Asteroko buletina
Jatea behar bat da, baina buru argiz jatea arte bat da

Txorien migrazioa: enigma eder baina mehatxatu hori...

Txorien migrazioen mapak argi uzten digu hegazti migratzaileentzat pasabide interesgarri eta aberatsa dela Euskal Herria. 350 bat hegazti espezie zenbatzen ditugu negurako kanpora doazenen zein bertara datozenen eta migrazio-bidean atseden hartzeko pausagune dutenen artean. Bizi nahiak eta bizirauteko senak bultzatzen ditu urtean bi aldiz milaka eta milaka kilometro egitera. Fenomeno horri so jarri gara. Gizakion jarduerek eta klima aldaketak dakartzaten kalteak ere ezagutu ditugu, dakigunez, Europako txorien %25 desagertu delako azken 40 urteetan.


2024ko urriaren 23a
Hegazti espezie bakoitza mundu bat da, eta bakoitzak ditu bere berezitasunak. Hala ere, guztiek dute arrazoi berarentzat migratzen: gosea saihesteko.

Eguna txoriei so pasa dezakeen oro kilikatzen duen galdera da ondokoa: nola demontre asmatzen dute bidea urtero munduaren puntu bat utzi eta milaka kilometrotara duten helmuga berera heltzeko? Misterio handi bat da, ornitologoek noizbait argitu nahiko luketena, baina oraingoz erantzunik gabeko galdera izaten segitzen duena. Obserbazioei eta ikerketa zientifikoei esker agertu zaigu lurraren magnetismoari segi, gauez izarren kokapenaren arabera eta egunez paisaiaren arabera aitzinatzen direla, eta orientatzerakoan bistak bezainbat garrantzia duela usaimenak. Baina, hala eta guztiz ere, zaila da sinestea ainara bat beti itzuliko zaigula kabi berera edo ondokora. Zaila da ere sinestea Eskoziatik Euskal Herrira arrano arrantzale txita batzuk ekarri, hemen hazi eta instintiboki migrazioari lotu direla, inork ezer azaldu gabe ohiko helmuga duten Sahara hegoaldera arribatu eta hortik berriz Euskal Herrira itzuli direla. Urdaibai Bird Center-en dabilen ornitologo Edorta Unamunok digu 2013an Bizkaiko kostan abiaturiko berreskuratze programaren berri eman. "Arrano arrantzale bakoitza egun ezberdinetan abiatu zen bakarrik, eta kuriosena da gehienek bide bera hartu zutela eta denak zirela inguru berera iritsi, nahiz eta leku horietarik inoiz igaro ez izan. Gauza bat da genetikoki daukazuna, baina ez dakit ze punturaino horrek ahal dizkien erakutsi arrano arrantzale horiei bidea eta helmuga".

Mundu mailako 10.000 txori espezietarik %19k migratzen du distantzia handi batean eta munduaren bi muturretan egoten direnei dagokionez –35 graduz goragoko Ipar eta Hego latitudeetan direnentzat– %50ekoa da proportzioa. Oro har, negua iragaiteko iparretik hegoalderantz jaitsiko direnak dira guretzako ohikoenak. Hiru multzotan banatu ditzakegu: udaberria eta uda gurean pasaturik udazkenean hegoaldera migratuko dutenak –Iberiar penintsularen muturrera, Afrika iparraldera ala Saharaz hegoaldeko Afrikara–; iparreko inguruak utzi eta negua gurean pasatzera etorriko direnak; eta iparretik hegoalderako bidean –Atlantiko ekialdeko bidea deiturikoa– indarrak hartzeko, gurean geldiune labur bat egin eta aitzina segituko dutenak. Negurako mendietatik lautadara jaitsiko direnak ere baditugu, besteak beste, tuntun arrunta, urritik martxora egonen dena gure artean.

