Puzker handia kakagura, izotz handia elur-gura.

Landareek diote lurraren berri

Paisaia hautematen dugun hori dela esaten dugu. Hauteman edo sentitu edo antzeman edo nabaritu edo aditu edo begiztatu. Ikus dezagun. Ikusten dugun guztia da paisaia, eta paisaia hautemanez bere bilakaera eta guk (gure aurrekoek eta guk) bertan bizitu dugun historia eta istorioak ezagut ditzakegu. Laster ilar lekak irakurri eta barruko aleak argitara aterako ditugun bezalaxe, paisaia irakurriz bertan dirauten arrastoekin gure birramonen, gure amonen, gure amen, hau da, gure bizimodua azaleratu dezakegu.  

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2022ko otsailaren 07a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Oso-osorik geuk sortu dugun paisaia bizi dugu. Bai, hor ikus dezakegun guztia guretakoren batek egina da. Eraiki, eraitsi, su eman, landatu, kimatu, bota... Dena gure lanen ondorio.

Irautetik bizitzera dagoen tarteko koska leuntzen, bizimodua errazten ikaragarrizko lanak egin izan dira, tokian tokiko naturak bertarako nahiko ez lukeena egin arte. Eta hortik datoz porrotak, naturaren aurkako teknikenak: ongarri kimikoak, pestizidak, transgeniko okerrak eta abar. Gure lan agronomiko egoskor oker horien adibide adierazle askoak dira desagertze ezagunen erreka-jotzeak: gaztainondoarena (Castanea sativa) eta pinu beltza edo azkarra edo intsinis pinuarena (Pinus radiata). Jo gabe baina errekarako bidean da beste ugari: Euskal Herri hezeenean mahatsa (Vitis vinifera), fruta hezurduna ematen duten arbolak (gereziondoa Prunus avium, mertxikondoa Prunus persica, abrikotondoa Prunus armeniaca...), intxaurrondoa (Juglans regia) eta abar.

Bizimodua erraztea gauza bat da, bestea diru gehien egiten duen hura nahitaez jarri beharra, itsu-itsu.

Itsukeria utzi eta ikusten hasi beharko genuke. Begiratu eta ikusi. Eta ikusiz aditu. Aditu, ulertu, atzeman, jabetu, konprenitu, erdietsi eta iskidatu. Jantzi. Horretarako, irakurri egin behar, lurrak dioena irakurri. Toki bakoitzean dugun landaretzak nahikoa esaten digu paraje horretaz, zer den eta zertarako den egokia. Haltza (Alnus glutinosa) lur urtsu edota astunetan hazten da. Uztaoa (Rumex spp.) berdin. Asunak (Urtica dioica) lurrak nitrogeno gaindosia duela dio. Belarri-karatsa edo basakara (Asarum europaeum) ilun, heze eta lurpea karetsua duten tokietan bizi ohi da. Andurak (Sambucus ebulus) eta mendak (Mentha spp) lur aberatsa erakusten dute; ez alferrik Nafarroan honela diote: “Campo de ebrus y mendas, no lo vendas” (Andura eta menda zelairik ez saltzeko). Ezkerte beltzak (Convulvulus arvensis) lur ito astunak eta materia organiko edota nitrogeno gaindosia dutenak erakusten ditu. Oteak (Ulex spp.) lur azidoak, pH baxukoak maite ditu. Milazuloa, hosto-argala, lukurusa edo baita santio-belarra esaten zaiona (Hypericum perforatum) kaltzioa dagoen lurrean etorriko da edo behintzat pH altua duenean; eta toki eguzkitsua dela esango digu. Haritzak (Quercus robur) eta ametzak (Quercus pyrenaica) lur azidoak dituzte gustuko; alderantziz, erkametzak (Quercus faginea) eta abaritzak edo txaparroak (Quercus coccifera) lur basikoak.

Landare adierazleak esaten diegu. Ikusi eta ikasi. Erakusteko daude, ez dago horrelako unibertsitaterik. Hain errazik eta merkerik behintzat ez.  

Euskal Herriko Makaronesia
2026-06-28 | Jakoba Errekondo
Auzune ederrean bizi gara etxekoak. Beheko errioaren inguruko erriberetan bizi diren batzuek inbidia punttuarekin esaten didate, "zuek bai han goi hartan, baratzea egiteko toki ezin... (+)
Bihar ehun urte hasiko dira
2026-06-22 | Jakoba Errekondo
Honela esaten zuen aspaldi ezagutu nuen eta beti erakusteko prest zen gizon jakintsu batek: “Bihar ehun urte hasiko dira”. Gauzak soseguz hartu eta edozertarako beta... (+)
Araba, patataren gotorlekua
2026-06-15 | Jakoba Errekondo
Gozoena orain da, atera lurpetik eta jan. Patata da, noski (Solanum tuberosum). Orain dago jateko bere onenean eta seinalea erakusten digu: loratu da. Lorea zabaltzen... (+)
Paleolitotik Neolitora Mirandetik barrena
2026-06-08 | Jakoba Errekondo
"Euskaldunak oraindik entzun ditzake bere barruan ametsari egoak aske uzten badizkio, antxiñako gudateen aranotsak, leenagoko euskal-zalduntasunaren deia”, idatzi zuen Jon Mirandek. (+)
Sua mahastiari
2026-05-29 | Jakoba Errekondo
Maiatz fresko eta haizetsuak urtea oparoa egiten du”, dio esaerak. Aurten, nekazarien ikuspegitik, maiatz txatxu xamarra izan da. Freskoa eta haizetsua, baina baita euritsua ere.... (+)
gora