Prailea eta baratzea, eman gabe ez dago engainatzerik...

Itsas mihilua ezagutzen

Uda joan zaigula dio egutegiak, nahiz uda giroak gure artean jarraitu nahi duen oraindik ere, eta sasoi hau baliatu nahi nuke hondartza inguruetara itsas mihilu bila joateko. Kostaldera jo eta itsaslabarretako harriei zein gizakiak eraikitako murruei begira jarriko gara. Leku hauetan ere belar txarrak hazten direla esango du zenbaitek baina nik aberastasuna besterik ez dut aurkitzen; itsas-mihiluz beteta baitaude orain. Loretan, eta are hazitan, dagoen itsas mihilu heldu eta usaintsuz.

Garbiñe Larrea Iturralde
Garbiñe Larrea Iturralde

Sendabelarrek dakitena liburuaren egilea


2023ko urriaren 09a
Argazkia: Istoc.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Barrualdeko parajeetan mihilua (Foeniculum vulgare) bezala, itsas mihilua (Crithmum maritimum) kostaldeko parajeetan ikusiko dugu. Zenbait antzekotasun izan arren itsas mihiluak berezitasunak eta erabilera interesgarriak dituenez, gaur artikulua berarentzat izango da.

Hasteko, elikagai interesgarria da, bere hostoak jangarriak baitira. Zapore nahasketa konplexua du: anis zaporea orain, apio tankera gero (familiakoa da), nota zitrikoak atzetik eta oroz gain gazitasuna, itsas bazterretik zenbat eta gertuagokoa izan, orduan eta gaziago. Sukaldaritza garaikidean erabiltzen hasiak dira, akaso urte batzuk barru gutizia (edo luxu) izango da, zeinek jakin!

Zapore konplexutasun honen atzean esentzia trinkoak daude: pinenoa, anetola, eugenola eta dilapiola. A, C eta E bitaminatan ere aberatsa da, gatz mineralak eta oligoelementuak ditu (iodoa eta bromoa), fitoestrogenoak, betakarotenoak eta azido klorogenikoa ere bai.

Mihilu guztiek bezala, digestioa egiten eta haizea kanporatzen laguntzen du baina itsas mihilua sendabelar gisa baino sukaldean erabili izan dela ikusten dugu, nahiz bietarako balio duen. Balear irletan antxoa eta oliba kontserbatan edo ozpinetan beratuta erabiltzen da oraindik ere.

Gordinik jan daiteke baina tamainan, zapore sarkorregia baitu, hala, ozpinetan edo oliotan beratuta erabiltzea da samurrena. Ozpin zein oliotan bi likido hauen bolumenaren laurden bat edo heren bat ipiniko genuke gordinik, txorten eta hosto, ongi zatituta. Hilabetean armairuan eduki ondoren iragazi eta kristalezko botilan ongi egongo da. Entsaladei, pureei zein saltsei ukitu berezia emango die, zalantzarik gabe.

Fitoestrogenoak dituenez, menopausian izan ohi diren likido atxikipena eta gaualdeko izerditzeak tratatzeko egokia da; dela infusiotan (lehortuta), dela ozpinetan zein oliotan beratuta. 

Osagaien artean aipatutako azido klorogenikoak erradikal askeen kontrako indarra du eta azala gaztetzeko erabiltzen da kosmetikan. Ekilore oliotan beratu eta azalerako serum ederra egiteko baliatu genezake.

Bere bi esentzia, anetola eta estragola, neurotoxikoak dira dosi altuan; tamainan hartu behar genuke beraz (egunean hiru infusio gehienez). Haurdunaldiko lehen sei hilabeteetan ezin da hartu baina edoskitzaroan bai. Lau urtetik beherako umeentzat ez da gomendatzen.

Kimioterapia tratamendua badago edo antibiotikoak hartzen badira itsas mihilua botika hauek hartu eta bi ordutara hartu behar da. Iodo gehigarriak hartzen dituztenek ezin dute erabili eta hipertiroidismoa dagoenean ere ez.

Urak beherantz
Jubilatutakoan bizitzera Oriora joan zen andoaindar bati entzun nion behin: “Pertsonak, ondo izatera, bere bizian Oria ibaiak bezala egin behar du, hau da, beherantz”. Itsasondon... (+)
3x02: Landareen oihuak eta azeri buztana
Landareen inteligentzia, gaitasunak eta sentiberatasuna hizpide izan ohi ditugu podcast honetan, eta azken urteetan botanikan egiten ari diren ikerketak ekartzen ditugu horretaz aritzeko, landareekiko daukagun... (+)
3x01: Mina tratatzeko landarerik zaharrena
Deigarria egin zaigun aurkikuntza arkeologiko batekin hasi dugu saioa. Mina tratatzeko landarerik antzinakoena aurkitu dute Tafugalten, Marokon, egindako indusketetan. Ephedra (Ephedra sinica) da sendabelarra eta... (+)
Loreen agurra
Udazken sasoia iritsi zaigu eta ohikoak diren irudiak etorri zaizkigu; hostaje gorrixkak, erortzen ari diren hosto bakan malenkoniatsuak, haizeak astindutako orbela. (+)
Sendabelarrak oliotan
Sendabelarra oliotan beratzeaz ariko gara baina ukendurik egin gabe. Bai, arraroa dirudi baina sendabelar freskoak oliotan beratu, iragazi eta erle argizaria ipinita ukendua egiten ikasi... (+)
gora