Asteroko buletina
Martxoaren erdin, gaua eta eguna berdin.

Itxura ahuleko ehiztari ahaltsua

Gaur egun Lur planetan bizi diren intsekturik handienek 30 cm inguruko tamaina izan dezakete, gizaki baten seiren bat, gutxi gorabehera. Horien artean daude tximeleta eta sits erraldoiak edo kakalardo potoloak. Halako izaki harrigarrien aurrean nola bada erreparatu lau zentimetro eskaseko izaki batengan? Antenek bere luzera erdia izanda gainera. Eta izaki hori izutia, erdi gardena eta kamuflatzeko trebea baldin bada are eta gehiago! Hor bada gure protagonistaren osperik ezaren arrazoia. Hala ere, ez du interesa pizteko txinpartarik falta.

Iñaki Mezquita Aranburu
Iñaki Mezquita Aranburu

Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.


2025eko urtarrilaren 27a

Krisopak neuropteroak dira, Neuroptera Ordenakoak, alegia. Ordena horretan, gaur egun, 5.000 espezie inguru ezagutzen dira, hamasei Familiatan banatuta. Intsektu hauek metamorfosi osoa betetzen dute, hau da, lau faseko bizi-zikloa betetzen dute: arrautza, larba, pupa eta intsektu heldua (edo imagoa). Arrautzak zuhaitzetan edo landareen hostoetan jartzen dituzte emeek, hari mehe eta ikusezin batean zintzilikatuta: multzoka edo banaka, espezieen arabera. Larbek bere soinean hondakinak eta zaborrak eramaten dituzte kamuflatzeko. Azalez bi aldiz aldatzen dute, kuskua (kapulua) egin aurretik.

Fisikoki animalia ahula dirudi, bere kolorazioa oso apala da, berdea eta hego garden eta handiek gorputzaren eskasia eta biguntasuna salatzen dizkigute. Antenak luzeak dira eta buruan urre-koloreko eta distira gorriko begi deigarriak dituzte. Pausatzerakoan lau hegoak teilatu modura jasotzen dituzte bere bizkar gainean, eta hegaldi azkar eta motzak burutzen dituzte gordeleku batetik beste batera ihes egiten dutenean. Itxura ahula, bai, baina zerez elikatzen dira ba intsektu lotsati hauek? Ba, gizakiok sarritan esker txarrekoak gara eta ez dugu jakiten gure lagun diren izakiak behar bezala identifikatzen eta are eta gutxiago zuzentasunez baloratzen, krisopak landare-zorriez elikatzen baitira, besteak beste. Kukurutxak (“bitxo-bola” ospetsuak) ere bere elikagai dira, zenbait sitsen beldarrak bezalaxe. Eta bere garrantzia sare trofikoan, elikadura katean, hain da garrantzitsua, beste intsektu batzuen izurriteak kontrolatzeko erabili izan baitira, kontrol biologikoa egiteko. Horrela eraman zituzten Australiara garai batean bertako izurrite batzuk kontrolatu nahian, baina krisopek bertan betetzen ez ziren eskari ekologiko batzuk badituzte eta ez zuten lortu Ozeaniako klima eta baldintzetara egokitzea. Gaur egun, krisopen larben salmenta puri-purian dago, pote txikietan larba mordoska komertzializatzen dira. Larba horiek gautiarrak dira eta egunez apenas ikus daitezke. Larbak kanibalak direnez, ez da lan samurra izaten ordea larba kopuru handiak lortzea!

KRISOPA BERDEA Chrysopa

TALDEA: Ornogabea / Intsektua / Neuroptera Ordena / Chrysopidae Familia.
NEURRIA: 30 mm antenak barne.
NON BIZI DA? Landa lur, belardi, lorategi, baso, hezeguneetan...
ZER JATEN DU? Beste intsektu txikiak, batez ere landare-zorriak.
BABES MAILA: Ez dago babestuta.

Gonbidatu gabeko turista
2016an ikusi omen zuten lehen aldiz Herrialde Katalanetan. Bi urte geroago, 2018an alegia, Xanti Pagola eta Imanol Zabalegui entomologoek Gipuzkoan azaldu zela jakitera eman zuten.... (+)
Une baten eternitatea
Atal honetan behin baino gehiagotan aipatu izan dugu izaki txikien munduan (gurean bezalaxe) itxurak okerrera eramaten gaituela, sarritan. Eta gaur dakarkigun laguna horren adibide garbia... (+)
Korrika egiten duen hegalaria
Beste hainbat intsekturen kasuen modura, hau ere “tigre” hitzaren  itzalpean izendatzen dute herrialde batzuetan. Jakina, halako izena jarriz gero espero zitekeen ehizarako trebetasuna ezin falta!... (+)
Pagadiko erlikia
Kakalardo adar-luze honen irudiak ez du zalantza izpirik uzten: ez du parekorik. Gure lurretan, eta Europa osoan ere, genero honetako espezie bakarra da. Bere tamaina... (+)
Oinutsik dabilen ibiltaria
Gertukoa dugu oso bere irudi bitxia: ur gainean flotatuaz, gu txikitan oheko koltxoiaren gainean korrika eta saltoka ibiltzen ginen antzera. Zentzuzkoa da pentsatzea animalien gorputzak... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora