Urtarrilean ortzia, barrikak ongarri metara.

Intsektuen negupasa

Hotza gogor ari du. Ez denean, baina aurtengo neguan lurralde batzuk ederki jotzen ari du. Eta intsektuek nola irauten dute, udaberriarekin indarrean berragertzeko? Kaleko galdera izan dut bart. Hortik intsektuen adimendu eta buruargitasunera koxka ttikia dago. Berritu ditugu etxebarruetan bertan gozo negua gurekin igarotzen ari diren zimitz kirastun gorbeltzak (Halyomorpha halys) edo armarri-zimitz jaspeztatuak, Bizi Baratzearen txoko honetan auzoko dudan Iñaki Mezquita Aranburuk izendatzen duen eran. Negua igarotzeko horien taktika erraza da: toki beroa topatu, inguruko beroenak sukaldeak eta etxebarruak dira; udazkenean sartu, etxepeko egin eta ezkutatzen dira eguna luzatzen hasi arte. Etxeteilape eztia.

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2025eko otsailaren 17a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Lurreko animalien artean intsektuak dira ugarienak, %90. Pertsonako 1.400 milioi inguru intsektu dagozkigu. Edertasun hori biziraupenerako estrategia ugari garatu izanari zor diote. Tartean, hilabeterik hotzenetan arrakastaz irautekoak: aterpe egokiak, hotzak eta izotzak jasatea edo migrazio planak. Izan ere, intsektuak ez dira gure modukoak, ez dira bere beroa sortzeko gai. Eta diapausa asmatu dute: baldintza kaxkarrak diren urte sasoi jakinetan, espezie bakoitzak erabakitzen du bizitza erritmoa eta garapena apaltzeko garaia duela; hibernazioa edo negukatzea.

Espezie bakoitzak, milaka urtean, bere plangintza ondu du. Batzuek arrautzak utziko dituzte, sasoi berri gozora ernatuko direnak. Sagarrondoari (Malus domestica), patatari (Solanum tuberosum) eta babari (Vicia faba) erasoko dieten zorriek, adibidez, ziklo ikusgarria dute: udan emeek, arren ernalketa gogaikarriaren beharrik gabe, partenogenesiaren medioz bere klonak edo kopia berdin-berdinak izango diren emeak sortzen dituzte. Udazkenarekin, egun argia apaldu eta hotza gainean; horrek zorri eme horien barruan erantzun bat eragiten du: belaunaldi sexual bat sortzea, arrak eta emeak. Hortik, ezagunagoa egiten zaigun estalketa dator: emeak ernalduko dira eta arrautzak egingo dituzte, negua igarotzeko pronto egongo direnak. Gero udaberrian ireki eta eme partenogenetikoak sortuko dira, arrakurrutitarrak.

Beste batzuk zuzenean txoko gozo bat topatuko dute bertan ezkutatzeko. Ur eta jaki erreserbak osatzen dituzte eta kalkulua ondo egin badute, udaberrira bizirik iritsiko dira. Horietakoak dira etxebarruetan sartzen zaizkigun zimitz kirastun gorbeltzak.

Inurriak inurritegian eta erleak eultzean, pilatu egiten dira elkarren zirrian epeltasunari eutsiz.
Liztor handiek –europarrak edo kuruminoak edo liztortzarrak eta asiarrak– ez dute erleen bidea landu. Udazkenean erreginak erregina gazteak eta liztormando arrak sortzen ditu. Urteko liztor guztiak hil egingo dira. Erregina gazteak ernatu dira, eta, ondo baino hobeto elikatuta, babes bila alde egingo dute; edozein txoko babestu ona dute: lurrean, hormetan, txuloetan... Udaberriarekin, otsailetik atzera noiznahi, biziberritu eta habia berriak eraikiko dituzte, sekula ez aurreko urtekoan.

Pinu beldarrek edo prozesionarioek ere bere habi gozoa sortzen dute familiari epel eusteko. Orain eguna luzatzen hasi orduko, toki epeletan otsailean, gainontzekoetan baita apirilean ere, lurpera jaitsiko dira prozesioan, uda hasieran hurrengo zikloari ekingo dioten helduak sortu arte.

Eta liztor eta prozesionario arriskutsuak mugitzen dituen egun luzexeago eta epelxeagoko otsaila hemen da.

Ilargiko borda, lurra eta ilintia
2025-03-24 | Jakoba Errekondo
Bada Borda bat ilargian. Bai, bai, Borda izeneko krater bat badu ilargiak; talka krater edo astroblema bat da, ilargiaren ageriko aldean dago eta bere koordenadak... (+)
Magnolian kakalardoa polen-mamitan
2025-03-17 | Jakoba Errekondo
Magnoliak eleganteak dira. Dotoreak. Anddereak. Pontxoak. Apainak. Pimentak. Gurbilak. Ponposak, ponpoxearrenak. Ortiroak. Ia-ia fazazkoak, kriket eta kraket. Ez naiz harritzen, beren loraldien azpian lurrarekin urtzerainoko... (+)
Loratu ala hil. Loratu eta hil
2025-03-10 | Jakoba Errekondo
Noizbait. Noiz izan ote zen? Noizbait landareren batek lorea egitea erabaki zuen. Bai, bai, landareek ere erabakiak hartzen dituzte, eta guk maiz ez bezala, erabakiak... (+)
Zakilixuten potroximela
2025-03-03 | Jakoba Errekondo
Nori ez zaio gustatzen ahuakatea? Ia denok atsegin dugu fruitu berri hori, di-da amaren batean etxekotu zitzaigun. Zenbat urte da ba dendaero ikusten hasi garela?... (+)
Abarkak astintzen zituen
2025-02-24 | Jakoba Errekondo
Ibon galdezka etorri zait Bizibaratzea.eus webguneko kontsultategira. Uda aurre horretan artoa (Zea mays) eta baba gorria (Phaseolus vulgaris) erein nahi ditu. “Arto” hitza grekotik dator... (+)
gora