Astelehenero 8:00etan zure epostan
Hilabete pasatxo Egutegia izeneko artikulua argitaratu nuenetik, eta hemen nago, atzera ere, egutegian kateatuta. Izan ere, egutegia eta errealitatearen arteko disoziazioak presente jarraitzeaz gain, egunerokoan indarra hartu duela esango nuke.
Hausnarrean. Ardiek egin naute artzain liburuaren egilea
Ekainak 22 egun zituen alarma gorria piztu zenean. Gogoratzen? San Joan sua ez zen beharrezkoa izan, izpiritu txar –eta on– guztiak gurekin batera kiskali baitziren. Haizegailuak desagertu egin ziren bezala, ugaritu egin ziren aire girotuaren instalatzeko aurrekontuak. Sistema industrial batzuk kolapsatu egin ziren. Ospitaletako aire girotu sistemak ere bai. Gorriak ikusi genituen. Batzuek, behintzat.
Hemen goian, adibidez. Ardiengandik ikasi, eta haiek, egun beroetan, sekuoia sailean etzanda egoten diren eran, artzainok ere beheko sukaldean aurkitu genuen babesgune klimatikoan gorputzaren mugimendu bakoitza zaintzen genuen. Laugarren egunerako, beheko sukaldea ere bero, ia 30 gradu –ez ziren, behintzat, ohiko sukaldean eta logeletan zeuden 37ak–. Halako batean, arnasa bueltatu, gazta-ganbaran bakarrik bueltatzen zitzaigun.
Jezteko tokia labe bilakatu zitzaigun, goiz eta iluntze. Denok urtzen ginen, artzain eta ardi. Makina bat aldiz pentsatu genuen kanpaina bukatzea, baina urteko diru-kontuak... Ez al diogu eutsiko San Ferminak arte? Baita eutsi ere. Normalean, jetzaldiro jasotako esnea eskertzen diet; egun horietan, bihotza eskaini nien.
Gatzura hozteko makina hondatu egin zen, beroaren beroaz. Esnea hozteko tangaren pantailan malko beltzak azaldu ziren. Gazta-ganbararen motorra lanean, jo eta su. Denean sua.
Hori guztia gertatzen ari zen une berean, egunez egun, belardiek belardi izateari utzi egin zioten. Egun batzuen buruan, jada ez genuen irratiaren beharrik alerten koloreen berri izateko, belardiak nola gorritzen ziren ikustea nahiko zen larritasunaren tamainaz jabetzeko.
Ipar haizea ametsetan bakarrik sentitzen genuela, derrepentean, azaldu zen, eta euri zaparrada ederra oparitu. Gogoan duzue momentu hori? Nik bai. Iluntzeko jetzaldia bukatu berri, ardiak larrera ateratzen ari ginela hasi zuen euria egiten, gogoz. Ez nuen aterkirik nahi. Gorputzean sentitu nahi nituen tanta bakoitzaren atximurra eta azalean behera utzitako arrastoa. Begiak itxi eta zerura begiratu nuen, begiak itxita nituela. Barruraino sartu zitzaidan ipar haizea eta euritan hasi nintzen neu ere, pozarren. Esperantzaz blai.
Zazpi litro utzi zituen iparrak gau hartan. Biharamunean beste bost... Gero euri-lanbroa etorri zen, eta zirimiria... Eta tantaz tanta itzuli zen bizitza gorputz hauetara. Mendiak, ordea, berreskuratu ezinda daude, konturatu zara? Egutegiko orriak pasatzeko desiratzen daudela ematen du, eta dena aurreratu dute hilabete batez, gutxienez. Masustak heldu dira, garoa ihartzen hasita dago, otsolizarrak fruituak agerian ditu...
Hau idazten ari naizela beste beroaldi batean murgildu gara –ez hain gogorra, espero–. Asteotako euriek, ordea, ez dute aurrekoak utzitako beldurra itzali, eta sugeldoan ari da esperantza egosten.
Horregatik, beharbada, min handiagoa egiten dute Loiu abiapuntu edo helmuga duten hegazkinen hotsek. Gure gainetik pasatzen diren horietako askok ez dute sute hauen berri, aire girotu sistemen abaroan bizi baitira. Gaur hemen, bihar han.
Klaseak beti egon dira.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545