Astelehenero 8:00etan zure epostan
Greban daude Zubietako erraustegiko langileak. LAB sindikatuak jakinarazi duenez, elkarretaratzea egin dute asteazken goizaldean, erraustegiaren atarian. Arduradunei mezu argia helarazi nahi dietela nabarmendu du sindikatuak: “Langileen bizitzak eta osasuna irabazien gainetik daude”.
Erraustegiko langileen protesta, Zubietan.
Zubietako erraustegian aurten gertatu den hamargarren sutearen ondoren, eta SGSk, plantako prebentzio zerbitzuaz arduratzen den enpresak, egindako txostena ezagutu ostean, enpresa batzordeak bere kezka eta haserrea adierazi ditu.
Gogoratu dutenez, azpiegitura Ekobal aldi baterako enpresa elkarteak kudeatzen du, Ekondakinek azpikontrataturikoa. Azken hori, berriz, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioa (GHK) enpresa publikoak esleitutako kontratuaren arduraduna da. Enpresa batzordearen ustez, enpresa sare horrek “ekoizpena eta errentagarritasuna langileen segurtasunaren eta osasunaren gainetik” jartzen jarraitzen du, eta horrek, “langileei ez ezik, Gipuzkoako gizarte osoari eragiten dio”.
Segurtasun eta Osasun Batzordearen premiazko bileran, “hainbat gabezia” agerian geratu zirela ohartarazi dute: “Besteak beste, ez dago behar bezala zehaztutako protokolorik sute baten aurrean nola jokatu jakiteko. Ez dago argi, halaber, halako sute baten aurrean zer babes ekipamendu (EPI) erabili behar den, sua nola eta zer materialekin sortu zen, edota arrisku egoera horretan planta hustu behar den ala ez”.
Egoera horren aurrean, enpresak txosten bat aurkeztu du, baina, enpresa batzordearen arabera, “ez du beharrezko autokritikarik egiten, eta ez ditu jasotzen etorkizunean suteei aurre egiteko protokoloak hobetzeko behar diren neurriak”.
Adierazpen askatasuna
Bestalde, enpresa batzordeak salatu du GHKk banakako elkarrizketak egin dizkiela kea arnasteagatik intoxikatu ziren langileei, eta elkarrizketa horietan “Ekobal enpresako goi mailako arduradun baten presentzia baimendu” duela. Enpresa batzordearen ustez, egoera horrek “langile kaltetuen adierazpen askatasuna baldintzatu dezake”, eta gertatutakoaren inguruan emandako azalpenak baldintzatzeko arriskua sortzen du.
“Gardentasun falta” eta “beharrezko autokritikarik eza” ikusita, Zubietako erraustegiko langileek “enpresa hitzarmen propio baten aldeko” borrokan jarraituko dute: “Hitzarmen horrek erraustegiko lan baldintza bereziak kontuan hartu beharko ditu, baita bertan dauden arrisku toxikoak eta bestelako arriskuak ere, langileen lan baldintzak eta osasuna behar bezala babesteko”.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545