“Espezieak egunero desagertzen dira, baina ez gara joan behar Amazonia arte hori ikusteko, Euskal Herrian ere gertatzen ari da”

Edorta Unamuno, Urdaibai Bird Center-eko ornitologoa

Kantauri itsasoaren eta Pirinioen artean kokaturik, pasabide inportantea dute Euskal Herria txori migratzaileek. Bidaia dorpe horretatik bizirik ateratzeko senak eramaten ditu gure gainetik pasatzera, mendebaldetik itsaso zabala eta ekialdetik mendikate arriskutsua ukanik. Gainera, Urdaibai Bizkaian, Salburua Araban, Txingudi Gipuzkoan, Pitillas Nafarroan edo Ansoteko bazterrak Lapurdin, atseden hartu eta ongi jan ahal izateko gune biziki aberatsak dituzte hemen gaindi. Guztira, 350 bat txori migratzaile espezie zenbatzen dira gure inguruetan. Espezie goiztiarrenak uztailean eta azkenak azaro erditsutan ikusgai ditugu. Milioika eta milioika dira pasatzen, eta ikusgarri ederra du zeruari begira egoteko aukera duenak. Gune batzuk ezagunak dira horrentzat: aipaturiko hezeguneak edota lepoak, tartean, Irati gaineko Organbidexka, Sarako Lizarrieta eta Nafarroako Lindus. Ezin aipatu gabe utzi Bardeak, kasik basamortu den ingurugiro hori gogoko eta ezinbesteko dutelako hegazti anitzek. Organbidexkan pasatzen du denbora LPO Txorien Babeserako Ligan lanean dabilen Xabier Dindartek. Miru beltzei, zikoina zuriei zein beltzei eta zapelatz liztorjaleei "datorren urtera arte" errana die, eta egun hauetan miru gorriak, gabiraiak eta birigarroak ditu ikusgai. Laster usoek eta lertsunek dituzte zeru-gainak apainduko. Orotara hogei bat harrapakari espezie dira Organbidexkatik pasatzen, beste txori ttipi bidaiari andana ere, baina ez dituzte zenbatzen, pasabide largoa izanik ttipiegi direlako kontaketaren momentuan.

Atlantiko ekialdeko bidea. (Irudia: Urdaibai Bird Center)

Espezie bakoitzak bere erara migratzen du: goizago ala berantago, bakarrik ala taldean, gauez ala egunez, pausa ttipi erregularrak hartuz ala distantzia handiak ukaldi bakarrean eginez, ehunka kilometro eginez ala milaka, itsasbazterretik ala mendialdeetatik, espezieka batek bai besteak ez... "Hegazti espezie bakoitza mundu bat da", Unamunoren hitzetan, baina gauza bat dute komunean: erabaki bakoitza bizitzeko senak ondorioztaturikoa dute. Demagun, Sahara zeharkatuko dutenak goizago abiatuko dira, hain justu, basamortuko tenperatura beroenak saihesteko. Espezie bakoitzak du bere dieta propioa eta horren arabera sinkronizatzen dute bidaia. Sekulako bide arriskutsua izaten dutelako. Pentsa zer den mokozabal zuriarentzat Herbehereetatik Senegalera hamar bat egunez egin beharreko bidaia. Ehunka ikusi izan dira aurten ere Urdaibain, gustura, energia hartzen ari. Harri-iraulariak ere ditugu neguan gure artean, Kanadaren iparraldeko Ternua irla utzi, Groenlandiatik eta Islandiatik pasa eta 5.000 kilometroren buruan gure kostaldean ditugunak. Gabai arreek ere dute urtean bi aldiz 12.000 kilometroko Txile-Artikoa bidea egiten –8.000 kilometro eginik euskal kostan pausatuko dira egun pare batez, indarrak hartu eta aitzina egin ahal izateko–. Lurra aurkitu arte ez dute gelditzerik, beraz, hil ala biziko erronka dute ozeanoa trabeskatzearena; mutur batetik abiatzeko erabakia hartu eta nekeari, goseari, deshidratazioari, harrapakariei, haize boladei eta txarrenean, ekaitz bortitzei aurre egin beharrarena. Azken bat aipatzekotan, har dezagun Ipar Txenada (Sterna Paradisaea) Antartikotik Artikora arteko bidea egiten duena, eta santza pixka bat ukanez gero, euskal kostatik itsas zabalean hegan ikus dezakeguna. Urtero 70.000 kilometroko joan-etorriarekin –edo bizian 2,4 milioi kilometrokoa–migrazio luzeena duen hegaztia da.

