Asteroko buletina
Apirila ekaitz hila

Itsasoko erraldoi nekaezina

Badoaz basoak kolorez aldatzen, haizea hozten eta egunak mozten. Badator negua, eta lur lehorrean ageri da; baita itsasoan ere. Animalia migratzaileak hasi dira hegoalderanzko bidean, eta zerutik kurriloak hegan pasatzen diren bitartean, itsasotik zerea doa, ur epelagotara igerian.


2024ko azaroaren 11

Zere arrunta zetazeo bizardun (mistizeto) bat da. Askok balea esaten diote, itsas ugaztuna delako eta bizarrak dituelako, baina ez da hertsiki balea. Munduan lau balea espezie daude, horietako bat euskal balea (Eubalaena glaciaris). Animalia horri izena eman genion euskaldunok baina bizitokia kendu, eta orain Ozeano Atlantikoaren beste aldean bizi da gehienbat, Ipar Amerikako kostaldean barrena.

Zere arrunta bai topatu dezakegu Kantauri itsasoan, eta izatez, gure itsasoko zetazeo bizardun ugariena da. Baina ugaritasuna aldatu egiten da urtaroaren arabera; hain zuzen ere, animalia migratzailea delako. Udan aurkitu ditzakegu zere arrunt gehien Bizkaiko Golkoan: 2019ko azken estimazioen arabera, 1.000 zere inguru. Neguan, berriz, 250 bat egoten dira gure inguruko uretan. Nora joaten dira, ordea? Eta zergatik?

Bada, migratzen duten ipar hemisferioko animalia gehienak bezalaxe, udan iparralderantz igotzen dira elikagai bila, eta negua datorrenean beherantz abiatzen dira, hotzetik ihesi. Zere arruntak bizarrak ditu esan bezala, eta ezaugarri horrek pista bikaina ematen digu bere elikatzeko beharren inguruan.

Munduko bigarren animalia handiena da zere urdinaren atzetik, baina bitxia bada ere, animalia oso txikiez elikatzen da (zere urdina bezalaxe), normalean uretan esekitako krillaz. Ahoa zabaldu eta ahalik eta ur gehien sartzen du, ondoren itxi eta bizarretatik ura kanporatzeko. Baina elikagaia bizarretan katigatuta geratzen zaio. Krillaren eta, oro har, zooplanktonaren ugaritasuna hertsiki lotuta dago fitoplanktonaren ugaritasunarekin, lehena bigarrenaz elikatzen baita. Eta iparraldeko itsasoetan, udaran, fitoplankton bloom edo bat-bateko hazkundeak egoten dira. Horregatik, hain zuzen ere, migratzen dute zere arruntek udaran goi latitudeetara.

Negua hurbiltzen den heinean, ordea, zere arruntaren ugalketa garaia iristen da, eta hegoalderantz bidaiatzen dute berriro ere. Ernaldiak urte bat iraun ohi du, eta hurrengo urtean ur epeletan jaioko dira kumeak, amak beste migrazio ziklo bat egin ostean. Zere arrunta ugaztuna da noski, eta horrek esan nahi du, gainontzeko ugaztunek bezalaxe, emeek titiak dituztela eta kume jaioberriek esnea hartzen dutela; uretan, bai.

1986an, Nazioarteko Baleazaleen Batzordeak (IWC, ingelesezko siglak) luzamendua jarri zuen indarrean baleen ehiza komertzialean. Ordurako, zere arrunten ugaritasuna nabarmen murriztuta zegoen Ipar Atlantikoan. Luzamenduaz geroztik, populazioek gora egin dute, baina herrialde batzuek ehizan jarraitzen dute. Europan Islandia da zere arruntak ehizatzen dituen herrialdea, eta 2024ko udan 128 ehizatzeko baimena izan dute.

ZERE ARRUNTA (Balaenoptera physalus)

TALDEA: Ornoduna/Ugaztuna/ Zetazeoa/Mistizetoa.

NEURRIA: 22-24 m (emeak handiagoak dira). 60.000-90.000 kg-ko pisua.

NON BIZI DA? Munduko ozeano guztietan, latitude ekuatorial eta polarretan izan ezik.

ZER JATEN DU? Krilla eta kopepodoak gehienbat. Arrain pelagiko txikiak edo txipiroiak ere jaten ditu.

BITXIKERIA: Zetazeo bizkorrenetakoa da igerian; 40 km/h abiadura lor dezake.

BABES MAILA: Naturaren Kontserbaziorako Nazioarteko Batasunaren Zerrenda Gorrian “Kaltebera” izendatua 2018tik.

Oreina ala orkatza da?
2024-09-30 | Irati Diez Virto
Naturazaleren batek galdera hori irakurri eta pentsatuko zuen seguruenik: “Galdetzea ere! Ez dute zerikusirik!” Egia da, bai, behin ezagututa erraz desberdintzen direla oreina eta orkatza.... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora