Astelehenero 8:00etan zure epostan
ELAk eta LABek jarri zuten helegitea. EAEko Auzitegi Nagusian izango da epaiketa, astearte honetan, 10:15ean hasita. Bestalde, astelehen honetan erregistratu dute martxoaren 17ko greba orokorrerako deialdia.
Martxoaren 17ko greba orokorra erregistratu dute.
Bi bide ipini zituzten abian gutxieneko soldata propioa lortzeko: batetik, Confebask patronalarekin eseri eta negoziatzea; eta bestetik, Eusko Legebiltzarrean Herri Ekimen Legegilea aurkeztea ia 140.000 sinadura lortuta. Atzera bota dira bi aukerak.
Confebaskek, proposamena mahaira eraman aurretik, uko egin dio bilkura egite hutsari ere. Hiru aldiz deitu dute bilera sindikatuek, eta guztietan errefusatu du EAEko Confebaskek. Patronalak dio eskakizunak "arriskuan" ipini dezakeela enpresen "lehiakortasuna eta egonkortasuna", eta eskumena Espainiako Gobernuari dagokiola, gainera. ELAk eta LABek, kexa adierazteaz aparte, salaketa aurkeztu zuten azaroan. Arrazoitu dute, Langileen Estatutuaren 89.1 artikuluaren arabera, legearen kontrakoa dela negoziazio kolektibo batean patronalak duen parte hartzeko derrigortasunari muzin egitea. "Legezko obligazioa" konplitzeko exijitzen dute.
Astearte honetan aztertuko du kasua EAEko Auzitegi Nagusiak. Bilboko egoitzan izango da, 10:15ean, eta 10:00etara agerraldia deitu dute bi sindikatuek.
Greba erregistratu dute
Iragan abenduan egin zieten Hego Euskal Herriko langileei martxoaren 17rako greba orokor deialdia. Gutxieneko soldata propioaren aldekoa izango da. ELA, LAB, Steilas, ESK, Hiru eta Etxaldek egin dute deialdia. Presio egin nahi diete patronalari, Nafarroako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari, Hego Euskal Herrian gutxieneko soldata propioa edukitzeko, 1.500 eurokoa. Gaur egun, 1.184 eurokoa da Hego Euskal Herrian eta Espainian. Hango gobernuak %3,1eko proposatu du 2026rako, 1.221 euroraino iristeko, baina onartzeke dago proposamena.
Astelehen honetan erregistratu dute greba deialdia Jaurlaritzaren Bilboko egoitzan. "Proposamen zehatza" dela aldarrikatu dute, "lan baldintzen okertzearen eta bizi-kostuaren etengabeko igoeraren" aurrean datorrena. Zuzenean 167.000 langileren egoera hobetuko lukeela diote, horrenbeste baitira hilean 1.500 eurotik behera kobratzen dutenak lanaldi osoan egonda.
Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburu Mikel Torresek erantzun du deialdia "errespetatu" egiten duela, baina ez datorrela bat "arrazoiekin". Torresek dio, patronalaren gisa, eskumena Espainiako Gobernuak duela.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545