Agintari gutxik aitortzen dute publikoki, disimulurik eta konplexurik gabe, multinazional kutsatzaileen alde daudela. Nahiago izaten dute enpresa horien aurpegi berdea babestu, “planetaren alde” lan egiten ari direla harro azpimarratu, eta kutsadura eta marroiz zikindutakoa alfonbra azpian ezkutatu. Enpresa erraldoiek defendatzen dute eurak ez direla klima aldaketaren arduradun, atmosferari egindako kaltea erreparatzen dutelako. “Karbono neutroa” izatea bogan dago, eta isuritako karbono dioxido tonak konpentsatzeko zuhaitzak landatzea ere bai.
Zertarako aldatu praktika kaltegarriak, karbono kredituak erosi baditzakete, irudi berdea garbi mantentzeko. Halaxe egiten dute Netflix, Meta edota British Airways bezalako multinazionalek: eurek isurtzen dutena beste batzuek xurgatu dezaten eskatzen dute, nazioarteko legedia errespetatzen dutela esateko. Horretarako, karbono kredituak erosten dizkiote, besteak beste, Kenyako Northern Rangelands Trust (NRT) proiektuari. NRTn elkartu ziren bazkideei –USAIDek eta Europako Batasunak ere finantzatzen dute– ideia bikain hau otu zitzaien klima aldaketa geldiarazteko: Kenyako abeltzain indigenen jarduera kontrolatzen dute, eta ondorioz, inguruko landaredia ugaritzen da, eta beraz, lurrean karbono gehiago jasotzen da. “Lur bidez karbonoa ezabatzen duen munduko proiekturik handiena” dela diote.
Baliabideak espoliatzeaz gain, Mendebaldeak zaborra eta kutsadura ere Hego Globalaren esku utzi ditu. Abdullahi Hajj Gonjobe borana herri indigenako abeltzainak salatu du “kontserbazioaren” izenean Kenyako lurretara doazen enpresak euren interesen alde soilik ari direla, eta herritarrak zapalduta, proiektutik kanpo eta isolatuta utzi dituztela. Kexak baieztatu ditu orain Ingurumenaren eta Lurren Isiolo-ko Auzitegiak, kaltetutako komunitateetako 165 pertsonak ezarritako salaketa ebatzita: konstituzioz kanpo eta oinarri juridikorik gabe ezarri ziren NRTren proiektuko bi eremu handienak. Gainera, sententziak agindu du NRTko lurren zaindariak eremutik joan behar direla, izan ere, herritarrek hainbatetan salatu dute pertsona armatu horiek jatorrizko herritarren eskubideak urratu dituztela.
Survival International antolakundeak urteak daramatza NRTren gehiegikerien berri ematen, eta Caroline Pearce zuzendariak sententzia jakindakoan ziurtatu du ez dela arazo isolatua: “Karbono konpentsazioko proiektu gehienek eredu zaharkitu bera jarraitzen dute: lurra ‘babesten’ dutela baieztatzen dute, eta bitartean lur horien jabe indigenen eskubideak zapaltzen dituzte; prozesuan onura ederrak jasotzen dituzte”.
Argi geratzen ari da “karbono neutroa” izatea ez dela soluzioa, ezta berotegi efektua murrizteko erreminta ere. Multinazionalek herritarren kontura dirutza irabazten jarraitzeko trikimailua da; berdez margotu dute, baina kirats berbera dario.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545