Beste gune arriskutsua dute Sahara basamortua, eta aukera baldin badute, lehenago geldituko dira. Baina anitz doaz, eta berdin dio hamabost gramoko hegazti ttipia baldin bada. Grasa erreserbak egin eta badoaz ainarak, urretxindor arruntak eta bestelako hegazti andana. Anitz ez dira helmugara helduko. Ornitologoen ikerketei eta segipenei esker badakigu lehen aldian %80 dela hiltzen. Haatik, lehen migrazioa gaindituz gero, errazkiago eginen dituzte ondokoak. Mehatxuaren berri badakite, baina egin beharra dute, geldituz gero, gosez hilen liratekeelako. Elikaduraren izenean doaz, neguan hazi, fruitu, intsektu edota harrapakin nahikorik ez luketelako ugalketa guneetan. Hilabete hotzenak hango beroetan pasa eta itzuliko dira iparrera udaberrian, landareak berriz loratzen jarriko direnean. "Urte luzeetan eboluzionatu dute hegazti migratzaileek, haien kumeak intsektu gehien dagoenean edukitzeko eta elikatzeko", dio Aranzadiko Maite Laso ornitologoak. Hori bai, eguraldi kaskarrenetan gelditzen dira, arriskua saihesteko; baina gehiegi ez, helmugara ahal bezain laster arribatzeko.

Bidean kausituriko oztopo naturalez gain, gizakiok eragindakoak ere dituzte, eta hor hasten da gaiari begiratzerakoan ezinbestekoa dugun antropozentrismoaren kritika. Europan ditugun txorien laurdena desagertu da azken urteetan.

Zingira berdantza lusitaniarra, Euskal Herritik desagerturiko hegazti espeziea. Argazkian, 2004ko uztailaren 24an ikusitako azken alea litzatekeena Unamuno ornitologoaren arabera. Argazkia: Edorta Unamuno
%25 gutiago azken 40 urteetan

"Duela 50 urteetatik hona izugarria da ikustea nola jaisten ari den populazioa, batez ere hegazti arruntena. Euskal Herriko izendegian dauzkagu sorbeltz arrunta, enara arrunta, istingor arrunta... nik utziko nioke 'arrunta’ izendatzeari, zeren ia utzi dute arrunta izateari leku askotan. Lehen oso arrunta zirenak gaur egun benetan gutxitzen ari dira, asko eta asko, kasu batzuetan %95etik goragokoa da desagerpen tasa. Pentsatzen dugu animaliak, hegaztiak, landareak desagertzen direla tropikoetan. Egunero desagertzen dira espezieak, baina ez gara Amazonia arte joan behar. Euskal Herrian ere badaude hainbat eta hainbat desagertu direnak", dio Unamunok.

Urbanizazioak estali ditu gune heze andana –Donostia ala Bilbo hezegune aberatsak izan ziren, paduraz jositako eremu zabalak– eta nekazaritza zein arrantza industrialaren zabalpenak pobretu ditu berriki arte bioaniztasun aberatsa zuten eremuak. Zer erranik ez bidean kausitzen dituzten argi artifizial, linea elektriko, ehiztari, etxeko katu ala garraioei dagokionez. Denboran aitzinatu ahala, kalte berriak dakarzkiegu. Hor ditugu hala nola, eolikoak. Pozoiturik hildako hegaztien arazoa aipatzen du Dindartek: "Aurten sai zuriekin badugu arazoa, batzuk erori dira Pirinioetan eta ez dakigu zergatik, ez da heriotza naturala. Analisiak eginen ditugu baina biziki luze da". Pasabidean dituzten txerritegi alimaleetan diren arratoien kontrako pozoia ematen du adibidetzat: "Arratoi pozoitua berehala jan eta ez dute denek digeritzen. Pozoi horiek debekatzeko desmartxetan gara, baina beti dituzte produktu berriak merkaturatzen".

