Artoak ontzeko erein behar dira garagarrilean; guk erein genituen uztan, horregatik geratu ginen ez buru eta ez buztan.

Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.

Egoitz Alkorta Miranda
Egoitz Alkorta Miranda

Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.


2024ko apirilaren 29a
Argazkia: Keven Law / CC-A-SA-2.0
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.
Azeria (Vulpes vulpes)

TALDEA: Ornoduna / Ugaztuna.

NEURRIA: Txakur ertain batena. 3-8kg artean.

NON BIZI DA? Era guztietako habitat naturaletan eta baita hiriguneetan ere.

ZER JATEN DU? Haragia eta fruituak.

BABES MAILA: Ez dago babestuta.

Belarri tente zorrotzak, handi samarrak eta beltzak atzealdetik. Mutur luzea eta fina, goiko ezpain zuriarekin. Begi txikiak eta begininia bertikala. Hanka luzexka eta meheak eta oinak txikiak. Ilaje arre-gorrixka, aski ezaguna, eta isats oso luzea, punta zuri zuriarekin. Neguan zehar ilajea lodiagoa izaten du, hotzari aurre egiteko.

Munduan zehar oso zabaldua, era guztietako habitat naturaletan bizi da, baina baita gizakiaren presentzia ohikoa den herri inguruetan edo hiri handietan ere. Euskal Herria ez da salbuespena, eta berdin-berdin aurki dezakegu basoan, baserri inguruetan, labore lurretan, Pirinioetako gailur altuenetan, Bardeetan, hirietan, zabortegietan... oso-oso moldakorra da eta denera egokitzen da. Hori da bere arrakastaren gakoa.

Bakartia dela esan daiteke orokorrean. Arrak bere lurraldea markatzen du seinale usaintsu ugarirekin, leku nabarmenetan. Emeen araldia urtarrilean eta otsailean zehar izaten da eta garai horretan ezagunak dira azerien uluak eta zaunkak. Umealdia 1-12 azerikume artekoa izaten da eta arrak kumeen zainketan parte hartzen du. Ama eta kumeak janariz hornitzen ditu etengabe, baina ez da inolaz ere gordelekuan sartuko umeekin kontaktua izateko moduan. Bitxia benetan!

Edozeri helduko dio azeriak. Bere mutur luzearekin sagu, lursagu, satitsu eta antzerakoak ehizatzen trebea da oso eta kolpetik irentsiko ditu askotan. Erbi, koneju eta txoriak ere gustuko ditu. Fruitu, zomorro, narrasti, zizare, arrain... denetik ehizatzen du eta aukera guztiak aprobetxatzen ditu, baita sarraskia ere.

Oso oportunista izaki, gizakiaren presentziak eskaintzen dizkion aukera “errazei” ez die muzin egiten. Horretarako denetik egiten du: zaborrak miatu, ukuilu eta biltegietan sartu edo jendea dabilen eremuak gauero bisitatu. Oilo-lapurraren fama ere ondo irabazia dauka. Zelatan egongo da, eta aukera ikusten duenean, isilik, edozein zirrikitutatik  sartu eta... zas! Eramango du oilo edo oilaskoa.

Horregatik segi izan zaio azeriari eta garai batean harrapatu eta eskean ibiltzen ziren etxez etxe, kalte egiten zuelako. Pastor Izuela bertsolari aiarrak ederki kontatzen du hori “Txakur txiki gorria”ren bertsoetan. Azeri eskea egin nahian, Manterolako errotariak bizilagunaren txakur gorria hil omen zuen, eta etxez etxe ibili zen arrautzak bildu nahian.

Manterolako semia

gizon abila da,

nere txakur txiki hori

hark berak hila da,

azeria dulakuan

hor ibilia da,

zerbait bildu nahia badu

hark fameliara.

Hala eta guztiz ere, ez da azeria aprobetxategi maltzur moduan ikusi behar. Ugaztun benetan eder eta trebe honek bizirauteko sekulako sena du eta espezie oso garrantzitsu eta beharrezkoa da bizi den ekosistema guztietan. Gainera, Euskal Herri osoan hain ezaguna izanik, gure natura ondarearen parte ez ezik, kultura ondarea osatzen duten tradizio batzuetako protagonista ere bada... zeinek ez du ba ezagutzen, adibidez, Hernanin eta beste herri batzuetan egiten den “axeri-dantza”?

Euskal Herriko tigreak
Duela gutxiko kontua da. Iberiar katamotza (Lynx pardinus), mundu mailako felino espezie mehatxatuenetarikoa, “galtzeko arriskuan” egotetik “kaltebera” kategoriara igaro da IUCNren Espezie Mehatxatuen Zerrenda Gorrian.... (+)
Euskal Herriko Perez sagutxoa
Saguzarrek Chiroptera taldea osatzen dute. “Cheir” eskua, “pteron” hegala, antzinako grezieran. Beraz, eskuetan hegalak. Hegan egin dezakeen ugaztun bakarra izanik, airea konkistatu eta sekulako arrakasta... (+)
Basoa berritzen duen langilea
Urtxintxa, burtxintxa, ürtxaintxa, kataburtxintxa, katakutxintxa, katagorria, kattagorria, katamixarra, katamixerra, mixerra... Zenbat izen karraskari arborikola polit honentzat. Izan ere, nork ez du ba ezagutzen katagorria? Bereziki... (+)
Kalte baino onura gehiago
Euskal Herrian bi sator espezie ditugu, sator itsu iberiarra (Talpa occidentalis), hedapena Bizkaia eta Araba mendebaldera mugaturik duena, eta Akitaniako satorra (Talpa aquitania), zabalduena eta... (+)
Hiltzaile ederra
Horrela izendatu zuen Félix Rodríguez de la Fuente naturalista ezagunak. Izen ezinhobea ehiztari dotore honentzat, sekulako abilidadea baitu bere harrapakinak akabatzeko. (+)
gora