Hegazti buruhandia dugu hau, baina ez egoskorra delako, baizik eta fisikoki buru handia duelako. Horregatik da ezaguna hegazti hau, euskaraz erabiltzen diren izen askok bere begi eta buru handiari egiten diote erreferentzia: buruhandi, txorihandi, begihandi, ahohandi… Izen arrunta, aldiz, antzandobi arrunta (Lanius collurio) du.
Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.
TALDEA: Ornoduna / Hegaztia.
NEURRIA: Mokotik-isatsera: 16-18 cm. Hego-luzera: 24-27 cm.
NON BIZI DA? Landazabalean.
ZER JATEN DU? Intsektu, narrasti eta ugaztun txikiak.
BABES MAILA: Europa mailan babestua.
Baserritar eta naturzaleek ondo ezagutzen dute, edo ezagutzen zuten, lehen askoz ugariagoa baitzen. Hiru antzandobi espezie ditugu gurean: antzandobi arrunta, antzandobi handi iberiarra (Lanius meridionalis) eta antzandobi kaskagorria (Lanius senator). Antzandobi arrunta identifikatzeko, kontutan izan beharra dago beste antzandobiek bezala dimorfismo sexuala duen espeziea dela, hau da, ar eta emeek itxura ezberdina dute. Arrek buru grisa eta begiak estaltzen dizkion mozorro beltza daukate. Bizkarra eta hegaleko lumak gorrixkak dira eta bularraldea arrosa dute. Emeak bestalde, arre pikartuak dira eta begietako mozorroa ere arrea dute. Dena den, biek dute moko sendo eta gako itxuradukoa.
Antzandobi arruntak udan zehar izaten ditugu gurekin, espezie migratzailea baita: negua Afrika hegoaldean pasatzen dute. Bere migrazio bideagatik ere bada berezia espezie hau, ez baitute beste askok bezala Iberiar penintsula zeharkatzen. Antzandobi arrunt gehienek ekialderanzko noranzkoa hartzen dute lehenengo, Turkiaraino eta Mediterraneoaren ekialdeko kostatik jarraitzen dute Egiptoraino. Hortik aurrera bai, hegoalderanzko norantza hartu eta Kenia, Tanzania, Zimbaue, Zambia edo Malauira doaz. Udaberrian iparralderantz migratzerakoan ere ekialdetik egiten dute bidea, baina oraingoan, Egiptotik beharrean, Saudi Arabiatik igarotzen dira.
Euskal Herrira heltzen denean gustuko eremu bat eta bertako zuhaitz edo zuhaixka bat aukeratzen du eta bertan umatzen da. Landazabalera loturiko hegaztia da, zuhaitz eta zuhaixkak zelaiekin tartekatzen diren inguruneak ditu gustuko, eta zuhaixkak arantzadunak badira, hobe.
Txori txikien artean, antzandobiak dira harrapariak diren bakarrak. Antzandobi arruntak gehienbat kakalardoak eta matxinsaltoak ehizatzen ditu, baina erle, liztor zein armiarmak bezalako beste intsektu batzuk ere baditu gustuko. Sugandila eta narrasti txikiak, sagu eta satitsuak, edo hegazti txikiren bat ere ehizatzeko gai da. Antzandobi arruntak, bere lehengusuak diren beste antzandobiek bezala, ehizatutako animalien gordailuak egiteko ohitura daukate. Gordailu nahiko bereziak dira: harrapakinak elorriak bezalako arantzadun zuhaixken arantzetan sartzen ditu. Beraz, noizbait intsektu edo satitsuren bat arantza edo alanbredun hesietan sartuta ikusiz gero, antzandobiren bat inguruan dabilenaren seinale.
Gaur egun geroz eta urriagoa den hegaztia da antzandobi arrunta. Mundu mailan populazioak mehatxaturik ez dauden arren, tokian tokian, gurean esaterako, populazioen jaitsiera nabarmena da. Urdaibaiko Biosfera Erreserbako populazioa 2012 eta 2019 artean %70 jaitsi da. Hala ere, kopuru txikietan izan arren, Euskal Herriko eskualderik gehienetan bizi da, nahiz eta lekurik lehorrenetan beste antzandobi espezie batzuek ordezkatzen duten. Antzandobi arruntaren populazioen jaitsieraren eragile nagusiak nekazaritza geroz eta intentsiboagoa izatea eta landazabala uztearen ondorioz ematen den basotzea dira. Seguruenik nekazal arloan pestizidak nolanahi erabiltzeak ere eragina izango du, hauek erabilita intsektuak akabatzen baitira eta espezie hau intsektuez elikatzen denez, harrapakinik gabe geratzen da.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545