Salbia baratzean, sendagilea urrutian.

Herrik bere lege, etxek bere aztura, Herri Ekimen Legegilea


2026ko maiatzaren 13a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Herri, ekimen, lege. Hiru hitz eder.

Bakoitzeko lehen hizkiekin beste hitz bat osa genezake, tradizio luzekoa den arren hitz kasik ahantzia eta, beraz, askorentzat bitxia.

HEL dugu hitz hori. Iparraldeko klasikoek, eta herriak berak, laguntza eskatzeko dei edo aldarri legez erabilia. Hel!

Esango duzue, sokorru edo sokorri eskea, hel? Ingelesek help! bezala, kasik. Ba bai, kasik, baina kasik baino ez.

Guri, Urdaibai Biosferaren Erreserbari legezko nortasuna aitorrarazteko bidean abiatzekotan garen lehengooi, poza eman digu Herri Ekimen Legegilea HEL aldarriarekin parekatzen dela. Hitzen sorginkeria esaten dena. Urdaibairen magiaren alde.

Ze, herkideok, Erreserbako bihotz delikatuak, landarezko birikiek, txori begiek, urek eta ibaiek –Ur da ibai, Urdaibai– aldarri horixe egiten digutela aditzen dugu. HEL deiadarra.

Deiadar hori Erreserbaren berrogeitik gora urteko historia guztian inoizko larriena izan da azken urteotan, haren bihotzean iltzatu nahi izan duten egitasmoaren erditze minetan bizi izan ditugunetan, ba. Erditzea ez da burutu. Dena dela, bihotz horren min aurrez sentituaren aldarria aditu dugu. Horregatik ba, Urdaibaiko gune minbera horiei, aldarri egitetik hitz egiterako, ahotsa izaterako urratsa ematen lagundu nahi diegu.

Zuok ez dituzue Urdaibai Biosferaren Erreserbaren hel aldarriok aditu? Ez?

Hala bada, esango diguzue beharbada ea nor garen gu, aldarri hori, are Urdaibairen ahotsa aditzen dugula esateko. Burutik ez ote gauden, laster beste ahots batzuk entzuten hasiko ez ote garen. Litekeena azken hori.

Ez dugu uste burutik gaudenik. Halaxe ba, hitzen sorginkerietatik eta inguruaren magiatik antzinako ipuinetara jo beharko dugu. Ipuin hiperlabur batera.

Resurreccion Maria Azkuek bildu zuen, Euskalerriaren Yakintza liburu infinituan. Hona ipuina, geuk moldaturik.

Antzina-antzina izaki den-denak mintzatzen ziren, baita belarrak eurak ere, goroldioa izan ezik. Denei atzendu zitzaien, ahaztu zitzaien goroldioari irakatsi ezinik.

Belarren mintzoa aditzen dugula, bai erokeria!

Ez al zen erokeria handiagoa erreserbako lur eta gune gozoenak, landara, arrain, narrasti, hegazti, lurpeko eta urpekoen bizi-guneak saldu nahia? Horiexen hel! Aldarria belarrietan durundi eginda.

Amerikar indigena haien hitzetara jo beharko dugu, ba? Seattle eta Joseph haienetara?

“Gizon zuriak uste du ingurumenak baduela jabea…”. “Nik ez dut inoiz lurra nirea denik esan, nahi dudan guztia egin ahal izateko. Lurrarekin nahi duena egiteko eskubidea Lurraren sortzaileak baino ez du”... Eta abar.

Esan izan zaigu Urdaibai ez dela indio-erreserba, eta ez, ez da. Esan beharrik ez dago. Gaur hemen aurkezten dugun Herri Ekimen Legegile hau landu dutenak askotariko ahotsak aditzen dakitenak dira. Legearen testua arduraz eta ganoraz taxutu dute. 1.837 hitzetan.

Gaur, maiatzak bederatzi dituela, munduko hegazti migratzaileen egunean, hitzok haien mokoetan jarrita lau haizeetara zabaldu nahi ditugu. Hel daitezen, irits daitezen, Zeelanda Berrira, non gu lako batzuek hango ibai bati,  Whanganui izenekoari, lege-nortasuna ematea erdietsi zuten. 2017an izan zen hori. Bidean eroan bezate albistea Iberiar Penintsulako Itsaso Txikira, zeinak,  iazko otsailetik, baduen bere lege-nortasuna.

Guk gure aldetik zuoi herritarroi helarazten dizuegu ekimena, aliatu bihur zaitezten. Nahiz banan bana, nahiz talde legez.

Adi ditugu Urdaibaiko padura eta arroa, ea gure HEL hau euren HEL aldarriari erantzuteko garaiz iristen den.

Edorta Jimenez eta Erroxeli Ojinaga

Ondo etorri Urdaibai paradisuaren gezur eta iruzurretara
Naturaren zaintzaren ikur da Urdaibai, baina ikusi nahi duenarentzat agerikoa da iruzurra. Gezurrak dira nagusi, pinudi eta eukalipto, txatarrazko lantegi, Panpako lezka, ur zikin eta... (+)
gora