Asteroko buletina
Abuztua zortzigarrena, arbi ereitia, bitarte honetan barriz, garijak jotia

Pagoaren kontuak

Geroxeago baina hemen da. Inguruan dituzten gainontzeko zuhaitzak baino beranduago janzten dira pagoak (Fagus sylvatica). Bizitzeko baldintza “gogorragoak” nahi izaten ditu: toki hezeak eta freskoak. Baina izotzari beldurrak bizi da.

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2024ko apirilaren 29a
Pagoaren kimu berriak. Argazkia: Jakoba Errekondo / ARGIA-CC-BY-SA

Toki garaietan ikusiko duzu, erreka zuloetan urriago, baldin eta zulo gozo horietakoa ez bada. Erreketako beheko barrenetan izotza bildu eta pilatu egiten da eta bere kolpea latza izan daiteke, batez ere udaberriko berandu-izotzak hosto berritzea eta loratzea erre ditzakeelako. Pagoak badaezpada eguna dezente luzatu eta lurra berotu arte itxaroten du; udaberria aurrera doan seinale dira, eta seguru sentitzen denean biziberrituko da, kimu, adar, hosto eta lore. Tokian-tokian pizberritzea aldatu egingo da, gaur, hemendik hogei egunera edo duela hamabost. Eta toki bakoitzean pago bakoitzak berak erabakiko du sasoi berrira noiz suspertu. Bizitza osoa inguru batean bizi den pago multzo batean ederki igarriko diozu: lehena bizkortzetik azkenekora bi edo hiru asteko tartea gerta daiteke, lasai asko. Lasai hartzen baitu pago bakoitzak bere bizitza, lasai, tentuz eta arduraz. 

Kardaba edo adaburuhauste handia du sasoiero pagoak. Bere kontabilitatea zorrotz zaindu eta eramateko egonarria behar du. Har dezaun, aditzeko bide, ehun urteko pagoa. Batez besteko baldintza normaletan hazitako ehun urteko pago horren ezaugarriak eta bere lana neurtzeko gai izan dira herbehereetarrak; Van den Berk mintegiak egin zuen bere mintegietako pago tzarretan, eta 2008-2009ko zuhaitzen gidan argitaratu. Poto egiteko arrisku handirik gabe 20 m garai luzatua izango da, eta zabalean 12 m inguru zabaldua. Gerri-buelta 60-80 bat zentimetroko perimetrokoa izango du. 600.000 hosto ditu. Bai, 600.000 janaria sortzeko makina; behar ere bai! Hosto horiek denak bata bestearen aldamenean jarriko bagenitu 1.200 metro koadroko saila estaliko lukete. Bizitzeko egunero 18 kilo CO2 hartzen ditu, hostoetan argiaren eta fotosintesiaren medioz elikagai izango dituen azukreak eraikitzeko. Urik gabe ezingo luke inolaz ere sorkuntza hori osatu: horretarako behar diren elikagaiak garraiatzen ditu, hazkundean parte hartzen du eta bizitzeko nahitaezkoa duen tenperatura neurrira ekartzen du. Zenbat ur behar du pagoak egunero? Ba 400 litro; 400 litro bai: bilatu, sustraietan, enborrean eta adarretan barrena ekarri eta lurpekoez gain beste 20 metro hostoetaraino ponpatzen ditu. 12 kilo azukre sortzen ditu beretzat, bizitzeko erregai izango dituenak. Hamar lagunek bizitzeko behar duten adina oxigeno ere askatuko du, opari. Bere lana ordezkatzeko 2.000 pago gazte beharko lirateke. Garai hartan 150.000 euroko balioa zuen.

Orain hostotzen ari den pagoa, dena emanda arituko den tresna izugarria izango da laster. Udazkenera arte; orduan hostoak antzaldatuko ditu, erantziko da eta neguan murgil egingo du, atseden betean erdi lokartuz. Hurrengo jantzialdira arte.

Zientoka izen
2024-07-22 | Jakoba Errekondo
Zuhaitzen eta arbolen sarobean nabil azken urte hauetan. Larrean, abaroan eta biaoan hor nabil atera ezinik. Zuhaitzei eta arbolei aparteko begirunea diedala jabetua izango zara,... (+)
Porruak eta santuak
2024-07-15 | Jakoba Errekondo
Porrusalda hemen da. (+)
Erein aurreko hazien bedeinkazioak
2024-07-08 | Jakoba Errekondo
Galdera hau jaso berria dut Bizi Baratzeako postontzian: "Gaia San Joan bezperako familia afarian atera huen, Unanue sagardotegian, Azpeitian. Seguran Santa Engrazia egunean erein behar... (+)
Tomate anderea eta presa kontuak
2024-07-01 | Jakoba Errekondo
A zer lanak ematen dizkigun! Txoratzen gaitu tomateak (Solanum lycopersicum). Artaxoakoa dela, edo Tuterako Itsusia, edo Aretxabaletakoa, edo Erandiokoa, pikoluzea, gerezia dela, madari tomatea dela,... (+)
Minak bixigarri
2024-06-24 | Jakoba Errekondo
Zer min egiten digu piperrak? Eta piperminak? (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora