Aldatz gorrie, aldatz berrie

Haizea buruan eta ibili munduan

Ez dugu animalia lirdingatsu honen inguruko ezagutza handirik oraindik. Hala ere, uda honetan gure hondartzetan ospetsu izatera iritsi da. Izan ere, haize-orratzak hego-ekialdera begira jartzen direnean bisitari hauek euskal kostaldean topatzeko aukerak ugaritzen dira. “Txapela buruan eta ibili munduan” euskal esaera bere egin dute ornogabe hauek. Garaiko punk gandorrak oroitarazten dituen txapela dotorea dute, ondo puztutako haize-oihalaren tontorretan kolore fuksia, urdin edo more distiratsuak dituena.

Nagore Zaldua
Nagore Zaldua

Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.


2023ko urriaren 30a
Argazkia: Andreas Schwind / CC-ATTRIBUTION-2.0-GENERIC
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.
Karabela portugaldarra (Physalia physalis)

Taldea: Ornogabea / Cnidarioa

Neurria: haize-oihala 30 cm luzera eta 15 cm altuera.

Non bizi da? Itsaso zabalean, ur bero eta epelen gainazalean.

Zer jaten du? Arrainak, itsas animalia pelagikoen arrautzak eta planktona.

Babes maila: Ez dago babestuta.

Karabela Portugaldarrak Ozeano Atlantikoaren iparraldeko ur irekietan du bere bidaiaren abiapuntua, eta haren jitoa, hein handian, haizearen araberakoa izango da. Horregatik, Ipar Atlantikoa mendebaldetik ekialdera zeharkatzen duten haize nahiz itsas korronteak Bizkaiko Golkorantz zuzentzen direnean, karabelak gure ingurura gerturatuko dituzte, urte batzuetan bereziki. Behin hona gerturatuta, zaila izaten dute bertatik ihes egiten, eta haien bidaia gure hondartzetan amaitzen dute.

2022ko azaroan Galizian agertu ziren, eta 2023ko otsailean, berriz, Xixongo kostaldean, guztiak oso txikiak. 2023ko uztailean iritsi ziren euskal kostaldera. Haizearen indarra eta maiztasunaren araberakoa da karabelek egin ditzaketen kilometro kopurua. Edonola ere, animalia trebeak eta azkarrak dira, hilabetean 500 kilometro egitera iritsi daitezkeenak. Ipar Atlantikoko ur ozeanikoetatik Bizkaiko Golkora sartu eta gure kostaldera iritsi arte 10.000 kilometro baino gehiago egin ditzakete. 

Bidaia hau, ordea, desberdina da karabela bakoitzarentzat. Izan ere, izaki dimorfikoak dira, bi formatako karabelak baitaude: ezkerrak eta eskuinak. Ondorioz, ale bakoitzak eremu geografiko banatan amaituko du, haizeak forma bakoitzari angelu banatatik eragingo baitio. Horrela, dimorfismo honen arabera, batzuek Bizkaiko Golkoan eta besteek, aldiz, Kanariar Uharteetan amaituko dute.

Bestalde, marmoka itxurako animalia honek badu beste ezaugarri bat: ez da marmoka, ezta izaki bakarra ere! Karabela sifonoforo bat da, hidrozoo kolonial bat. Kolonia honen biziraupena bermatzeko, “polipo” edo “zooide” deituriko lau organismo-mota kolektiboki elkarlanean jarduten dira, itsas zabalean uharte isolatu bat balira bezala. Zooide mota bakoitzak ongi bereiztuak ditu bere betebeharrak. Batetik, “haize-oihala” edo bela modura eraldatutako zooidea dago, kolonia ur azalean mantentzea eta elikagai bila itsaso zabalean bidaiatzea ahalbidetzen duena (“pneumatoforoa”). Baina, ur azalean haize-oihal gisa funtzionatzen duen puxika deigarria nola betetzen da gasez? Pneumatoforo hauek azaleko zeluletatik garatutako gas-guruinei esker, haize-oihala karbono monoxidoz betetzen dute. Horrela, haien gandorra tentetzeko eta kontrakzio txikiak sortzeko ahalmena dute, besteak beste, korronteetara moldatzeko edota gorputza beti heze mantentzeko. 

Bestetik, kolonia elikatzeko harrapakinak ehizatuko dituen zooidea dago (“daktilozoidea”), ehiza eta defentsarako erabiliko dituen “nematozisto” deituriko zelula erresumingarriz hornitua. Garro hauek urdin ilunak eta kizkurrak dira, eta 50 metroko luzera izan dezakete. Karabelaren garro hauek ukitzen dituzten arrain eta organismo ugari immobilizatua geratu eta hil egiten da. Ondoren, liseriketa-zooide garden baten esku geratzen da (“gastrozoidea”) harrapakin horiek desegitea eta elikagaiak kolonia osora banatzea. Karabela Portugaldarra osatzen duen laugarren zooidea ugalketaz arduratzen da (“gonozoidea”): kolonia bakoitzean gutxi gorabehera 10 gonoforo inguru daude. Organismo “dioikoak” dira, kolonia ar eta emeak bereizten dira, baina oraindik ezin izan da zehaztu ugalketa sexualerako aldizkotasunik baden.

Kolonia honek bizitzan aurrera egiteko ezinbestekoa du haren parte diren lau organismoen arteko elkarlana. Funtzioak banatuz, guztiak ezinbesteko dira komunitatearen betebehar nahiz zailtasunei erantzuteko. Naturak erakutsi digu, beste behin, badugula harengandik zer ikasi.

Udaberrian sakura loreak eta itsas-tomateak
2025-03-31 | Nagore Zaldua
Itsasoan badira landareen itxura izan arren animalia harrapari diren izaki eder batzuk: anemonak. Kantauri itsasoan hainbat anemona espezie ditugun arren, bada bat, guztien artean bereziki... (+)
Amorrotxa, odol urdineko ameslaria?
2025-02-17 | Nagore Zaldua
Trebea, burutsua eta iheskorra; olagarro arruntak, izenak hala adierazten ez badu ere, aparteko trebetasunak ditu. Itsas molusku zefalopodo haragijale honek txundituta gauzka, bere ezaugarri eta... (+)
Ohartarazpenaren artelanak
2025-01-06 | Nagore Zaldua
Koloretsuak, distiratsuak, forma xelebre bezain ederrekoak diren heinean, nudibrankioek beste planeta batetik iritsitako izakiak dirudite. Itsas hondoko izaki biluzi hauek 1980ko hamarkadako gandorretako kolore biziak... (+)
Zaldun, dantzari edo zaindari; altxor ikusezin, betiere
2024-11-18 | Nagore Zaldua
Antzinako greziar eta erromatarrek izaki mitologikotzat zituzten animalia hauek, itsas hondoan jaio eta hazi ostean, lehorreko zaldien tamainara heltzean, Neptunoren gurditik tiratuko omen zuten. Urrutian... (+)
Adiorik ez, J.
2024-09-23 | Nagore Zaldua
A ze fauna! atalaren lehen denboraldian, olatuz-olatu hainbat  itsas izaki aurkeztu dizkizuet txoko honen traineruko kareletik. Ordea, bigarren denboraldiko nire lehen artikulua lagun bati gorazarre... (+)
gora