[Garbiñe Larrea]
Izpiliku finaren loreak kosmetika eta lurringintzan erabiltzen dira baina sendabelar bezala ere balio handia du, usain atseginaz gain propietate eta erabilera ugari dituelako. Hainbat izpiliku es-pezie, azpiespezie eta hibrido ditugu merkatuan eta hauetako askoren olio esentzialak ere bai; bakoitzak bere berezitasunak dituelarik.
Loreak olio esentzial asko du eta olio honek osagai anitzak ditu. Horrez gain, taninoak, azido rosmarinikoa, kumarinak eta fitoesterolak ere baditu. Osagai hauek funtzio anitzak dituzte: lasaigarri eta baregarri egiten dute, espasmoak baretzeko ona da, zauriak garbitu eta sendatzeko gaitasuna dauka, hormonak orekatzeko balio du, buruko, giharretako eta erreumako mina baretzeko ona da.

Propietate dermatologikoengatik oso ezaguna da. Azaleko zikinak garbitzen ditu, poroetako zikinak kanporatuz, azal koipetsuak orekatzen dituelarik. Azal berria sortzen laguntzen du, hala, erredurak tratatzeko oso egokia izango da; hildako zelulak kentzen dituelako eta erredurak sorrarazten duen hantura ere tratatzen duelako. Alergiek sortutako azaleko hantura eta psoriasia tratatzeko ere egokia da. Antiseptikoa denez, ziztadek sortutako hantura eta gaiztotutako zauriak tratatzeko ona da.
Giharrak erlaxatzeko ere erabiltzen da, erlaxagarri ona baita. Bihotzaren taupadak erregulatzen laguntzen du eta nerbio sistema baretzeko aproposa da. Jatorri nerbiosoa duten hainbat gaitz tratatzeko erabiltzen da, hala nola, buruko minak, nerbioek eragindako nekea eta insomnio arina.
Propietate antiespasmodikoa ere badu, horregatik arnas aparatuarentzat ere egokia da. Nahiz eta guk lurrin moduan edo azalerako dela pentsatuz erabili ohi dugun, izpiliku finak arnasketa arazoak ere tratatzen ditu; katarroa, hotzeria, eztula, laringitia, sudur kongestioa, asma eta bronkitia baditugu infusiotan zein lurrunak arnastuz erabil dezakegu. Erromeroarekin (Rosmarinus officinalis) eta ezkaiarekin (Thymus vulgaris) nahastuta gaitz horiek guztiak tratatzeko erabiltzen da.
Hesteentzat ere antiespasmodikoa da eta fermentazioek sorturiko haizeak kentzeko ona da, baita hesteetako kolikoak kentzeko ere. Duodenoko narritadura ere baretzen du eta behazuna husten laguntzen du.
Sexu bidezko gaitz kutsakorrak tratatzeko erabiltzen da eta hilekoa atzeratzen denean hartzeko ere ona da. Erditzeko lanak hasten direnerako ere lagungarri izan daiteke.