Asteroko buletina
Eztago ilargia beti bere betean

Laudioko Lamuza Eskolako umeentzako janaria "ezin dela jan" salatu dute gurasoek

Lamuza Eskolako Guraso Elkarteak eskutitza bidali dio Hezkuntza Saileko Sailburu Jokin Bildarratzi jakinarazteko ikastetxeko umeak kexu direla janariaren kalitate eskasagatik. Gurasoek nabarmendu dute bazkaria Logroñon prestatzen dutela eta 120 kilometro garraiatzen dutela Laudiora heldu baino lehen.


2023ko irailaren 21a
Argazkia: Aiaraldea

Lamuza Eskolako Guraso Elkarteak, ikastetxeko familia guztien izenean eta zuzendaritzako arduradunen eta jantokiko langileen babesarekin, eskutitza bidali dio Jokin Bildarratz Hezkuntza Sailburuari. Testuaren helburua eskolako catering zerbitzuaren kalitate eskasa salatzea izan da, zentroak ez baitu sukalderik.

Ikasleen senideek zabaldu dute, nahiz eta ikasturtea hasi berri den, umeen artean gero eta ohikoagoak direla kexak janaria ez delako goxoa eta "ezin delako jan". Ikastetxeko jantokiko arduradunak eta zuzendaritzak berretsi dituzte umeen iritziak.

Halaber, gurasoek gonbidatu dituzte Hezkuntza Saileko arduradunak bazkaria dastatzera, "zaporea subjektiboa dela argudiatu baino lehen".

Logroñon prestatzen dute bazkaria

Familien aburuz, arazoaren iturburua da Eusko Jaurlaritzak irizpide ekonomikoak lehenetsi dituela zerbitzua esleitzean eta, ondorioz, enpresa merkeenaren esku utzi duela lana.

Hain zuzen, enpresa horrek Logroñon prestatzen du bazkaria, eskolatik 120 kilometrora, eta gurasoek azpimarratu dutenez, "ez da ikerketa sakonik egin behar, enpresaren izena Interneten idatzi besterik ez, jakiteko beste Autonomia Erkidegotan ezaguna dela eskaintzen duen zerbitzu eskasagatik".

Eskola publikoaren kontrako enegarren erasoa

Gauzak horrela, Lamuzako Guraso Elkarteak testuinguru zabalagoan kokatu du catering zerbitzuaren gatazka: "Egungo politikek, ekintzen bidez edo ez-egiteen bidez, sistema publikoa desegiten dute, itunpeko ikastetxeak diru publikoarekin indartzen jarraitzen dituztelarik".

Gogoratu beharra dago arazoak eta talkak ugaritu egindirela azken urteotan Aiaraldean hezkuntza publikoaren esparruan. Zabaleko Eskola ixteko asmoa, Aretako Eskolako gelen itxiera edota garraioa ere izan dira mobilizazioak eragin dituzten egoerak.

 

Energia berriztagarrien bonbardaketa Aiaraldean; hogei proiektu eoliko eta fotovoltaiko
Arantxa Tapia buru duen Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko Sailak hainbat proiektu fotovoltaiko eta eoliko eraikitzea aurreikusi du Aiaraldean eta bere asmoek udalen eta administrazio... (+)
Errioxan menuetan zizare larbak izateagatik ikertzen ari diren enpresa eta Laudioko Lamuza Eskolakoa bera dira
2023-09-26 | Aiaraldea
Lamuza Eskolako Guraso Elkarteak kritikak indartu ditu, ikusita janari eskasa ekartzen dien enpresa ikertzen ari direla, Serunion. (+)
Aiaraldean jarri nahi dituzten parke eoliko berrien aurka borrokatzera deitu dute
Eusko Jaurlaritzak iragarritako Ferosca I eta II proiektuen aurka lerratu da Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataforma, “lege-iruzurrean” oinarritzen direla argudiatuta.  (+)
Arantxa Tapiak legez kanpoko 100 proiektu eoliko eta fotovoltaiko sortu nahi dituela salatu du Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformak
Plataformak gogoratu dio Ekonomia Sailburuari ezin dituela Energia Berriztagarrien Sektore Planak baliatu 100 egitasmo inposatzeko, gutxienez, horiek ez badaude Lurraldearen Antolamendurako Zati Planean aurreikusita. Horregatik,... (+)
Natura erdigunean duen jolastoki berria aurkeztu dute Urduñako Herri Eskolako ikasleek
Astelehenean aurkeztu dute Urduñako Herri Eskolako jolastoki berria. Bi urteko metamorfosiaren ostean, espazioa birnaturalizatu, asfaltozko eremua murriztu eta pedagogia berri bati zabaldu dizkiote ateak. Eskolako... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora