Asteroko buletina
Otsailtxo laburrean, katarrak gau -lapurrean.

Gorbatadun intsektujaleak

Kaskabeltz diogunean zein txori etortzen zaigu burura? Seguruenik, ez dugu bat egingo! Izan ere, Euskal Herrian txori espezie bati baino gehiagori deitzen diogu kaskabeltz. Baina zein da kaskabeltz "jatorra", "autentikoa", "originala"? Kaskabeltz handia (Parus major). Identifikatzen oso erraza da: burua, izenak dioen bezala, beltza du, bi masail txurirekin batera. Bularra, aldiz, horia, atentzioa deitzeko modukoa. Gainera, espezie elegantea dela esan dezakegu, gorbata beltz elegante-elegantea darama-eta, baina ar eta emeen gorbatak ezberdinak dira: arrek gorbata zabal eta luzea daukate, sabelalde guztia zeharkatzen diena; emeek, aldiz, gorbata finagoa daukate, eta batzuetan, ez die sabelalde guztia zeharkatzen.

Nerea  Pagaldai Agiriano
Nerea Pagaldai Agiriano

Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.


2023ko azaroaren 27a
Argazkia: Charles J. Sharp / Wikimedia Commons

Zuhaiztiak ditu gustuko eta inguru anitzetara moldatu da: adi egonez gero, herri eta hirietako parkeetan ere erraz ikusiko dugu. Mendian, basoetan ere aurkitu dezakegu, eta nola ez… baserrietako fruitu arbolak eta ortuak ere gustuko ditu! Janagatik izango ote da? Dietaz intsektiboroa da, gehienbat intsektuz elikatzen da: kakalardo, liztor eta inurriak jaten ditu, besteak beste. Udaberrian tximeleta eta sitsen beldarrak jatea gustatzen zaio, eta udazkenean sasi, intsusa eta abarren fruituak. Ortuak batzuetan hankaz gora jarri dizkielako ezagutuko dute seguruenik baserritarrek kaskabeltza. Baina haziez gain, bertako beldar eta intsektu asko ere jaten dituela aipatu beharra dago. Beldarrak hain ditu gustuko, kontrol biologiko gisa ere erabili izan baita kaskabeltza, bere lehengusu amilotx urdinarekin (Cyanistes caeruleus) batera. Izan ere, bikote bakar batek umaldi garaian bataz beste 134 aldiz bazkatzen ditu txitoak eguneko eta hori gutxi balitz, ugaltze sasoiko eta hektareako 11.000 intsektuz elikatu daiteke.

Hegazti hau troglodita da, eta ez, ez nabil irainka, troglodita izateak habia zuloetan egiten duela esan nahi du. Hau dela-eta, zuhaitz zahar xamarrak behar ditu, zuloak dituzten horietakoak, bertan kumatzen baitu. Baina gure herri zein hirietako parkeetako zuhaitzei begirada bat botaz gero, ikusiko dugu zuhaitz gehienak gazteak direla, zulorik gabeak alegia. Hori dela-eta, leku batzuetan habia kutxak jarri izan dituzte, zuhaitzak gazteak izan arren bertan habia egiteko txokoa izan dezaten kaskabeltzek eta bera bezala trogloditak diren lehengusu amilotxek. Baina habia kutxa jarri baduzu eta beste batzuek erabili badute… neguan zehar garbitu ezazu! Nahiko finak dira eta ez dute kutxa edo zuloa bi aldiz segidan erabiltzen, garbia ez baldin badago behintzat.

Sasoi berean bi edo hiru txitaldi egin ditzake kaskabeltz bikote batek, bakoitzean zortzi eta hamairu arrautza bitartean errunez. Emeak bakarrik txitatzen ditu arrautzak 12-14 egun artean eta behin jaiota, berriz, bi gurasoek bazkatzen dituzte txitoak. Hauek arrautzatik irten eta hiru astetara egiten dute salto habiatik, inguruko adaxketara, baina oraindik aitatxo eta amatxori jana eskatuz. Sei edo zazpi astetara lortzen dute independentzia.

Gure kaskabeltz jatorra zorteduna dela esan dezakegu, ez baitago desagertzeko arriskuan. Baina badauka mehatxu bat: basotiarra dela esan dugu, eta ez ditu pinudiak oso gustuko (bere lehengusu batzuek ez bezala). Baso landaketa exotikoak ez ditu gustuko, eta horien garapenak, eukaliptoarenak batez ere, espeziearen ugaritasuna murriztea eragin dezake.

Prozesionaria jalea
Esaera asko sortu ditu hegazti honek. Ikusteko zaila den arren, denok ezagutzen dugu. Nola? Kantuagatik. Bere izena kantu egiteko erak eman diola pentsa dezakegu. Urtero... (+)
Basoko arotz mihi-luzea
Basoan barrena oinez joan eta hara, ‘krrukrru-krru’ ozen bat entzun da. Bi aldeetara begiratu... Nor ote? Okil beltza hegan. Ez da hegazti txikia eta kolore... (+)
Haizearekin dantzan
Egun osoa airean, buelta eta buelta, haizearekin dantzan kometa balitz bezala… eguzkiari itzal egiteraino! Horra hor, mirua hegan. Hortik dator eguzkia lainoetan atera eta sartu... (+)
Landa eremuaren zaindari
Elizara olioa ekarri, eta olioa falta, gauero. Nor ote? Elizako olioak edatera sartzen zela esaten zen, Etxalarren sakristaua eskopeta eta guzti zaintzen jartzeraino. Hortik omen... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora