San Mark, arthorik baduk, lurrerat emak.

Maihaltza, maiatzeko haltza

Maiatzeko ilgora da haltza mozteko garaia. Haltza (Alnus glutinosa) zuhaitz ugaria da isuri atlantikoan, batik bat ura den inguruetan. Erreka, ibai eta errio bazter, ur ustel, padura, izaga, istil, ihidi, parta, zidoi, zingiradi, zi-porro, buztin-lur, bartale, lintzura, hika, kintara, trokatze, lintsa, ixkernu, laku, txongolo, urmael, uzulotxar, aintzira, osin, sistuki, potingo, leputza, argune, urasetutako sail, inta, ihiztoki edo ihiztoka, haltza ez da urruti ibiliko. Non urtza, han haltza. Haltzadiak eta haltzagak ekosistema aberatsak izan ohi dira. Uraren inguruan bizitza pilatu egiten: txori eta hegazti zarbaje trinkoan; onddo eta perretxiko eta belar eta zuhaixka itzalzale lur hezean; amuarrain, zarbo eta ezkailu dabilen urak lurra eraman eta urpean bistaratutako sustraien babesean.  

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2023ko maiatzaren 15a
Argazkia: Andreas Rockstein CC-BY-SA-2.0
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Orain, maiatzean, izerdi berria puri-purian dabilenean, belar, zuhaixka eta zuhaitzetan behera eta gora, ilunpe ederra dago haltzuetan. Begiak eta ikusmena egokitutakoan aukeratu behar haltz zuzenena, luzeena edo dena delakoa. Zuzen-zuzena da ia beti haltzaren enborra, eta bere eiteak koniferoen konoa dakar gogora. Izerdi patsetan bota haltza eta, ahalik eta zuzenen eusteko, lehortu artean ez kopatzeko edo bihurritzeko, zuritu eta lotuta jartzen da lehortzen.

Zuzen-zuzenari eustea komeni, gero gozo-gozo eta malgu okertzeko, ez krakateko eta ez printzetan ez pitzatzeko. Horixe helburua: zuzen atxiki gero nahi dugun eran okertzeko. Hori da ilgoran eraitsitako haltzaren zuraren izaera miragarria. Urte garai honetako ilgoran, izerdia bor-bor, tutuak zabal-zabal eginda ditu haltzegurrak, batez ere gizenaren aiekak, baina baita giharrarenak ere. Moztutakoan eta lehortzen denean izerdi hori galduko du eta tutu zabalak geratuko dira. Hori litzateke haltzuraren malgutasunaren erantzulea.

Malgutasun hori ederki asko erabiltzen dakigu. Haltzura lanean edo indarrean jartzen denean okertu eta gero bere zuzenera etortzen da, baina baita oker horren inguruan geratzen ere. Okertu behar handirik gabeko lanetarako ere erabili izan da: aulki hanka, eskalapoin eta abar. Baina ikaragarrizko okertze eta kakotzeak jasango dituzten piezek eman diote sona haltzari. Gainagak edo gurtagak gurdiaren kargari (belar ondu, inaurkin, ote, arta zuztar…) gainetik, ezpatatik ezpatara botata, tiraka okertuz eusten dio. Pieza luze hori beti haltzazkoa ezagutu izan dut. Lukainka edo artaburu, zintzilik airean eutsiko dituen alzurruna edo altzaga ere okertu bai baina apurtu ez. Tolarean ere hodiak, patsolak eta beste piezak egiteko haltza erabili izan da, indar galantak eraman eta bueltan berera etortzen dena. Itsasontzietan haga, bela-haga, berga eta bela-zurruna deitzen diren mastak egiteko, beti haltza. Baita anguletan erabiltzen den bahetzarraren bahe-kirtena ere.

Lan gogorretarako zur malgua. Lanean ari den artean zailduta dago, baina, hori bai, lanaren tinkotasuna ahaztu eta bazterrean utzita makaldutako haltza aitaren batean joko du pipiak. Izan ere, izerdi beltzetan zela bota eta lehortu bai baina maiatzeko izerdi gozoaren azukrea han geratu zen, pipiaren gutizia. 

Araba, patataren gotorlekua
2026-06-15 | Jakoba Errekondo
Gozoena orain da, atera lurpetik eta jan. Patata da, noski (Solanum tuberosum). Orain dago jateko bere onenean eta seinalea erakusten digu: loratu da. Lorea zabaltzen... (+)
Paleolitotik Neolitora Mirandetik barrena
2026-06-08 | Jakoba Errekondo
"Euskaldunak oraindik entzun ditzake bere barruan ametsari egoak aske uzten badizkio, antxiñako gudateen aranotsak, leenagoko euskal-zalduntasunaren deia”, idatzi zuen Jon Mirandek. (+)
Sua mahastiari
2026-05-29 | Jakoba Errekondo
Maiatz fresko eta haizetsuak urtea oparoa egiten du”, dio esaerak. Aurten, nekazarien ikuspegitik, maiatz txatxu xamarra izan da. Freskoa eta haizetsua, baina baita euritsua ere.... (+)
Intsusaren xirmi-xarmak
2026-05-25 | Jakoba Errekondo
Intsusaren lorea badoa. Edota puska batean gure artean geratzeko eska diezaiokegu. Eskatu baino gehiago, gonbidatu. Limurtu eta gure arteko istorioa gozoa izango dela jabearazteko matte-matte... (+)
Sagardogintzaren zurajea
2026-05-18 | Jakoba Errekondo
Zurajea etxea da. Edozein tresna edo eraikuntzaren egitura da etxea. Gurdiak gurtetxea du, orgak orga-etxea eta xarretak xarreta-etxea; areak arretxea; goldeak golde-etxea; dolarearen egitura dolare-etxea... (+)
gora