Asteroko buletina
Urrian bota ongarri, araberan uzta berri

Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2024ko apirilaren 22a

Artzain txakolingile bizkaitar batekin aritu naiz bart eta bere iritziz txakolina egiteko hartzen den urte luzeetako bideko une garrantzitsuena mahastia non kokatu aukeratzea da. Sail nahiko izanagatik, han edo hemen non landatu, tokia eta lurraren ezaugarriak dira gako nagusia.

Porru-haziez gain, gero eta gehiago entzuten da “lurra” hitza. Bizi Baratzearekin han eta hemen nabilenean, "tomateak ongarritzera goaz" edo "patatak jango duen simaurra nola zabaldu" edo "sagastia kortaiztu beharko genuke" edo "arrosatzeak noiz luhumendatu behar ditut" edo antzekorik entzuten dudanean inon inoiz esatea ahazten ez zaidana zera da: ongarritu, luartu, luhumendatu, sastu, kortaiztu, simaurtu lurra egingo duzu, lurra osatzera zoaz eta gero, agian, landareari emango dio. Guk landareen alde egin dezakegun lan nagusia lurraren biziari eustea da, eustea eta ahal izanez gero biziagotzea.

Lurra hiru Mz osatua dago: azpian duen Minerala, gainetik doakion Materia organikoa eta bizia ematen dioten Mikroorganismoak. Bizi hori sustatzea da ongarriketaren helburu nagusia; zenbat eta bizitza gehiago, orduan eta errazago mugituko dira mineralak eta landareak errazago hartuko ditu, hobeto elikatuko da. Bizitza hori, mikroorganismoen kopuruak eta horien kemenak, bizitasunak eta bizkortasunak haziko edo zapuztuko dute.

Lurrean izaki misteriotsu eta liluragarri ugari bizi da. Batzuk, makroorganismoak, begi hutsez ikus daitezke, hala nola zizare, armiarma, inurri; tamaina ertaineko eta txikiko fauna ere hor bizi da, akaro, nematodo, protozoo, eta ttikietan ttikien onddo, bakterio eta abar. Lur metro koadro batean1.000 fauna espezie aurki ditzakezu eta “eskukada” batean mikroorganismo gehiago dago planetan jendea baino.

Esaterako, lur metro koadro batean, 350 milioi bakterio espezie, 63 protozoo espezie, 4,5 milioi ameba, 50 ehunzango, 500 zizare, 1,9 milioi nematodo, 745 termita eta 2.150 inurri zenbatu dira. Horra, lurrek munduko bioaniztasunaren laurdena altzoan dute eta bertan bizi diren espezie guztiek beren artean eta landareekin eman-hartu biologiko konplexuak eraikitzen dituzte eta elkarrekin gure hankapeko ekosistemetako mantenugaiak eraldu, eraldatu eta birzirkulazio bidean jartzen dituzte.

Landareen egoera ulertzeko, beren arrakasta edo porrota atzemateko, lurrera begiratu. Eta noski, jan nahi badugu lurra elikatu, lurra bizitu. Eman eta hartu.

Ilarraren entzumena
2024-12-23 | Jakoba Errekondo
Laster urte guztian izango ditugu malko ilar goxoak (Pisum sativum). Oraindik, ordea, negua eta udaberria dira, ia erabat ilar freskoak jateko sasoia; udaberrian jango ditugun... (+)
Txokolate menpekotasuna negozio
2024-12-16 | Jakoba Errekondo
Txokolatea kakaotik sortzen da. Kakaoak Theobroma cacao du izena; Theobroma hitzak “jainkoen janaria” esan nahi du. Aspaldikoa da txokolatearen gurtza; jainkoena zena azkar asko egin... (+)
Ilarretan dilista nafarra
2024-12-09 | Jakoba Errekondo
Zeruka, zeru bete on dakar zerukak. Zeruka, magitxa, magintxeta, mihauria, magina, baina, ilar-axala, mantxa, teka edo, ezagunena, leka. Lekak barruan dakarren leka-gauza, leka-bihia, lekalea edo... (+)
Gintonikaren ezkontza
2024-12-02 | Jakoba Errekondo
Bart arratsean izan da. Etxekoak gintonikari zurrupaka. Ni aspaldi dibortziatu nintzen gintonikarekin. Ginak oso gogoko ditut, hortz-haginak ur, baina tonikak ezin edan ditut, gozoegi eta... (+)
Birigarroak zirinetan heriotza
2024-11-25 | Jakoba Errekondo
Datozen 100-150 egunak erdi lo negukatzen igaroko dituzte landare askok. Beren jakiak sortzeko nahitaezkoak dituzten hostoak askatu eta aurreko 200-250 egunetan metatutako erreserbei esker biziko... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora