2.000 milioi euroko kostua izango dute AHT Madrilekin eta AVE trenarekin lotzeko aurreneko lanek. Asteburuan egin dute manifestazio bat Iruñean, AHTa eraikitzeko obretako esklabotza-baldintzak salatzeko.
Espainiako Gobernuak bide egin dio Abiadura Handiko Trenaren (AHT) Gasteiz (Araba) eta Burgos arteko lotunea eraikitzen hasteari, abenduan proiektua onartu ostean, ministroen kontseiluak atzo baimendu baitzuen obraren lizitazioa. Beraz, proiektua lehiaketara atera da jadanik. 96 kilometro baino gehiago edukiko ditu guztira lotune horrek, eta AHT Madrilekin eta AVE trenarekin konektatuko du. Hala ere, bost zatitan banatuko dute bide guztia, eta aurreneko zatia egiteko lanak dira orain onetsi dituztenak.
8,4 kilometro inguru besterik ez ditu lehen zatiak, baina kostua erraldoia izango da: 2.000 milioi eurokoa, Espainiako Garraio Ministerioaren aurreikuspenen arabera. Itxura denez, gainera, handiak dira obraren zailtasun teknikoak, eremu menditsu bat zeharkatu beharko baitu trenbideak; Pancorboko haizpitartearen eta Orabenes mendien artekoa, hain justu. Lotunearen gainerako zatiak ere aurten lizitatu nahi dituzte.
Esklabotza-baldintzak AHTren obretan
AHT Gelditu! plataformak deituta, joan den asteburuan manifestazio bat izan da Iruñean (Nafarroa), AHT eraikitzeko obretan jarduten duten langileek jasan behar dituzten miseriazko lan-baldintzak salatzeko. Obra horiek martxan jarri zituztenetik, Euskal Herrian gutxienez hamabi beharginek galdu dute bizia lan horietan.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545