Astelehenero 8:00etan zure epostan
Bizitzaren enborra haziz doan heinean, oroitzapenak gogor iltzatu eta pilatzen joaten dira. Eta Donostiako kaian aitarekin izandako bizipenek, nostalgiaren txokotik, itsas kresala malko bihurtuta dakarte, nire bihotzeko hondartza ezkutura. Bertako arrapalan irakatsi zigun aitak anaia eta bioi igerian, “galipot” orbanak hain arriskutsutzat hartzen ez ziren garaian. “Portaviones” inguruan, oinutsik zapaltzen genituen karrakela oskol beltzek “aztalak” gogortuko zizkigutela esaten zigun, itsas-mekanikariaren gasolio usaineko atzapar latz haien laztanik goxoenak jasotzen genituen bitartean.
Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.
TALDEA: Ornogabea / Moluskua / Gastropodoa.
NEURRIA: 2-4 cm.
NON BIZI DA? Ozeano Atlantikoan, Mediterraneoan eta Itsaso Adriatikoan, kostaldeko marearteko zabalguneetan.
ZER JATEN DU? Orojalea da. Gehienbat algak jaten ditu baina, aukera izatekotan, bestelako ornogabe txikiak ere aprobetxatu ditzake.
BIZI IRAUPENA: 5-10 urte.
BABES MAILA: Ez dago babestuta.
“Karrakelak” Donostian, “maolio” nahiz “magurio” Bizkaia aldean, edo “marisco obrero” modura ere ezagunak hainbatentzat, garai batean zuten prezioa iradokiz. Mahai txiki hartan kiloka saltzen zituzten emakume zalapartatsu eta umoretsu haiekin batera desagertu ziren kaitik, bai karrakelak, bai haiek biltzeko paperezko kukurutxoak, eta horrek guztiak biltzen zuena. Egun, debekuen gainetik bertan uretaratzen diren gaztetxoen artean inork izango ote du, garai batean jendeari uretara txanpona jaurti eta murgildutakoan hura eskuratzeko jolasaren eta ohituraren berri? Txanponaren ordez karrakela oskola jaurtitzen zuenik ere bazen, garai batean, bihurrikeria helduen aldetik zetorrenean. Garai batean jostorratzaren laguntzaz oskola hustu nahian zebiltzanen paperezko kukurutxo haiek, egun helatuz bete dira, turismoaren ikur. Eta orduko paisaiaren parte zen oskol beltzez beteriko lur hura ere, oso bestelako zaborrez betetzen da egun.
Urpean, ordea, karrakelak hor jarraitzen du, Europako itsas barraskiloen bederatzi espezieen artean ugariena baita. Haien oskol koniko biribildua 2-4 cm izatera heldu daiteke. Bospasei bira espiral ditu eta hainbat kolore izan ditzake: hala nola gris-marroixka, urdinxka edo gris-berdexka. Barneko gorputza zilindrikoa da, eta bi garro dituen sudur txikia du. Oskolaren barrunbearen sarreran, bizirauteko ezinbesteko duen atala aurkitzen da: operkulua. Izan ere, bere habitata marearteko gunea izaki, ilargiaren indarrak marea jaitsi ahala behar-beharrezkoa izango baitzaio, itsasertzeko putzuetan geratuz gero, oskolaren barrunbe hori urpeko ontzi baten antzera hermetikoki ixtea. Hala, animalia oskol barnean babestuko da, behar duen hezetasuna mantenduz. Horrek aukera emango dio marearteko gunean beste animalia batzuk baino gorago bizitzeko: orduak igaro ahala, lehorrean geratuko diren eremuetan zain izango ditu, marea berriro igo arte. Hala, kostaldeko harkaitz eremuak atsegin ditu, eta hartxintxar soltez inguratuta bizi da, bertan kamuflatzeko aukera aprobetxatuz. Gainera, halako substratua ezin aproposagoa izango zaio itsasbeheran hezetasuna mantentzeko. Urpean dagoenean, bere mihi latzarekin karrakatzen dituen algak jaten ditu; ez ditu, ordea, ornogabe txikiak gutxietsiko, abagunea agertzen zaionean.
Jakin badakigu karrakelak aspaldiko komunitateentzat ere kutixi izan direla, horratx, Altamirako leizean duela 15.000 urte topatutako oskol pilaketa. Dena aseptiko bilakatu den egungo Donostiako kaian, ordea, jada ez dago postuetan karrakelak erosterik, ez igerian lasai aritzerik, ez Kontxako estropadan bertatik bertara arraunlariak sentitzerik. Telebistak ondo baino hobeto erakutsiko digu guztia, itsas-barraskiloen irudiak barne. Baina kresal usaina, ondare kulturala eta haurtzaroko bizipenak, horiek karrakelak marea beheran daudenean bezala, gure barnean gordeta mantendu ditzagun. Inork ezingo dizkigu bertatik lapurtu.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545