Asteroko buletina
Baratzezaintza, funtsean, beti izan da artea.

“Itsaraz” zentral eolikoaren kontrako ingurumen txostenaren balorazioa

Urtarrilaren 16an, Madrilgo administrazioko Trantsizio Energetikorako Ministerioak irrikaz eta kezkaz itxaroten genuen “Itsaraz” proiektuaren gaineko ingurumen-inpaktu adierazpena argitaratu zuen. Ebazpenak makroproiektu honen aurkako erabaki irmoa bezain argia adierazten du.


2025eko urtarrilaren 29a
Itsaraz zentral eolikoa jartzea aurreikusita zuten, besteak beste, Danborralde mendian. Bertatik ateratako argazkia da.

Bi urte eta erdi pasa dira Statkraftek Durakogain, Ganborralde, Asensiomendiko mendilerroan 200 metroko 8 aerosorgailu jartzeko asmoa agertu zuenetik. Horrekin batera 14 kilometroko goi tentsioko linea batek bailara zeharkatzea aurreikusten zuen proiektuak, zentralean ekoitzitako elektrizitatea Atxondoko azpiestazioraino garraiatzeko.

Datuek proiektuaren dimentsioa irudikatzen lagundu dezaketen arren, badira hain erraz neurtzen ez diren bestelako alderdiak ere: zenbat balio du mendiak? zenbat landa eremuak? Zenbat balio du bertan bizi nahi duen jendearen ahaleginak? Zenbat bertako fauna eta ekosistemek? Aramaioko herrian, Euskal Herriko eta mundu zabaleko herri askotan bezala, badakigu halako proiektuek zenbakietan jasotzen ez diren zauri eta minak eragiten dituztela, AHT-ko porlanezko egiturak egunero gogorarazten digu hori.

Ministerioaren ebazpena espero dugu  beste makroproiektuen aurrean mugarri izatea

Aramaixo Biziriketik oso positiboki baloratzen dugu Ministerioaren azken ebazpena. Berri pozgarria da eta espero dugu gure inguruan planteatzen ari diren beste makroproiektuen aurrean mugarri garrantzitsu bat izango dela. Era berean, ebazpen honek argi erakusten du herritarren eta lurraren defentsan ari diren kolektiboen lan nekaezinak emaitza esanguratsuak ekar ditzakeela.

Eskerrik beroenak Aramaioko herriari eta Udal gobernuari, hauen aurkakotasunak paper garrantzitsua izan duelako

Eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu Aramaioko herriari eta Udal gobernuari, proiektuarekiko agertutako aurkakotasunak paper garrantzitsua izan duela garbi baitaukagu. Aramaioar askok energiaren inguruko eta zehazki “Itsaraz” zentralaren inguruko deliberazio prozesuan parte hartu zuten eta prozesu horren ondorioak oinarri hartuta, proiektuaren kontrako mozioa aurkeztu zuen Udalak. Mozio horrek herritarren sinaduren babes zabala jaso zuen.

Ez dugu ahazten, denbora honetan zehar, beste hainbat talde eta kolektibok uneoro eskaini diguten laguntza. Beraien garaipena izango balitz bezala hartzea nahiko genuke eta baita proiektuaren aurka alegazioak sinatzera batu diren norbanako bakoitzarena ere.

Irakurketa eta gogoetak

Kapitalismoak natura, gorputzak, bizitzak… ustiatzen ditu eta krisialditik krisialdira bere burua mutatzen du. Hitzak bereganatzen ditu eta sinesmenak eta desirak fabrikatu. Orain “energia berriztagarrien” izenean proiektu oldea zabaltzen ari da han eta hemen eta eredua behin eta berriz errepikatzen da: naturaren pribatizazioa, mendi eta landa eremuen industrializazioa, honek dakarren elikagaiak ekoizteko aukeren murrizketa eta biodibertsitatearen galerarekin, proiektuen izaera antidemokratikoa, gizartearen borondateari bizkarra emanda ezartzen baitira.

Garai nahasiak dira eta herriek, jendarteek, zein norabidetan bidea egin erabaki behar dugu. Euskal gizarteak sakonetik heldu behar die errotiko auziei, energiaren auzia, bizitzaren auzia baita. Hausnarketa hori egin ezean, kapitalismoaren formulak ezarriko zaizkigu behin eta berriz.

