Asteroko buletina
Kanpo larrosa, etxe kardu

Jaurlaritzak ez zuen Zubietatik Artaxoara eramandako hondakinen karakterizazioaren berri

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailak ez zuen Artaxoara eramandako hondakinen karakterizazioari buruzko informaziorik; hala dio Eusko Legebiltzarrera igorritako dokumentazioan. Gipuzkoako erraustegia kudeatzen duen Ekondakinek lixibiatuak bidaltzen jarraitu zuen, Ecofert enpresak telefonoz gelditzeko eskatu zion arte.


2024ko otsailaren 09a
Artaxoako Ecofert enpresako instalazioak. 5.000 tona lixibiatu eraman ditu GHK-k bi urtez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak karakterizazioaren inguruko informaziorik izan gabe. Argazkia: EiTB

Zubietako erraustegitik Artaxoara modu ilegalean eramandako hondakinek zeresana ematen jarraitzen dute. EH Bilduko Mikel Otero legebiltzarkideak egindako galdera batzuei erantzun die Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburu Arantxa Tapiak, eta bertan onartu du bere sailak ez zuela hondakinen karakterizazioari buruzko informaziorik, “bi erakunde pribaturen arteko harremana” zelako. Hau da, ez zekiela hondakin horiek arriskutsuak ziren ala ez.

EH Bilduren ustez, horrek erakusten du Jaurlaritzak ez zuela “kontrolatu ze nolako hondakinak ziren” eta ez zuela “inolako neurririk hartu horiek Nafarroara bidaltzea galarazteko”.

Oterori bidalitako dokumentazioan, Ingurumen sailak urtarrilaren 25ean Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoari (GHK) bidalitako txostena dago, eta bertan garbi esaten da Artaxoako Ecofert Sansoain SL enpresara bidalitako hondakinak “lixibiatuak” zirela, baina LER 190812 kodea jarri zitzaiela, hau da, “lohiak” balira bezala.

Ecoferten instalazioek ez zuten baimenik kode hori kudeatzeko, ezta edozein kasutan lixibiatuak tratatzeko ere. Hala ere, 5.000 tona hondakin eraman ziren Gipuzkoatik kamioi zisternatan 2022 eta 2023 artean.

2023ko urriaren 16an publiko egin zen Donostiako epaitegi bat Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasuneko diputatua eta GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko presidentea ikertzen ari zela, besteak beste “ingurumenaren aurkako delitua” eta “dokumentuak faltsutzea” egotzita.

Baina Eusko Legebiltzarrean jasotako dokumentazioan txertaturik dauden emailetan ikusten denez, Gipuzkoako erraustegia kudeatzen duen Ekondakin sozietateak ez zituen bidalketak eten, Artaxoako enpresak 2023ko abenduaren 20an telefono bidez hala eskatu zion arte.

Nafarroako Gobernuak urtarrilaren 24an jakinarazi zuen Artaxoako instalazioa ixteko agindu zuela eta 40.000 eta 110.000 euroko isunak jarri dizkiola enpresari.

Zubietako lixibiatuak: bi urtez luzatu den “gorabehera”

Zubietako erraustegiak ez du lixibiatuak ekoizteko baimenik, baldin eta ez badira “gorabehera” batek sortutakoak. Zehazki, dokumentazioan ageri da 2022ko uztailean auzotar batek Zubietako erraustegi azpitik pasatzen den Arkaitzerrekako kolore marraoixkagatik kexa jarri zuela, eta horren ostean GHK-k SADER enpresarekin tratamendu-kontratua sinatu zuela.

Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak sarritan salatu du Arkaitzerrekatik ura kutsatuta irten dela, Zubietako erraustegiaren azpitik igaro ondoren. Argazkia: EAM

Hortik gutxira hasi zen enpresa gertakari horrek sorturiko "ezohiko" hondakinak erretiratzen. Hala, Tapiak erantzunean ziurtatu du hondakinak “gorabehera baten ondorio” direla, baina kamioi zisternak gutxienez 2023 amaiera arte ibili dira joan etorrian.

Zentzu horretan, EH Bilduko Oterok nabarmendu du “Zubietan lixibiatuak ekoitzi direla azken bi urteoetan. Beste modu batean esanda, erraustegiaren funtzionamendua ezohikoa, irregularra, izan dela dakigu, bai eta denbora luze horretan ez duela arazoa konpondu ere”.

Larunbatean manifestazioa egingo dute Altsasun: "Trena benetako garraiobide bihurtu dadin"
2024-04-18 | Urko Apaolaza Avila
AHTren kontrako eta trenaren aldeko eragileek deituta, manifestazioa egingo dute Altsasun apirilaren 20an, larunbatarekin, tren-azpiegiturak berritu eta trenen maiztasuna handitzea eskatzeko. Alternatiba bat badagoela gogorarazi... (+)
Baskoien beste herrixka baten aztarnak aurkitu dituzte Nafarroan eta AHTren lanek suntsitu ditzaketela salatu dute
2024-04-17 | Urko Apaolaza Avila
Muru Artederreta herrian, Murugain izeneko muinoan, Burdin Aroko herrixka baten horma agerian geratu da, AHTren lanentzako laginak hartzen ari zirela.  Bizilagunen hango elkarteak salatu du... (+)
GNL: Louisianako zingiretan jokoan dira munduko klima eta osasuna
2024-04-14 | Urko Apaolaza Avila
Energia krisiak eta Ukrainako gerrak hauspotuta, Gas Natural Likidotua (GNL) bihurtu da munduko lehengai estrategiko eta preziatuenetakoa. AEBetako hegoaldean gasa modu horretan biltegiratu eta esportatzeko... (+)
Galizian 13 parke eolikoren proiektuak geldiarazi ditu justizia auzitegiak, ingurumenean izan ditzaketen ondorioengatik
2024-03-06 | Urko Apaolaza Avila
Berriztagarriek Galizian ere sukarra bizi dute eta proiektu ugari justizia auzitegietan dira momentu honetan. Galiziako Justizia Auzitegi Nagusiak haietako hamahiruren gaineko suspentsioa agindu du, eta... (+)
"Gizartearen logika algoritmikoarekin, gizakiak esplotatzen jarraituko dugu"
2024-03-03 | Urko Apaolaza Avila
Fisikan lizentziatua eta Filosofia doktore, Gasteizen du ohiko bizitokia Adrián Almazánek (Madril, 1990), baina egun Madrilgo Carlos III Unibertsitatean ematen ditu klaseak. Digitalizazioak ingurumenean, energian... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora