Asteroko buletina
Irille ideille.

Jaunttoak, lurra eta herritarrak


2024ko urriaren 25a

Kanboko bi hautetsi nagusiak (auzapeza eta lehen axuanta) errabiatuak dira. Hiru herritarren kontra plainta ekarri dute, Marieneako pentzearen alde protestatzeagatik.  Bigarren aldia da enetzat, goizeko 06:00etan, ohetik ateratzen gaituztela (bizilagunarekin), hamar bat kaguladunek, inarrosean esku burdinak ezarriz, etxea miatuz, eta kaiolan atxikiz egun oso batez. Azken aldi honetan semea eta laborari lagun batekin. Auzi bat gehiago beraz, beste lau inkulpazio, azken aldian neuzkan berdinak (material andeatzea, ehexa eta DNA kentzeari ukatzea…).

Euskaraz mintzatzea ukatu daukute lehen auzian eta azkenik prokuradoreak, frantsesez ez banintzen ari, isiltzeko manatu zautan, mespretxu doinuan, ene euskal izaera lehertuz eta larderiaz agerraraziz ene hizkuntza baliogabekoa zela. Umiliazio hutsa.

Presioa, mehatxuak, kargutik kentzeak, larderia, auziperatzeak, isuna andana bat, hara dauzkaten proiektuen kontra altxatzea ausartzen direnen herritarren kontra. Hauek dira haien armak, erantzunak, beren egitasmo pertsonalak babesteko. Atzo jakin dut aitzina, Bouygues-ek, berriz ere auzitan ezartzen gaituztela lehen auzian jasan genituen kondenak ez direlako aski pisuak horientzat.

Errealitatea gordina baita oraino ere, notable, jauntto, handi-mandien eskutan daukaten sistemak, geldiak bezala atxikitzen gaituztela boterepean, isildurik

Handi-mandien atzaparretan gauza gutti gira herritarrak. Erdi aroan jaunek jopu zauzkaten laborari, jende xumea, lehertzen zituzten beren interes pertsonalak hunkituak zirenean. Aristokrazia erregimenak ahalmen hori ematen zien, gaurkoak, erregimen demokratikoak ahalmen berdintsuak uzten die herriko jaunttoei, gure bozekin jarriak direlarik gehienik dena! Abilezi ederra!

Ematen diegun ahalmena, ez da segurki horretan mugatzen, haien gisa gobernatzen baitute gure lurraldea, interes orokorra sakela zolan atxikiz frangotan. Marienearen jabea ez dabil beharretan, baina auzapezak Kanbo eta Itsasuren artean dauzkan funtsak eraikigarri ezarri ditu, herritarren nahia, laborarien tresna, ingurumenaren zentzuak zangopilatuz, guzien bizkar! Herritar mugimendu oso bat altxatu da neurriz kanpoko operazio horren kontra: tokiko herritarrak, oposizioko hautetsiak, laborariak herria eta lurra zain dauden kolektiboak parean gure jaunttoak dituztelarik dena ukatze, gordetze, gezurra, jukutri, eta zapalkuntza. Eta hori ez balitz aski, Marieneako proiektua ahalbidetu duen Kanboko PLUaren auzian, Euskal Herriko Lurralde Elkargoko abokatuek, gure hautetsi guzien izenean, artalde batek alatzen duen Marieneako pentze ederra, laborantzarako ez duela interesik iragarri dute! Eta pentsa noren alde joan den erabakia? Noraino daramate trufa, mespretxua? Gure herrialdearen errealitatetik arrunt jokoz kanpo doazela, beste adierazpen bat dugu.

Justizia, herritarren izenean jujamendua egiten dutela, hautetsiak herritarren ordezkari direla, daukagu ohiko katexima! Irringarri legoke, ele zuri horietan finkatua den sistemak ez bagintu egiazki enganatzen edo izorratzen. Errealitatea gordina baita oraino ere, notable, jauntto, handi-mandien eskutan daukaten sistemak, geldiak bezala atxikitzen gaituztela boterepean, isildurik.

Higitzen ez denak ez ditu gatinak senditzen! Erne egon gaitezen!

Filipe Lascaray

Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora