Astelehenero 8:00etan zure epostan
Europan hegazti gripeak izan duen gorakadarengatik, azaroaren 10etik aurrera Nafarroako hamabi eta Arabako sei udalerritako etxeko hegaztiek konfinatuta egon beharko dute. Euskal Herrian ez da lehenengo aldia gripe honen harira neurriak hartzen direla; Ipar Euskal Herrian 2016 eta 2020ean hegaztiak hiltzeko neurri zorrotzak ezarri ziren.
Hegaztiei eragiten dien gaixotasun gorakadari aurre egiteko neurri gisa, Nafarroako eta Arabako zenbait udalerritan etxeko hegaztiek konfinatuta egon beharko dute. Espainia Gobernuko Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak ezarritako neurria da, eta Nafarroa 1,1 milioi oilori eragingo diela zabaldu du Noticias de Navarra-k. Hego Euskal Herriko lurralde horietan ez da kutsadura kasurik atzeman, baina azken asteetan Frantzian eta Alemanian ugaritu dira.
Itxialdia ezinezkoa den kasuetan, instituzioek egoera aztertu eta baimena eman ahalko dute oilar aire zabalean edukitzeko, beti ere hegazti basatiak sartzea eragotziko duen txoritegia edo antzeko gailuren bat jarriz gero. Era berean, etxeko hegaztiei ezin izango zaie hegazti basatiak sar daitezkeen biltegietako urik eman, birusa desgaitzeko tratatutako urak salbu. Halaber, debekatuta edukiko dute hegaztiek gainontzeko animaliekin kontaktua izatea.
Hegazti gripeak batez ere ahateei eta antzarei eragiten die arnas aparatuan. Hegaztien artean oso kutsakorra den gaixotasuna da eta kasurik okerrenean heriotza eragin dezake. Aldaketa klimatikoak areagotu egin du azken hamarkadetan hegazti gripea. Airetik kutsatzen den gaitza da, eta pertsonei transmititzeko aukera ere badago, baina ez dago frogatuta pertsonen artean transmititu daitekeenik.
Atzo amaitu zen Lurrama azokan ez zen hegaztirik eta behiri ikusgai egon gaixotasunaren ondorioz.
Ez da gaitz berria Ipar Euskal Herriko laborarientzako. Esaterako, 2016an Dordogne eskualdeari eragin zion, Etxalderen 2016ko artikulu batek dioen modura. Orduko hartan, Frantziako hamabost departamendutan bezalaxe, Ipar Euskal Herriko ahate hazleek produkzio gelditu behar izan zuten zenbait hilabetez. Ondoren, hegaztiak hiltzeko "gomendio" eman zuen Frantziako gobernuak. Eta gerora, gomendio hura agindu bilakatu da 2020az geroztik. ELB sindikatuak hazkuntza txikiei eragiten diela salatu izan du, eta desobedientzia ekintza egin izan ditu.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545