2024ko otsailean Astigarraga-Hernani tartea amaitu zutenean Abiadura Handiko Trena 2027an prest egongo zela aurreikusten zuen Eusko Jaurlaritzak. Orain Arkautiko lotunearen obren lizitazioari ekin dio Jaurlaritzak; Euskal Trenbide Sarea enpresaren esku utzi du, eta 2027an hasiko direla aurreikusi. Obren lizitazioaren inguruko astelehenean egindako agerraldian ez dute proiektuaren inguruko epe gehiago eman.
Atzeratu egingo dira, berriz ere, Euskal Y-aren obrak, eta Jaurlaritzak egin zuen azkeneko aurreikuspenaren kontrara, Abiadura Handiko Trena ez da 2028an martxan izango. Jaurlaritzak astelehenean eman dio Euskal Trenbide Sarea (ETS) enpresari Arkautiko lotunea eraikitzeko hitzarmena sinatzeko baimena, Espainiako Gobernuaren mandatu baten ondorioz.
Arkautiko lotunea trenak Gasteizko kanpoaldetik hainbat norabidetara banatzeko aukera emango duen azpiegitura da . “Ezinbestekoa” da Madrilekin lotzeko, eta horren obrak 2027 urtera arte ez dira hasiko. Horrek esan nahi du azpiegitura ez dela prest egongo 2029ra arte, gutxienez. Arkautiko lanak hasi arte, Eusko Jaurlaritzak ez du iragarriko AHT martxan jartzeko datarik.
PSE-EEko Mugikortasun Jasangarriko Sailburu Susana García Chuecak “berri ontzat” jo du obrak hasteko hitzarmena sinatu izana, baina zeharka onartu duenez, Arkautiko obrak nekez hasiko dira 2027a baino lehen. Jaurlaritzaren aurreikuspenen arabera, eraikuntza-proiektua “2025eko lehen hilabeteetan” lizitatuko da. Hala ere, kontuan hartuta “proiektu horiek idazteko epeak 22 eta 24 hilabete artekoak izan ohi direla”, Espainiako Estatuko Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko idazkari Jose Antonio Santanok urrian adierazi zuen obrak ez zirela 2026an hasiko.
Garcia Chuecak azaldu du “eraikuntza-proiektuaren lizitazioa ahalik eta azkarren egingo dela; 2025aren hasieran, ostean eraikuntza-proiektua idatzi eta obra amaituko dutela”, proiektuaren inguruko epe gehiago ematea saihestuz.
2006ko urrian, hots, duela 18 urte, hasi ziren Abiadura Handiko Trenaren obrak EAEn, Araban zehazki. 2008an, trenbidearen hiru adarrak eraikitzen ari zirenean, AHT martxan jartzeko aurreikusten zuten urtea 2013a zen. Urtebete geroago proiektua 2015an edo 2016an amaituko zutela iragarri zuten. 2015 heldu eta 2019ra atzeratu zuten makro azpiegitura abian jartzeko data.
2017ko maiatzean, Euskal "Y" delakoa 2023an martxan egon zedin, EAJk kronograma bat, epeak eta inbertsioak jaso zituen aurrekontu-akordioa sinatu zuen Mariano Rajoyren gobernuarekin. Hilabete batzuk geroago, Bergarako lanei ekin zieten, baina lizitazioaren atzerapenak erritmoa kolokan jarri zuen.
2024ko otsailean AHT 2027an prest egongo zela aurreikusten zuen Jaurlaritzak Astigarraga-Hernani tartea amaitu zutenean. Orain iragarri dute 2025eko lehen hilabeteetan lizitatuko dela Arkautiko lotuneko proiektua, eta 2027an hasiko direla obrak. Espainiako Ministroen Kontseiluak 146 milioi euroko inbertsioa onartu du obra horretarako, eta Adif enpresak beste 34,7 milioi euro gehitu dizkio.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545