Deigarria da oso Madrilen Araban bertan baino kontzientziazio maila handiagoa izatea gure mendi eta faunaren babesarekiko

Ministerioaren ebazpenera itzulita, argi uzten du Arabako eta Bizkaiko Foru Aldundietako Ingurumen Sailek Urkiolako Parke Naturala bezalako eremu bat kudeatzeko erakutsi duten jarrera kontrajarri eta kezkagarria. Bizkaikoak txosten negatibo bi plazaratu dituen bitartean, Arabakoa prest agertu da proiektuari argi berdea emateko. Honenbestez, dei egiten diogu, Arabako Foru Aldundiko Ingurumen Sailari, hemendik aurrera ebaluatu beharko dituen makroproiektuen gainean zorroztasun handiagoz joka dezan eta Arabako lurraldearen zaintzaren ardura bere gain har dezan. Deigarria da oso Madrilen Araban bertan baino kontzientziazio maila handiagoa izatea gure mendi eta faunaren babesarekiko.

Salagarria da Krean kooperatibak, herriaren hitzaren aurka eta oraindik ingurumen baimena lortu aurretik, lurjabeekin alokairu-akordioak sinatzeko prozedura aurreratu eta hauei presionatzen hasi izana

Era berean, nimby (“ez nire lorategian”) jarrera leporatu eta proiektua inposatu nahi izan diguten norbanako, enpresa eta alderdiei gogoeta sakona egiteko eskaera luzatzen diegu. Onartezina eta salagarria da adibidez, Mondragon taldeko Krean kooperatibak, herriaren hitzaren aurka eta oraindik ingurumen baimena lortu aurretik, lurjabeekin alokairu-akordioak sinatzeko prozedura aurreratu eta hauei presionatzen hasi izana. Halako jokaerek, makroproiektuak gizarteratzeko proposatu duten eredu berria fartsa hutsa dela erakutsi digute eta kasu konkretu honetan hainbeste goraipatu den parte-hartze demokratikoa guztiz zalantzan jartzen dute. Statkraft enpresa norvegiarraren jokaera, azken finean, beste edozein multinazionalen berdina izan da.

Etorkizuneko erronkak

LPSaren testuinguruan energia eolikoa ustiatzeko aukeratutzat jotzen diren hainbat eremutan, Ministerioaren ebazpenak argi utzi du ez liratekeela zentral eolikoak eraiki behar

Energia berriztagarrien LPSa (Lurralde Plan Sektoriala) onartzear dago Legebiltzarrean, baina honek dituen hutsune eta kontraesan nabarmenak berriro azaleratu dira ebazpen honen ondorioz. Esaterako, LPSaren testuinguruan energia eolikoa ustiatzeko aukeratutzat jotzen diren hainbat eremutan, Ministerioaren ebazpenak argi utzi du ez liratekeela zentral eolikoak eraiki behar. Eremu horietako bat gure herrian bertan dagoen Jarindo mendia dugu. Honengatik, LPSaren onarpena bertan behera uztea exijitzen dugu eta behingoz lanketa sakon bat hasteko gonbitea luzatzen diegu alderdi politiko guztiei.

Aramaixo Bizi-Bizi eguna eta manifestazioetarako deia

Gure herriaren eta mendien defentsan borrokan jarraituko dugu, landa eremuan bizitza duin
baten alde eta Aramaio bizigarri baten alde.

Guztiok gonbidatuta zaudete otsailaren 15ean ospatuko den Aramaixo Bizi-Bizi egunera. Egun osoko egitaraua prestatu dugu, herri osoko eragileekin elkarlanean sortua, aldarrikapen eguna izateaz gain, orain ospakizun eguna ere bilakatu zaiguna.

Bestetik, dei egiten dugu datorren otsailaren 1ean Iruñean eta martxoaren 22an Gasteizen antolatuko diren manifestazioekin bat egitera, herri mugimenduen kriminalizazioa salatzera eta Euskal Herria salgai ez dagoela ozen aldarrikatzera.

Gora Aramaixo! Gora herria bizirik!

Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora