Astelehenero 8:00etan zure epostan
25.000 pertsona bertaratu dira azaroaren 7tik 9ra Miarritzen antolatu den Lurrama azokaren 20. ediziora. Laborantza herrikoia ezinbestekoa dela aldarrikatu dute antolatzaileek zein ekoizleek, eta erronkak azpimarratu dituzte etorkizunari begira.
Taloen zaporea kabalen usainarekin nahasi ohi da Lurraman. Hala izan da behintzat azaroaren 9an, Miarritzeko azokaren azken egunaren kari. Igande eguzkitsua baliaturik, etxe ekoizpenen merkatuan bildu da jendea. Barazki, ardo edota gasna salmahaien artean, Euskal Herriko zazpi lurraldeetako nekazariekin solasean aritzeko parada izan dute bezero anitzek, eta Lurramaren 20. edizio honetan, 25.000 bisitariek inoiz baino gehiago entzun ahal izan dute haien mezua: laborantzak iraun nahi badu, herrikoia izan beharko du, bai ala bai.
Aldarrikapen horrekin bat egiten du Anne-Laure Etxegorri laborari gazteak. Aitaren segida hartu berri du eta Lukuze-Altzumartan (Amikuze, Nafarroa Beherea) plantatua da. "Nik nahi dut nire etxaldea burujabe izan dadin, kanpoko eragile agro-industrialen eskuetatik kanpo". Horretarako, araudi konplikatua errespetatu behar badu ere, nekazaritza ekologikoaren hautua egin du eta erabaki horri eusten dio egunerokoan.
"Txerriak kanpoan hazten ditut eta ditudan haritzen ezkurrak jaten dituzte". Horri esker, Kintoa sor-markaren barruan sal ditzake lukainkak, xingarra eta gainerateko txerrikia. Sor-marka ekoizpenaren kalitatezko bermea dela dio amikuztarrak, eta laborantza ekologikoan ez balitz instalatu, halakorik ez zuela sekula lortuko gehitu du. Hala ere, zaila da etxaldea burujabe izatea osorik, baina ahal duen guztia egiten du horren alde. Ereiten duen artoarekin bazkatzen ditu oiloak eta Herriko Ogia elkartearekin harremanetan da garia saltzeko, inguruko okinek balia dezaten.
Anne-Laure Etxegorri bezala, anitz dira Lurraman laborantza ekologikoan lan egiten duten eta sor-marken garrantzia azpimarratzen duten laborariak. Haietarikoa da Kattalin Etxandi. Donazaharren (Garazi, Nafarroa Beherea) instalatua da eta ardoa baizik ez du ekoizten Apathia izeneko etxaldean. Guztira, hamabi hektarea kudeatzen ditu. "Mahatsondoak landatzean, badakit zer ezartzen dudan lurrean. Laborantza ekologikoan lan eginez, arriskutsuak izan daitezkeen produktuak ez ditut erabiltzen eta onuragarria da bezeroarentzat, baita niretzat ere".
Kattalin Etxandik ere lortu du sor-marka baten zigilua ukaitea, Irulegiko ardoena bere kasuan. Aitzineko urteetan jin izan da Lurramara besta egitera, baina aurten, estreinako aldiz dago salmahaiaren gibelean ekoizle eta saltzaile rolean. Irulegiko ardoen sindikatuak luzatu zion azokara joateko proposamena, eta Kattalinek bitan pentsatu gabe onartu. "Maite dut hemengo giro goxoa".
Hori erratearekin batera, musika ozen entzuten da Lurraman. Areto nagusian laguntzaileak Euskal Herriko sukaldarien bazkarirako mahaiak apailatzen ari diren bitartean, Kanboko ziganteak agertzen dira etxe ekoizpenen merkatuan. Gaiteroek eta atabalariek lagundurik errenkaden artetik pasatzen dira dantzan. Hori baita Lurrama: besta eta aldarrikapen gune bat.
Preseski, beste 700 laguntzaile bezala, gauzak aldatzeko gogoarekin hurbildu da Miarritzera Lorelei Gendre. Ostatuko txanda du, eta garagardoa zerbitzatzen duela, nekazaritzari buruzko hausnarketetan murgiltzen da bezeroekin. "Ezinbestekoa da Lurrama bezalako ekitaldiak izatea. Hemen laborantza herrikoiarekiko kontzientzia azkarra da. Hori sustengatu behar da".
Haatik, Lurrama urteroko hitzordu alaitsua den arren, ekoizle guztiek nabarmendu dute nekazari izatea ez dela lanbide erraza. Ingurumena zaintzen ez duen laborantza eredu industriala salatzeaz gain, denek beste fenomeno kaltegarri bat agerian utzi dute: beroketa klimatikoa.
Horrek ez du Iker Elosegi harritzen. Euskal Herriko Laborantza Ganberako (EHLG) koordinatzailea da Elosegi, eta berak ere badaki beroketa klimatikoa gero eta konkretuagoa dela. "Lurraman sustengatzen dugun laborantza eredua kanpoko elementuekin lotua da, eta laborariak dira beroketa klimatikoaren lehen lekukoak". Nekazariak beti egon dira klimaren gorabeheren menpe, baina haren erranetan, Ipar Euskal Herrian, gero eta haize bortitzagoak badira, gero eta idorte gehiago eta gero eta euri egun gutxiago. Horrek eragina du laborariaren uztan.
Baina inor ez da ezkorra Lurraman. Alderantziz. 2025eko edizioa baliagarria izan daiteke arazoei nola aurre egin jakiteko. Antolatzaileek ez dute Bihar ere laborari lelo nagusia debaldetan aukeratu. Iker Elosegik gaia gogoetatu du dagoeneko. "Biharko laborariak, gaurkoak bezala, bere lanaz harro izan beharko du". Eta beroketa klimatikoa bezalako arazoak konpontzeko pista batzuk Araba txokoan atzeman ahal izan ditu aurten bisitariak.
Arabako nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoaren elkarteak hainbat ekoizpenez hornitutako mahai luze bat muntatu du. Kuiatxoak, eztia, marmeladak… Han ere zapore goxoak nahasten dira. Baina, ogien aitzinean luzatu da gehienbat Maite Fernandez elkarteko kidea. "Arabako gari barietate zaharrak berreskuratzen ditugu", azaldu du alaiki.
2012an ekin zioten lanari, eta NEIKER (Nekazal ikerketa eta garapenerako euskal erakundea) bezalako bankuetan aurkitu zituzten lehengoko arbasoek erabiltzen zituzten haziak. "Berreskuratu genuen lehen barietatea Sabandoko gari gorria izan zen, eta hasiera batean loreontzi txikietan erein genuen". Geroztik, loreontzi txikiak lur sail zabalak bilakatu dira, Sabandoko gorria bost hektareatan lantzen baitute gaur egun Araban, ogi ahogozagarria ekoizteko.
Vitoria temprano, Blanco mocho, Mocho rojo… Arabako nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoaren elkarteak zazpi gari barietate berreskuratu ditu orotara. "Gainera, ohartu gara gari zahar horiek, biologikoki aniztasun aberatsagoa dutenez, beroketa klimatikoari egokitzeko gaitasun handiagoa dutela". Maite Fernandezek argi du biharko laborariak lehen egiten zenari begira jarri beharko duela arreta, ingurumena zainduz eta aniztasuna bermatuz. "Bide horretan jarraituko dugu elkartean".
Etengabeko borroka da, beraz, laborantza herrikoiarena. Beroketa klimatikoa, Marieniako lurren desagertzea, hegazti gripea, Mercosur ituna… Erronkak ez dira gutxi. Horri guztiari ahal bezala aurre egiteko eta laborantza politika azkar bat izateko gisan, Iker Elosegik adierazi du ezinbestekoa dela Ipar Euskal Herriak laborantza eta elikaduraren erakunde publiko propio bat izatea. "Guk horren alde lan eginen dugu ondoko urteetan", biharko laborariak nolakoa izan behar duen diseinatzeko bidean, hain zuzen.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545