Agorrilak ontzen, buruilak biltzen

Energiaren Nazioarteko Erakundeak zentral nuklearrak irekita mantentzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari

Alemanian zentral nuklearren itxierak izan duen “eragin negatiboa” kontuan izateko eskatu dio erakunde horretako buru Fatih Birolek Pedro Sánchezen exekutiboari. Iberdrola, Naturgy eta Endesa multinazional elektrikoak ere presio egiten ari dira itxiera egutegia atzeratzeko.


2025eko apirilaren 09a
Faith Birol Energiarne Nazioarteko Erakundearen idazkari nagusia, Madrilen egindako ekitaldian hizketan.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Nuklearren lobbya ez dago geldi, eta oraingoan Energiaren Nazioarteko Erakundea (IEA) izan da Espainiako Gobernua “ohartarazi” duena Espainiako Estatuko zentral nuklearren itxiera planak ekar ditzakeen ondorioez. 2019an onartutako desnuklearizazio plan horren arabera, 2027 eta 2035 artean azken zazpi erreaktoreak itxi beharko lirateke Espainiako Estatuan.

IEAko zuzendari nagusi Faith Birolek esan du, energiaren sektoreak asteartean Madrilen antolatutako konferentzia batean, Pedro Sánchezen gobernuak zentral nuklearrak ixteko egutegia “berriz pentsatu” beharko lukeela. Horretarako, Alemania jarri du adibide gisa, eta herrialde horretan zentral nuklearren itxierak izandako “eragin negatiboa” aipatu du. Alemaniak 2023ko apirilaren 15ean itzali zituen bere azken hiru zentralak, eta Fukushimako hondamendi nuklearraren ondoren hasitako trantsizio prozesu baten azken pausoa izan zen.

“Ez da, duela urte batzuk bezala, kontzientzia ekologiko kontu bat. Herrialdeak preparatu behar dira segurtasun energetikoko garai berri baterako”
Faith Birol (IEA)

Birolek egungo testuinguru geopolitiko eta klimatikoa hartu ditu ahotan zentral nuklearren itxieraren kontra jartzeko: “Ez da, duela urte batzuk bezala, kontzientzia ekologiko kontu bat. Herrialdeak preparatu behar dira segurtasun energetikoko garai berri baterako”, esan du.

Hala, nuklearren lobbyaren argudio berak erabili ditu IEAko buruak bere hitzaldian, elektrizitate ekoizpenari lotuak: Ukrainako gerra dela-eta europar herrialdeen “menpekotasun” energetikoa gutxitu beharra, auto elektrikoen eskariaren gorakada, datu zentro erraldoien sorrera, edo klima aldaketaren aurrean etxeetan “aire girotua” eduki behar izatea, besteak beste.

Ekitaldia Energiaren Klubak eta Fundación Naturgyk antolatu dute. Almaraz eta Trilloko zentral nuklearren akziodun nagusietakoa da Naturgy, eta 1.900 milioi euroko etekinak izan zituen iaz. Enpresa horretako presidente Francisco Reynesek pasa den astean eskatu zuen Almarazko itxiera atzeratzea, eta gauza bera egin zuten zentralaren akziodun diren Iberdrolak eta Endesak ere.

Espainiako Gobernua ez da bakarra nuklearren lobbyaren presioa jasaten ari dena. Belgikak, esaterako, berriki onartu du herrialde hartako bi erreaktoreren bizia beste hamar urtez luzatzea; eta Alemanian bertan, eztabaidagai dago itzalitako azken hiru erreaktoreak berriz ere martxan jartzea.

Almazarazko zentral nuklearra, Extremaduran, 1980ko hamarkadan ireki berritan ateratako argazki batean. Ingeniari Industrialen Elkarteen Kontseilua

“Itzul dadila borroka antinuklearra”

Zentral nuklearrak irekita mantentzeko presio horren inguruan hitz egin du Ekologistak Martxan taldeko kide Marisa Castrok 97FM irratian. Azaldu duenez, nuklearren lobbya “kontraerasoan” ari da toki guztietan: “Garoña itxi behar zutenean ikusi genuen bezala, orain Almaraz itxi behar dutenean ere ari gara ikusten gauza bera. Beti egiten dute”, dio militante antinuklearrak.

“Zentral batek, ezarritako egutegitik harago funtzionatzen segi dezan, diru inbertsio ikaragarriak behar ditu (...) Hobe lukete diru hori guztia gastatuko balute benetako energia iturri garbietan"
Marisa Castro (Ekologistak Martxan)

Castrok berrikitan artikulua idatzi du El Salto egunkarian gai horren harira: “Zentral batek, ezarritako egutegitik harago funtzionatzen segi dezan, diru inbertsio ikaragarriak behar ditu bere segurtasuna eta epe luzeko funtzionamendua bermatzeko. Hobe lukete diru hori guztia gastatuko balute benetako energia iturri garbietan eta etorkizuneko teknologietan”. Bere esanetan, energia nuklearrak ez du biziraungo babes publikorik gabe, “eta hori da nuklearren lobbya bilatzen ari dena”.

97FM irratiko esatariak Castrori galdetu dio ea ez ote den “nekagarria” ustez gaindituta zeuden 1980ko hamarkadako eztabaidetara itzultzea. Zentzu horretan, Ekologistak Martxaneko kideak gogorarazi du 1980ko hamarkadan 30 zentral nuklear egin nahi izan zirela Espainiako Estatuan, eta azkenean zazpi besterik ez zirela egin protesten ondorioz: “1980ak itzultzen badira, itzul dadila baita ere borroka antinuklearra”.

Ekologismoaren kontrako oldarraldia AEBetan: Greenpeace 660 milioi euro ordaintzera zigortua
2025-03-20 | Urko Apaolaza Avila
Dakota Access oliobidearen kontrako protestengatik zigortu du Ipar Dakotako epaimahai batek erakunde ekologista, Energy Transfer Partners enpresak salaketa jarri ostean. Standing Rockeko sioux tribuak protesten... (+)
Nola eragingo die AEBen eta Europaren arteko norgehiagokak Euskal Herriko produktuei?
2025-03-13 | Urko Apaolaza Avila
Europako Batzordeak 26.000 milioi euroren inportazioak zergapetuko ditu apirilaren 1etik aurrera, Donald Trumpek altzairuari eta aluminioari ezarritako muga-zergei erantzunez. Enbido-komertzialek jarraitzen badute, Euskal Herrian lehen... (+)
Ura erein daiteke, eta inkek bazekiten nola
2025-03-09 | Urko Apaolaza Avila
Andeetako Altiplanoan, qocha deituriko aintzirak sortzen hasi dira inken antzinako teknikak erabilita, aldaketa klimatikoari eta sikateei aurre egiteko. Ura “erein eta uztatzea” esaten diote: ura... (+)
"Oparotasuna zer den birdefinituta, ulertuko dugu zer dugun irabazteko"
2025-03-02 | Urko Apaolaza Avila
Biologian doktorea, CESIC Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiko ikerlaria eta Madrilgo Rey Juan Carlos unibertsitateko irakaslea, Fernando Valladares (Mar del Plata, 1965) klima aldaketa eta ingurumen... (+)
Repsolek beretzat nahi ditu Urumeako mendiak, Euskal Herriko zentral eoliko handiena jartzeko
2025-02-20 | Urko Apaolaza Avila
Josu Jon Imazen konpainiak helegitea jarri du Eusko Jaurlaritzaren aurrean, Endesari “iruzurra” egitea egotzita. Adarra eta Mandoegi mendien artean 15 aerosorgailu, 28 kilometroko bidea eta... (+)
gora