Haltzari ez eska fruiturik

Mozkorturismoa



2024ko urtarrilaren 29a
Argazkia: Kronika.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Hasi da txotx denboraldia, eta herritarrek ilusioz ekin diote sagardotegietako upeletan ondutako uzta dastatzeari. Ezin huts egin urteroko errituari, euskal kultura bultzatzeko eta bizitzeko modu honi. Baina tradizio oro, nahi edo ez, aldatu egiten da, eta ohituraren funtsa lausotu egiten da maiz, sidreroen ikusmena tragoz trago lausotzen den bezala. Nola transmititu zaie belaunaldi berriei txotx denboraldia? Nola ulertzen dute egungo sagardozaleek –edo, besterik gabe, parrandazaleek– sagardotegiko zita?

“Urtarriletik apirilera, asteburuero, esperientzia honetaz gozatu nahi duten adin guztietako pertsonez betetzen dira herriko kaleak”. Hala deskribatzen du denboraldia Hernaniko Udalaren webguneak. Ordea, kaleak bete baino gehiago, azken urteetan kaleek gainezka egiten dute, eta badirudi Astigarraga eta Hernaniko espazio publikoak sidreroentzat erreserbatuta daudela hamalau bat astez jarraian. Erraz esaten da: ia lau hilabete etengabeko festa erraldoian, mugarik nahi ez duen jende mozkorrez lepo.

Astigartar eta hernaniar askok ere festa nahi dute eta sagardoaren kultura gogoko dute, baina euren herrian hori egitea ukatzen zaie. “Larunbat arratsaldetan gure herrietako bizilagun asko euren bizitokitik kanporatuak sentitzen dira”, berretsi dute Astigarragako eta Hernaniko udal ordezkariek Hartu ardura kanpainaren aurkezpenean, eta ohartarazi dute “bizikidetza arazoak” sortzen dituela jendetzak. Txotx denboraldia eskuetatik joan zaiela onartu dute bi udalek, eta 2024ko denboraldia hasi berritan egoera kudeatzen laguntzeko bilera bat eskatu diete Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari. Baina badu atzera bueltarik gehiegikerien denboraldi bilakatu den honek?

Begi-bistakoa da herriak ez daudela prest astero milaka turista sagardozale jasotzeko. Autobusak saldoka, oihuak eta zarata gau eta egun, pixa bazter –eta erdi– guztietan, sagardotegian neurriz jan eta edan ez duenaren oka plaza erdian, aparkatutako autoak apurtuta... eta larriena: era guztietako erasoak. Sidreroz betetako kale eta tabernak ez dira seguruak ez emakumeentzat, ez LGTB komunitateko pertsonentzat, ez pertsona arrazializatuentzat, ez gutxiengoen parte den inorentzat ere. Ez da sagardoa, zu zara. Hartu ardura kontzientziazio kanpainaren bitartez erasoak saihestu nahi dituzte udalek. Baina urteroko kartel eta iragarkiek eragina dute alkoholaren eta beste drogen aitzakian erasoak egiten dituztenengan?

Sagardotegien kultura harro bultzatu da urteetan, eta bertako turistak nahiz kanpokoak erakartzeko goxoki aparta izan da. Arazoa da ez dela neurririk hartu turismo hori jasangarri egiteko, halakorik posible bada. Orain, egoera erabat kontroletik kanpo dagoela, zaila da litroak edatera datozen sidreroei atzera eginaraztea. Nola mugatu herrirako jarduera ekonomiko garrantzitsua dena? Nork jarri behar ditu mozkorturismoa onbideratzeko tresnak?

Karbonoa ez da neutroa
2025-03-03 | Leire Artola Arin
Agintari gutxik aitortzen dute publikoki, disimulurik eta konplexurik gabe, multinazional kutsatzaileen alde daudela. Nahiago izaten dute enpresa horien aurpegi berdea babestu, “planetaren alde” lan egiten... (+)
Kapitalismo berdearen izenean, lurraren defendatzaileak kriminalizatuta
2024-12-08 | Leire Artola Arin
2023an ezagutu genuen Solway Investment Group multinazional suitzar-errusiarraren boterea noraino iristen den. Guatemalan duen Fenix meategiaren gehiegikeriak agerian uzten zituen ikerketa baten berri eman zigun... (+)
Ezohikoak dira euri-jasak?
2024-05-20 | Leire Artola Arin
Udako egun eguzkitsuak noiz iritsiko zain daude euskal herritar ugari. “Ez da ohikoa maiatzean horrelako eguraldia egitea”, diote batzuek; “garai batean halakoa zen”, besteek. Lazkaoko... (+)
EAEko nekazaritza lurren %5ak soilik dauka ziurtagiri ekologikoa
2024-03-14 | Leire Artola Arin
Gorantz egiten ari da nekazaritza ekologikoko eredua Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, Ekolurra Kontseiluak baieztatu duenez, baina Europako Itun Berdeak 2030erako helburutzat duen %25etik urrun dago... (+)
Jaurlaritzak alerta aktibatu du Bizkaiko eta Gipuzkoako kostan, plastikozko bolatxoengatik
2024-01-09 | Leire Artola Arin
Itsasontzi batek galdutako milioika ‘pellet’ iristen ari dira Galizia eta Asturiasko itsasertzera. AZTI-ko ikertzaileek kalkulatu dute datozen asteetan heldu daitezkeela euskal kostaldera, eta sortzen duten... (+)
gora