Ongarri onena baratzezainaren itzala da.

Kuku kontutan

Aurten zeharo kezkatuta nago: kukuak ez du egin kuku. Egun pare batez entzun genuen, baina handik atzera kuku-soinurik ez dugu izan gure bailaratxoan. Kukutik kukura, urtero gaizki ohituta ginen nonbait kukuaren kuku-kukura, neguaren amaierarekin piztu eta egun luze-beroetan mututzen zen kantura.

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2021eko ekainaren 17a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Gurean kukuak zeresana emana du. Mugarri nabarmena ezartzen du egutegian. Kukua etorri eta eguna ederki luzatzen da, baita gehienon irria ere. Kulturan eta hizkuntzan seinale da. Hizkuntza kontuak beste batzuentzat utzi eta hona hemen kulturako batzuk.

Badakigu kultura kaosa dela, eta eskerrak, izan ere kaosik gabe zer kultura litzateke? Ba gure kulturako landareetan izugarrizko anabasa dugu: kukua gora kukua behera. Eguraldi aldaketak eta gure paisaiaren izerdi berritzeak ekartzen dute kukua udaberriko ekinozioan; kuku-belarrak (Aquileguia vulgaris) loreak ireki eta ubel koloreko “zatoz” goxo bat esaten dionean. Poetak, bere eromenean, alderantziz ikusiko du, kukua dator bere hegaldi bizkorrarekin paisaiak eta loraldiak ernatzera. Hegaldi bizkor hori berezia du kukuak, ia dena bezala: arraren kantu hori, kumeak hazteko alferkeria eta horren ondorioz beste hegaztien habietan arrautzak jarri eta haiek parasitatzea... Nekazariari eta naturatik hurbil xamar bizi denari aukera polita eskaintzen dio kukuak, eta horrek ekarri du anabasa. Kukua hemen den garaian loratzen diren landareei jarritako izen anabasa. Izena jarri zaienekoa ez da ez izango anabasa, baina erabiltzaileok anabasten dugu landare izendegia.

Aipatu berri dugun kuku-belarrari (Aquileguia vulgaris) esateko, beste bi izen behintzat ezagutzen ditut: laufraka eta zeinu-lilia. Laufraka, loreak dituen lau mutturrengatik, eta zeinu loreak behera begira ezkil itxura duelako edo kukuari etortzeko egiten dion zeinuagatik, edo... Zeinu-belarra ere esaten zaio ama birjinaren eskularruari. Horren izen zientifikoa jartzera ez naiz ausartzen, baina guk kuku-praka esaten diogunari (Digitalis purpurea) hala esaten zaio gu kolonizatzen gaituzten erdaretan: gazteleraz guante de las virgen eta frantsesez gant de notre dame.  

Kuku-prakak izen asko du gurean: asto lore edo astolili, kuku-lore, kuku-porru, joane-belar, azkutai, sukar-belar eta ditare-lore behintzat bai. Astolili beste zenbaitzuei ere esaten diegu: mitxoletari (Papaver rhoeas), oin-lodi edo peoniari (Paeonia spp.), dragoi-muturrari (Antirrhinum spp.) eta anbulu gaizto edo lilipa arruntari (Narcissus pseudonarcissus). Mitxoletari ere kuku-belarra esaten zaio. Anbulu gaiztoa edo lilipa arruntari kukupe ere esaten zaio.

Haritzean (Quercus robur) ere kukuari deitzen diote kuku-sagarrek, gero kukua mututzen denean kuku-balak bihurtuko dira.

A zer kuku-saltsa! Hizkuntzarekin aritzen direnei galde egin beharko diegu eta, kukupean hartuta, hiztegiak borobildu, kaosaren alde, noski.

Ardoa eta azukrea
2026-10-19 | Jakoba Errekondo
Ospatu beharra dago! Azkenaldi honetan ospakizuna ospakizunaren atzetik dugu inguruan. Horrelakoetan etxeko sagardoa nagusi da; dagoeneko upel, bukoi eta barrikak irakiten ari dira, hurrengo urtean... (+)
Babazaletzea
2026-10-12 | Jakoba Errekondo
Bada istilu eta nahaste-borrastea. Bada, izan ere, baba. Noizkoa ote da “baba” izena? Eta zer landare izendatzen zuen lehen hartan? Eta zer landare izendatzen du... (+)
Paisaiaren terrenteria hausten
2026-10-05 | Jakoba Errekondo
Loratu dadin negua. Uztak jasotzen ditugu neguan goseak harrapa ez gaitzan. Kalitatezko elikadurak ez gaitu soilik berdintzen, bizitzeko kilokaloriak ematen. Elikadura on batek soinetik at... (+)
Udazkenari ekiten: urrigiro ereingiro
2026-09-28 | Jakoba Errekondo
Gaurkoan, lanera! Uda azkenak eta udazkenaren hasierak badute garai bitxia izateko nahiko zantzu, aizkomenteko urte arrunt xamarretan, behintzat. Eguzki-mugaren indarrik ez du, baina ekinozioa izateak... (+)
Lurzoruaren osasuna neurtzen
2026-09-21 | Jakoba Errekondo
Tomas Gerrikagoitia Urionaguena Alegria baserriko ziortza-bolibartarrak (1909-1997) ederki asko idatzi zuen herri bereko Zeinke auzoko Goikoetxe baserrira morroi joateko esperientzia eta Arantza eta larrosa. Nire... (+)
gora