Asteroko buletina
Otsaileko elurrak ongarri hoberena balio du.

Arabako makroproiektuak gelditzeko eskatu dute milaka manifestarik Gasteizen

Arabako hamazazpi talde, elkarte eta herri mugimenduk deituta, milaka lagun elkartu dira larunbat arratsaldean Gasteizen, euripean. Bilbo plazatik abiatutako manifestazioak Foru plaza bete du ibilbidearen amaieran. Arabako landa eremua mehatxatzen duten makroproiektu guztien gelditzea eskatu dute (Albistearen amaieran argazki galeria)


2024ko urriaren 27a

Ez da erraza izango, baina gaurko manifestazioa inflexio puntutzat jo dute antolatzaileek. Garoñan nuklearrik ez oihukatu zen aspaldi batean, baita AHTrik ez, Fracking ez, Haize Errotarik ez, goi tentsioko linearik ez ere… Araban luzea da lurraren defentsan eginiko borrokaren historia: Arabako Mendiak Aske eta Aiaraldeko mendiak bizirik, Aramaixo Bizirik, AHTrik ez Lautada eta Arabako Haranak. Lurraren kontrako erasoen neurrikoa.

Izan ere, interes pribatuak, Eusko Jaurlaritza eta Arabako Foru Aldundiaren bidez, Arabako eskualde askok hamarkadetan pairatutako utzikeriaz eta ondoriozko despopulazioaz baliatu dira makroproiektu askoren kokapena lurralde honetan ezartzeko, Arabako herri txikietan erresistentzia txikia topatuko zutelakoan. Ez ba.

Gaur ere, manifestazio handia egin dute Gasteizen. Aurrekoei batu zaizkie UAGA, Bionekazaritza, Horrela ez Argantzun, Gasteiz eta Arabako Haranak, SOS Margarita, Gorbeialdea Defendatu, ATACA (Asociación Treviño y Álava por el campo), elikadura jasangarriaren aldeko mugimendua, Dikerik ez eta Horrela ez Kuartango. Berriz ere kalean topatu dira azken hamarkadetan Arabako eskualde guztietan mobilizatutako nekazariak, baserritarrak eta herrietako pertsonak, interes ekonomiko handien kontra batzuetan galdu, baina beste batzuetan irabazi dutenak.

Amaierako ekitaldian Idoia Zabaletak eta Unai López de Armentiak nabarmendu dutenez, Araban azken urtetan inposatu nahi duten makrproiektuen zerrenda luzea bezain beldurgarria da. Azkena, Solaria nazioarteko enpresak aurkeztu dituen 30 proiektu fotovoltaikoak, zeintzuen eraginpeko azalera, guztira, 4.200 hektarea ingurukoa izango litzatekeen: hau da, Gasteiz osoaren azalera industrialdeak eta aireportua gehituta. Aipatu dute egitasmo berri gehiago ere, Tuestako hamar hektareako tomate-negutegia edo Zaia ibaiko dike proiektua kasu. Proiektu horien kontra 50.000 baino gehiago alegazio aurkeztu zituzten.

Manifestazioan salatu dutenez, “makroproiektu hauekin biodibertsitatearen suntsipen geldiezinaz gainera, laborantza lurren, baso lurren eta larreen desagerpena bizkortzen ari da”. Modu horretan Arabako landa eremuan bizitzeko apustua egin zuten pertsonak eta komunitateak kaltetuz eta “beraien etxe, herri eta lurrak uztera behartuz”.

Proiektuok “beharrezkoak bezala saltzen dizkigute, gardentasunik gabe, informaziorik gabe eta kaltetutako pertsonenganako errespeturik gabe”, azaldu dute, eta guztien geldiaraztea eskatu dute “enpresa handi hauen lurraldearen harrapakaritza” gelditzeko. Administrazioei, “lurralde antolakuntza eta planifikazioarekin jokatzea” eskatu diote, “etorkizuneko belaunaldiek gure lurraldea eguzki panelez, errota eolikoz eta hormigoiz beteta ikus ez dezaten”. Eusko Jaurlaritza eta Arabako Foru Aldundia lurraldearekin espekulatzen ari direla salatu dute, lurraren defentsan aritu beharrean. Azkenik, “gizarte eragile ezberdinei informazio guztia helaraztea” eskatu dute.

Horrela ez

Deitzaileek nabarmendu dute ez daudela energia berriztagarrien kontra. Aitzitik, “autokontsumorako energia berriztagarriak erabiltzea” proposatu dute, eta ez “hemen makro ereduan ekoiztuz, gero Europan saltzeko”. Izan ere, Arabako fotovoltaikoen ekoizpena Repsolen Zierbenako (Bizkaia) instalazioetara eramatea da asmoa, 100 km luzeko goi-tentsioko kableen bidez.

Erakunde eta arduradun politikoei gogorarazi diete “lurraldea, herriak eta landa-ingurunea defendatzen” dituzten herritarrak “gehiengoa” direla eta “pozez eta ausardiaz” jarraituko dutela borrokan “gure etorkizuna eta etorkizuneko belaunaldiena jokoan daudela dakigulako”.

Auzipetuak eta Mozal Legea

Ekitaldiaren bukaeran salatu dute Araba defenda dezagun mugimenduko bost kide auzipeturik daudela agintaritzaren kontrako delitua leporaturik. Beste kide bati, berriz, Mozal Legea aplikatu diote eta asteartean, hilaren 29an, izango du epaiketa.

 Dos por Dos / ARGIA CC BY-SA
 Dos por Dos / ARGIA CC BY-SA
 Dos por Dos / ARGIA CC BY-SA
 Dos por Dos / ARGIA CC BY-SA
 Dos por Dos / ARGIA CC BY-SA
 Dos por Dos / ARGIA CC BY-SA
 Dos por Dos / ARGIA CC BY-SA
 Dos por Dos / ARGIA CC BY-SA
 Dos por Dos / ARGIA CC BY-SA
 Dos por Dos / ARGIA CC BY-SA
 Dos por Dos / ARGIA CC BY-SA
 Dos por Dos / ARGIA CC BY-SA
 Dos por Dos / ARGIA CC BY-SA
 Dos por Dos / ARGIA CC BY-SA
 Dos por Dos / ARGIA CC BY-SA
 Dos por Dos / ARGIA CC BY-SA
 Dos por Dos / ARGIA CC BY-SA
 Dos por Dos / ARGIA CC BY-SA
 Dos por Dos / ARGIA CC BY-SA

 

Garoña
Doinua: Ternua. 40 urte luzetan mehatxu bat nabarmena, Gu eta gure ingurua guztiz suntsi lezakeena, ez die axola izateak kontra jendarte gehiena, noiz eman behar... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora