Gaurko artikuluari ekitera noalarik Chamaemelum nobile loretxoari larranbiloa, larramilua, amasabel-belarra edo bitxeleta deitzen diozuenak ere nire gogoan zaudete; zuetako batek idatzi baitit duela ez egun asko Instagrametik “gaur Goizueta aldean kamabillua bildu dut eta nola lehortuko nuke?” esanez.
Sendabelarrek dakitena liburuaren egilea
Oraintxe baitu garaia, uda betean gaudela, sendabelar honek. Loreak aurten atzera samar ote datozen hori irudituta gaude, izan ere egun lehor eta eguzkitsu asko ez ditugu izan. Isurialde atlantikoko hainbat lekutan “Ama Birjinetik Ama Birjinera bildu behar da kamamila” esaten da, hau da, abuztuak 15etik (Jasokundekoa) irailak 9ra (Arantzazukoa), baina abuztu aurretik leku askotan biltzeko moduan izaten dela esan genezake.
Askotan esan izan dugu ez garela tradizioa itsu-itsuan jarraitzearen aldekoak eta esango nizueke eskura daukazuenean biltzeko, gerorako utzi gabe. Zuetako asko oporretan izango zarete ziurrenik eta galdetuko didazue mendiko kamamila horren ordez ezin al den dendakoa, sobretxokoa, hartu. Hartzez denak har daitezke baina ezberdinak dira.
Mendian bil genezakeen Chamaemelum nobile izan edo dendan erositako Matricaria chamomila (Gaztelako kamamila edo alemaniarra) izan aldea dago eta ez mikaztasunean bakarrik. Duela gutxi Irurtzunen bildu nuen astakamamila (Santolina chamaecyparissus) ere beste liga batekoa da, harrituta nauka bere mikaztasun mailak. Hiru hauek banaka hartzeko esango nizueke, hilabetean barietate bat, egunean behin, arratsalde-iluntzean edo otordu baten ondoren. Gero idatzidazue, ea probatu ondoren zer daukazuen kontatzeko.
Izan ere, hori du kamamilak: mikaztasuna, eta hori dela medio lagun gutxi ditu. Ziur naiz irakurle bat baino gehiago dagoela traumatxoarekin umetan gaixo zegoela amak gogoz kontra edanarazten ziolako eta orain infusio bat begien aurrean ikusi ezin duena. Kamamilak ez du errurik ordea, sendabelar gutxi baitira hain eraginkorrak haizeak kanporatzeko, botalarria tratatzeko, behazun xixkua sortzeko, gastritisa eta urdaileko ultzerak baretzeko eta urdaila bera babesteko.
Bisabobol izeneko osagaiari esker gorputzeko uzkurdurak baretzeko gaitasuna du. Liseriketa aparatuko minez gain ugaltze aparatukoak baretu ditzake eta hala hilekoarekin bereziki gomendatzen dugu. Gorputzean metatutako gehiegizko estrogenoa kanporatzeko sendabelarrik eraginkorrenetakoa dela ikusi da berriki; hiru hilabetean jarraian hartzea egokia litzateke. Urduritasunak areagotzen dituen minetarako eta eragiten duen gose faltarentzat ere balio du.
Gatz mineraletan aberatsa da eta flabonoideak, kumarinak, polisakaridoak eta muzilagoa ere baditu. Azuleno eta camazuleno izeneko bi olio esentzial ditu, bereziki eraginkorrak antiinflamatorio gisa. Osagai hauek, gaitasun antiseptikoa, antibiotikoa, antifungikoa, analgesikoa eta sedatzailea ematen diote.
Haurdunaldian eta edoskitzaroan ezin da erabili, umetokiaren uzkurdurak eragiten dituelako. Asterazea familiako sendabelarrei alergia izanez gero, ezin da erabili.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545