Maddalen bero, gaztaiña seguro.

Maite duzunaren bizkar

Elorriotik deitu zidan lehengo batean irratira saioko partaide batek, okaran bat txertatu nahi zuela. Lana noiz egin jakin nahi zuen, baina baita elorria zuela eta ea mentuoin egokia ote zen okaranarentzako. Zer elorri zuen galdetu nion, zuria ala beltza. Biak, erantzuna. Eta nik elorri beltzean txertatzeko, okarana basaranean. Genetikoki hurbilagokoak dira eta txertatutako mentua oinaren gainean errazago itsatsiko da. Biak Prunus generokoak dira, okarana Prunus domestica eta elorri beltza Prunus spinosa. Elorri zuria, aldiz, beste genero batekoa da, Crataegus, familian urrunagokoa eta espezie zabalduena Crataegus monogyna da. Esan nion hobe zuela elorri zurian txertatzeko lanik ez hartzea, elorri zuriak ez zuela okaranaren mentua maitatuko. Politak entzun behar izan ditut, bada, kalean "maitatu" horrengatik. Nola maitatu elorriak? Zer arraiokeria den hori!

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2024ko urtarrilaren 22a
Platanoak eta makalak. Nabarmenak dira zein diren makalak, mihura maite dutenak. Argazkia: Jakoba Errekondo / ARGIA-CC-BY-SA
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Landareek maitatu ezin izango balute bezala… Baina maitasuna ez al da bada horixe? Maita batzuk eta beste batzuk ez. Geuk bezalaxe. Amak sekula miaztu gabeko sasiardia bezala botako luke elorri zuriak okaranondoaren mentua, ez du maitatuko.

Landareen arteko maitasunak historia luzea du. Adibide ugari dago, baina orain zuhaitz eta arbola biluzietan hain garbi ikusten den mihura (Viscum album) borobilaren maitasunen historia luze-zabal ederrekoa da.

Zuhaitz eta arbola askok mihura maite dute, eta haien adarretan sustraiak bermatzen ditu eta ezartzen da. Sustrai horiek ostatatzailearen izerdia zurrupatuko dute, haren bizkar bizitzeko. Badakizu, maitasuna ematea da, eman eta eman; nahiz eta hartzaileak zeu akabatu.

Askoren gainean ikusiko duzu mihura, ehundik gora espezieren bizkarroi dela diote: sagarrondo, udareondo, mizpira, makal, lertxun, sasiakazia, ezki, elorri zuri, sahats eta zume, arbendolondo, lizar, urki, otsolizar, astigar, hurritz, xarma, gaztainondo, gereziondo, intxaurrondo, almez edo basaka eta abar. Haritzen edo zumarren bizkarretan ez duzu berehalakoan topatuko. Aline Raynal-Roques botanikari frantziarrak zioen haritzak hesi kimiko bat eraikitzen duela, mihuraren sustraiak adarrean sartzea eragozteko; haritz oso bakan batzuek gabezia genetiko bat dutela eta hortik apur horietan mihura sartzea. Eta ez omen da inoiz ikusi platanoan edota pagoan.

Gure etxepeko erriberatan errioaren ertzean platanoa oso zabaldua da, eta tarteka makalen bat ere bada. Nabarmenak dira zeintzuk diren makalak, mihura maite dutenak. Platanoak hor bizi dira ageriko maitalerik gabe; beno, ez, oso gustuko dituzte platanoak liztor asiarrek, beren habi erraldoiak maiz ikusiko dituzu platanoaren bizkarretan.

Eta burumaitale ona da, baita ere, mihura: beste mihura bat maita dezake eta haren bizkarrean, bere bizkar, bizkarroi bizi.

Gaztaina nor bazeneko lanak
2026-11-09 | Jakoba Errekondo
Kirikinoak badu bere hesia. Kirikinoari gure bailaran “morkotsa” esaten zaio, baina han-hemen atso, karlo, arrotx, katakoskol, ardots, kormuts, arbots, lokots, mutxur, sokor, sokal, morkol, sokoil,... (+)
Nafarroako eta Lantarongo intxaurrak
2026-11-02 | Jakoba Errekondo
Duela ehunen bat aste izan zen. Urte pare bat bada Agur intxaurrondo, agur izenekoa idatzi nuela orri honetan bertan. Hartan nioen urak Atlantikora isurtzen ditugun... (+)
Asko ez da beti aski
2026-10-26 | Jakoba Errekondo
Bizi da ala hil da? Nola jakin aurtengo beroaldi eta lehorraldi gordin eta mokor hauen ondoren ihartu den arbola bat hil den ala bizi den,... (+)
Ardoa eta azukrea
2026-10-19 | Jakoba Errekondo
Ospatu beharra dago! Azkenaldi honetan ospakizuna ospakizunaren atzetik dugu inguruan. Horrelakoetan etxeko sagardoa nagusi da; dagoeneko upel, bukoi eta barrikak irakiten ari dira, hurrengo urtean... (+)
Babazaletzea
2026-10-12 | Jakoba Errekondo
Bada istilu eta nahaste-borrastea. Bada, izan ere, baba. Noizkoa ote da “baba” izena? Eta zer landare izendatzen zuen lehen hartan? Eta zer landare izendatzen du... (+)
gora