Laborantza industrialak dakarren intsektiziden zabalpenagatik eta monokulturagatik desagertu da hegaztien elikagaia, eta gosetea zabaldu da beraien artean. Finalki, zifrek argi uzten dute: txorien populazioaren %25 desagertu baldin bada, oihanetan %18 gutiago dira, hirietan %28 eta baserri munduan, haatik, %57 desagertu dira. Laborantzaren bilakaerak ondorioztatu habitaten aldaketa azpimarratzen du Dindartek: "Pentze naturalek dakarten lore dibertsitatean baduzu intsektu dibertsitatea, eta horrek kate guzia azkartzen du. Belar mota bakarra ereiten baduzu, ez diozu deus ekarriko ingurumenari, dibertsitatearentzat tirrit ez du balio". Paisaiari dagokionez, hesi naturalek bioaniztasun eta habitata aberatsa ekartzen dutela oroitarazten du: "Iruditzen zaigu baditugula arbola ederrak hemen, baina ditugunak gelditzen diren bakarrak dira, gaixoak! Normalki kalitatezko hesi batean badira arbola zaharrak, gazteak, patxaranak, elorri zuriak… ez da bakarrik hesi triste bat arbola handi batekin".

“Urte luzeetan eboluzionatu dute, intsektu gehien dagoenean kumeak edukitzeko. Milaka urtez lortu dute sinkronizazioa, eta derrepente [klima] aldaketa dator”

Maite Laso, Aranzadiko ornitologoa
Klima aldaketa, lasterregi datorren aldaketa

Azken hamarkadetako beroketa globalak negu epelagoak eta udaberri goiztiarrak dakartza eta horrek hegaztien egonaldian eragina du, goizago etortzen direlako edo luzatzen dutelako egonaldia. Udaberriko etorrera 5-12 egunez aitzinatu dute azken 30 urteetan. Gizakion agendetan ez da gauza handia 5 eta 12 egun arteko epea, baina hegaztiei heriotza –eta espezieen desagerpena– ekar diezazkieke. Hain zuzen, ugaltze-eremurako etorrera ez badator bat intsektuen agerpenarekin edota haize-laster hotz bat agertuz gero, hiltze kopurua drastikoa izan daiteke. Are gehiago, azken 30 urteetan intsektuen %80 desagerturik denean, agroindustriarengatik. Jakina da ere muturreko egoeren areagotzea dakarrela klima aldaketak: zikloiak, idorteak, tornadoak... nekez iraun dezakete giro horretan hegaztiek. Sahara ere zabaltzen ari da arrazoi beragatik eta ondorio dramatikoa eragin dezake: indar eskasagatik bidean hiltzea –aldaketa hori gabe, jadanik doi-doi lortzen dute zeharkaldia–.

Espezie batzuk, Saharaz gaindiko migrazioak egiten zituen zikoina beltza, adibidez, azken finean, hegoaldeko Europan gelditzen dira orain. Antzarek ere berriki arte gure paisaian pasatzen zuten negua, baina geroz eta gutiago ditugu, egokia zaielako Alemania, Belgika ala Herbehereetako negua. Gurean ikusten ditugu ere berriki arte ikusten ez genituenak, direla arrano-txikia, apo-hontza eta zikoinak. Leku aldaketa horien ondorioz nahiko elikagai izanen ote da guztientzat? Ez da argi, eta bada kezkatzekoa, gosete bat nahikoa delako espeziea desagertzeko arriskuan jartzeko. Ibilbidea aldatu dutenak, hala ere, gutxiengoan jarraitzen dute oraingoz.

Hain epe laburrean gertaturiko klima aldaketa denbora-lerroan kokatuz gero ohartzen gara horrek dakarrenaz: "Glaziazioetatik egon da migrazioa, milaka eta milaka urteetan egon da eta hegaztien garunetan eta gorputzetan oso-oso sartua dute. Orain, bat-batean horrelako aldaketak? 50 urte ez da ezer gure Historian", Unamunoren hitzetan. Ideia bera azpimarratzen du Lasok ere: "Hegazti migratzaileek urte luzeetan eboluzionatu dute intsektu gehien dagoen unean kumeak edukitzeko eta elikatzeko. Eboluzioari begiratu behar zaio. Milaka urtez lortu dute sinkronizazioa eta derrepente hamar urtez aldaketa dator". Pentsa, oraindik ehunka eta ehunka hegazti datoz Bilbo aldera, mapa mentalean dituzten padura desagertu horien esperoan. Goizegi da klima aldaketaren eraginak ondorioztatzeko, baina ez du kentzen kezka iturri dutela ornitologo guziek.

