia) egingo den Biodibertsitateari buruzko COP16 biltzarra mugarri izan daiteke, lehen aldiz ekosistemen galera jarri nahi delako CO2 isurien eta berotze globalaren... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora