Otsaileko euri, urteko ongarri.

Jaten duguna gero eta ezezagunago: ingeniaritza-genetikoaren hedapen isila

Europako Parlamentuak eta Ministro Kontseiluak Teknika Genomiko Berrien (TGB) inguruko aurre-akordioa lortu dute, 2028 erditik aurrera aplikatuko den marko berria. Horrek, Genetikoki Eraldatutako Organismoak (GEO) modu libreagoan erabiltzea ahalbidetuko du: segurtasun kontrolak malgutuko zaizkie, ez da trazabilitaterik bermatuko, eta beren etiketetan ez da GEOak direla esan beharrik izango.

Goiuri Alberdi
Goiuri Alberdi

Asunek lurraldearen eta elikaduraren trantsizio eko-sozialerako Behatokiko kidea.

Aintzira Oñederra
Aintzira Oñederra

Asunek lurraldearen eta elikaduraren trantsizio eko-sozialerako Behatokiko kidea.


2026ko ekainaren 08a
Ezkerreko irudian, hobekuntza genetikorako metodo konbentzionalak. Erdikoan, eraldaketa genetikorako ohiko metodoak. Eskuinekoan, teknika genomiko berriak.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Teknika Genomiko Berriak (TGB) landareen DNAn aldaketa espezifikoak egitea ahalbidetzen duten teknika modernoak dira, 2021 aurretik existitzen ez zirenak. Landare baten zati konkretu bateko genoma mutatzen da (mutagenesi gidatua) edo landare espezie bereko (edo harreman zuzena duen beste bateko) sekuentzia bat txertatzen da. Modu horretan, landare barietate “hobetuak” lortzen dira, lehorteei, uholdeei edo beste klima larrialdi egoerei aurre egiteko gaitasun handiagoa erakusten duten barietateak.

Teknika horiek naturan ematen den bi espezieren arteko gurutzaketarekin alderatzen dituztenez, Genetikoki Eraldatutako Organismoen (GEO) arauditik kanpo kokatu dituzte. Azken finean, TGB landareak sailkatzeko bi kategoria sortu dituzte, eta modu horretan, bi araudi marko aplikatuko zaizkie. TGB 1 landareak landare konbentzionalen baliokideak kontsideratzen direnez, haiei ez zaie GEO legedia aplikatuko. TGB 2 landareei, aldiz, GEO araudia egokituko zaie. Nekazaritza ekologikoan ez da onartuko TGB erabilerarik.

Hala ere, GEO gabe ekoizten jarraitu nahi duten nekazariek TGBen trazabilitatea gertutik jarraitzea eskatzen dute, ondoko lursaileko landare mutatuek euren laboreak kutsatu ditzaketelako. Zehazki, patenteen gaia izan da Europako Parlamentua eta Ministro Kontseiluaren arteko eztabaida luzatu eta akordioa lortzea zaildu duena. Interes ekonomiko handiegiak daude TGB patenteak onartzeko, eta horrela multinazionalek hazien erabileraren gainean duten kontrola blindatu asmo dute.

Besteen artean, TGB 1 landareak mutatuak izan direnik ez da adierazi beharko euren salmenta-etiketetan, beraz, inongo kontrolik gabe hedatuko dira. Zeresan handia eman duen erabakia da, modu horretan, genetikoki eraldatutako landareak laborariak konturatu gabe iritsiko baitira euren lurretara, eta herritarra konturatu gabe bere platerera. Zer esanik ez, zuriketa berdearen garaiotan, elikagaiak erosten dituen herritarra inongo informaziorik gabe uzteaz gain, produktu jakinak erosteko engainatzen den bitartean.

Berriki egin den ikerketa baten arabera, haragiaren eta esnekien sektoreko munduko konpainia handienek euren iragarkietan egiten dituzten ingurumen-adierazpen eta -konpromisoen %98 iruzurtzat hartu dituzte, izan ere, horietan promesak asko dira baina froga zientifiko gutxik babesten dituzte. Emaitzen arabera, ingurumen-adierazpenak arautzeko eta egiaztatzeko mekanismoak indartu behar dira, kontrol zorrotzagoak ezarri, eta herritarrari egiazko informazio gardenena eskaintzen zaiola bermatu. Landare mutatuen inguruko informazioa ezkutatzeko Europako Parlamentuak onartu berri duen aurre-akordioa deitoratzeko nahikoa arrazoi bada.

Inperialismoa, gerrak eta elikadura
Egungo egoera geopolitikoan, non kapitalismoaren faserik gorena den inperialismoa modu garden eta gordinean erasotzen ari den, mundu mailako krisi ekonomiko larria aurreikusten da, besteak beste,... (+)
Eta orain abereen talde immunologia lortu behar da... zergatik ez da talde prebentzioa lantzen?
EHKOlektiboa abenduan eta urtarrilean gauzatzen ari den etxalde bisitei jarraiki iritsi gara Agerrea baserrira, esne behiak dituen Arbonako etxaldera. Kolektiboak definitutako irizpide agroekologikoak zein maneratan... (+)
Baserritar feminismoa ikuspegi dekolonialetik
Bizilurrek gonbidatuta, Brasil eta Argentinako nekazal mugimenduetako emakume talde bat izan da gurean. Nekazal feminismo, herrikoi, dekolonial eta antiarrazistaren eraikuntzan gogoetak eta hausnarketak elkarbanatu zituzten... (+)
Suteek kiskaliko gaituzte landa eremua hiritartzen jarraituz gero
2022an egun gutxi batzuetan 15.000 hektarea kiskali ziren Nafarroan. 2024an, eskarmentu haren ondotik, eta Andia mankomunitatearen eskutik, izan genuen lehen aldiz “artalde suhiltzaileen” berri. Zunbeltz... (+)
Zigiluen artean elkar ulertu, alternatibak eraikitzeko
Hainbat zigilu elkarrizketan jartzea. Horixe izan da Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) eta EHKOlektiboak Usurbilen antolatutako jardunaldien abiapuntua. Bertan elkartu dira: EHKO Berme Sistema Parte hartzailea,... (+)
gora