Hegazti migratzaileak behatzeko leku andana bada Euskal Herrian, tartean, Organbidexkako lepoa Iratin. Argazkia: LPO
Gune babestuen garrantzia

Habitatek duten garrantzia ikusirik, guneen babestea ezinbestekoa da, eta hori bide osoan: ugalketa guneak eta neguko habitatak, baita bidean dituzten hezegune eta atseden guneak ere. Finean, korridore babestua izan beharko lirateke migrazio bideak. Badira legedia eta tresna batzuk zentzu horretara doazenak: Europar Batasunak 2009an harturiko Hegaztien Direktiba (1979koa ordezkatu zuena), txoriez gain, arrautzak, ohatzeak eta habitatak babesten dituena eta Natura 2000 sarearen barnean diren Kontserbazio bereziko eremuak eta Babes bereziko eremuak. Baina hegazti desagerpena geldiarazteko, aldaketak sistemikoa izan beharko luke, babestu arren, beste sektoreetan bideraturikoak guztia deuseztatu dezakeelako: "Gure sozioekonomia ingurumenarekin uztartu beharra daukagu. 'Jasangarritasuna' oso berba polita daukagu, baina alde batetik lortua bestetik zapuztu daiteke", Unamunoren hitzetan. Direla pestizidak, makroproiektuak, turistifikazio masiboa, hirigintza... trantsizio ekologiko orokorrik gabe, ez dira nahikoak izanen babes politikak.

Erreportajea bukatu eta entzun dira Dindartek espero zituen lehen lertsunak Baxenabarren, eta Urdaibai aldean oraindik 60 bat espezie ikusi daitezke. Azkenik agertuko zaiena ez dute oraindik hor: txori zezena. Bakoitzak berean pasako du negua, ondotik, otsailetik aitzina berriz hartzeko bidea. Udaberrian oraindik eta lasterrago eginen dute bidea, habia egiteko lekua ukanen dutelako helburu. Ugalketa eta bakoitzak bere leinuaren iraupena ukanik helburutzat, ez dira gehiegi luzatuko bidean. Badakitelako lehen arribaturikoek dituztela habi leku hoberenak hartuko.

"Egungo elikadura- eta nekazaritza-sistemek ez gaituzte autonomo bihurtzen"
Laborantza iraunkor eta herrikoiaren hitzordua den Lurrama azokan izanen da Karine Jacquemart, Frantziako Foodwatch elkarteko zuzendaria. Elikadura-eskubidea herritar orori bermatzeko helburuari tiraka, hainbat ekintza bideratzen... (+)
Komun idorrak instalatu dituzte Hendaiako San Bixente ikastetxean, trantsizio ekologikoaren izenean
Hendaiako ikastetxean komun klasikoak kendu eta komun idorrak eraiki zituzten martxoan. Ikuspegi ekologikoari tiraka, egitasmo orokorrago baten barne dute aldaketa: hondarrak jangelako konpostari gehitu eta... (+)
Espainiako Estatuko makro-etxalde handiena litzatekeen proiektuari moratoria jarri diote Mallorcan
750.000 oilo izanen lituzke Sineu herrian eraikitzekoa duten Son Vanrell izeneko makro-etxaldeak. Ekologikoki kalte handiak eraginen lituzke: amoniako gehien isuriko lukeen Espainiako Estatuko hazkuntza-zentro handiena... (+)
Lapurdi zeharkatzekoa duen AHT proiektuaren aurka mobilizatzeko deia luzatu dute
Lapurdi zeharkatuko lukeen AHT egitasmoa aitzina doala salatu du ingurumenaren alde dabiltzan elkarteen artean osaturiko CADE kolektiboak. Urriaren 12 eta 13rako jarri du hitzordua, Gironda... (+)
Marieneko lurren aldeko hiru atxilotuak aske utzi dituzte, baina otsailean epaituko dituzte
 Apirilean Kanboko Herriko Etxean sartu eta han egindako protestekin lotuta hiru lapurtar atxilotu ditu asteazkenean Frantziako Poliziak. Aske geratu badira ere, otsailean epaituko dituzte. Herriko... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora