Izotzetan eta elurretan, abenduko gau luzeetan.

Gaur banatuko dituzte Rikardo Arregi sariak

ARGIAko Jenofa Berhokoirigoin kazetariaren artzaintzari buruzko erreportajea da finalistetako bat. Jakoba Errekondori emango diote ohorezko mugarria, baratzearen inguruko jakintzaren dibulgazioan egindako lanagatik, besteak beste, ARGIAren Bizi Baratzea proiektuan. Andoainen izango da sari banaketa, 19:00etan.


2025eko azaroaren 26a
ARGIAk 2018an jaso zuen Rikardo Arregi saria, Zeruko Argiatik ARGIAra egindako ibilbideagatik.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Zortzi finalistaren artetik bi Rikardo Arregi sari banatuko dira, kazetaritzarena eta komunikazioarena, eta irabazle bakoitzari bederatzi mila euro banatuko dizkiete. Sari-banaketaren ekitaldia gaur izango da, azaroaren 26an, Andoaingo Bastero Kulturgunean, 19:00etan. Gainerako finalistekin batera, Jakoba Errekondo izango da oholtza gainean, Rikardo Arregi sarien ohorezko mugarria emango baitiote. “Baratzea ezarri du denen bizitzen erdigunean, izan hirian, izan baserri guneetan”. Horrela goraipatu dute epaimahaikideek agronomo eta paisajistak hamarkadetan egindako lana. Baratzearen inguruko jakintza Euskal Herriko hamaika txokotara zabaltzen egindako ibilbide luzeagatik jasoko du saria usurbildarrak.

ARGIAko eta Bizi Baratzeko irakurleek jakingo dutenez, Jakoba Errekondok 30 urte daramatza astero-astero lurrari lotutako gaiak lantzen astekariko Bizi Baratzea atalean. Hain zuzen, 2025a urteurrenez beteta izan du Errekondok: ARGIArekin argitaratutako Bizi Baratzea liburuak ere 10 urte bete ditu, eta ospakizun artean kaleratu dugu Bizi Baratzea Orria ere, urtaro bakoitzean lurrari begiratzen dion aldizkari berezia, Errekondoren artikuluak ere barne hartzen dituena. Gainera, Rikardo Arregiko ohorezko sarituak 40 urte egin ditu larunbat goizetan Euskadi Irratiko Landaberri saioan baratzeko aholkuak emanez, eta Elhuyarren ere kolaboratu izan du. Lurrari, ilargiari eta baratzeari buruzko jakintza bildu eta herrira zabaltzeko lan horregatik guztiagatik saritu dute Jakoba Errekondo.

Jenofa Berhokoirigoin finalista

Mendez mende dabilen lanbidea, garai berrietara egokitu nahian erreportajeagatik izendatu dute kazetaritza sariaren finalista Jenofa Berhokoirigoin ARGIAko kazetaria. Baxenabarre eta Zuberoan uda mendi etxoletan pasatzen duten hainbat artzainen egunerokoa biltzen du artikuluak, eta beraien lanbideaz eta mendiko biziaz dituzten gogoetak, kezkak eta ametsak jaso ditu bertan Gamarteko (Nafarroa Beherea) kazetariak.

Hauek dira epaimahaiak emandako argudioak, finalista gisa hautatzeko: "Etengabe aldatzen doan mundu baten inguruko erreportaje multi-ahostuna eskaintzen digu Argiako orrialdeetan. Aldatzen ari da eta gainera feminizatzen. Beti geldoa eta ohiturazkoa irudikatzen dugun artzaintza du aztergai, molde bizi eta zinez interesgarri batean. Elkarrizketa ezberdinen bidez, lurrik gabeko artzainen mendiko bizipenak, kezkak, plazerak agertzen dizkigu, ustez ezagutzen dugun -gehienbat idealizatzen duguna- baina funtsean arras ezezagun zaigun artzainen egunerokotasuna partekatzeko. Hizkuntza sotil eta gozo batean dago idatzita artikulua, ez gara galtzen, alderantziz. Bortuetako ofizio batekiko begirada ezberdina bideratzeko baliosa den artikulua".

Kazetaritza sariaren gainontzeko finalistak hauek dira: Goiena, Datuetatik tiraka saioagatik; Baleuko ekoiztetxea, Ur handitan. Palestina, gatazka amaigabea saioagatik; eta Nagore Arin, Berrian eginiko Boiseko Jaialdiari buruzko dokumental eta kronikagatik. Komunikazio sarietako finalistak, aldiz, beste lau hauek dira: Elhuyar, Zurrunbiloa proiektuagatik; Ulu Media, ULUA hedabide digitalagatik; GUKA, Erdalduntze makina kanpainagatik; eta on.eus ataria.

Saridunak hautatuko dituzten epaimahai kideak hauexek dira: Miren Berasategi Zeberio (Deustuko Unibertsitateko irakasle eta ikerlaria), Eneko Bidegain Aire (idazlea eta Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultateko irakaslea), Itxaro Borda (idazlea eta prentsa kolaboratzailea), Angel Erro Jimenez (idazlea, itzultzailea eta prentsa kolaboratzailea), Pantxika Maitia (kazetaria), Libe Mimenza Castillo (UPV/EHUko irakaslea eta ikerlaria), Marta Lasa Goñi (mahaiburua eta Andoaingo Udaleko Euskarako zinegotzi arduraduna), eta Arantza Aguado Perugorria (idazkaria eta Andoaingo Udaleko Euskara teknikaria).

 

4x07: GARO EDO IRATZEAREN KULTURA... Etorkizunean ere erabilgarri | Iñaki Sanz Azkue
2026-02-11 | ARGIA, Bizi Baratzea
Iratzea edo garoa ongarri ezinbestekoa izan da baserri bizimoduan. Ez zegoen nahi beste, horrek gatazkak ekarri zituen eta udalek esku hartu behar izan zuten. Horregatik,... (+)
Putzua testu-liburu
Zaldibiako Lardizabal eskolan, ikastetxeko hezkuntza curriculumean dute txertatuta urmaelaren erabilera didaktikoa. Baina zer egiten dute eta zer ikasten duteikasleek putzuan? Bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dugu. Gidoia: Mikel Garcia... (+)
Zaldibarko alkate ohia inputatu dute, zabortegia zabaltzeko lanen berri ez ematea egotzita
2026-01-29 | ARGIA
Hirigintzari loturiko ustezko prebarikazio delituengatik inputatu dute 2011 eta 2018 artean EH Bildu ordezkatuta Zaldibarko alkate izan zen Arantza Baigorri, bi udal arkitekto eta idazkariarekin... (+)
4x14: Hiru inbaditzailetxo
2026-01-20 | ARGIA
Gaur animalia espezie inbaditzaileei buruz hitz egin dute Nagore Irazustabarrena eta Axier Lopezek. Hiru kasu aztertu dituzte, guztien artean inbaditzaileena zein den ondorioztatzeko.  Honako abestiak erabili... (+)
Txotxa zabaldu dute Saizarren eta Petritegin
2026-01-16 | ARGIA
Asteazkenean egin zuten ekitaldia Astigarragako Petritegi sagardotegian, Sagardoaren Lurraldeak antolatuta, eta ostegunean gauza bera egin dute Usurbilgo Saizarren. Lehenbizikoan, Euskal Pilota Selekzioa arduratu da txotxa... (+)
gora