Astelehenero 8:00etan zure epostan
Ekainean hasi eta hamar urte inguru luzatuko dira Garoñako zentral nuklearra desegiteko lanak. Bi fasetan egingo dira, erreaktorea desegin aurretik igerilekuak husteko. Hondakinen %15 zentralean bertan geratuko da.
Garoñako desegite prozesuko zuzendari Manuel Ondarok SER irratian jakitera eman duenez, 2023ko ekainean hasi eta 2033an amaituko dira desegite-lanak. Bi fasetan gauzatuko dute prozesua: lehendabizi, igerilekuak husteari ekingo diote; eta ondoren iritsiko da erreaktorearen desmuntatzea.
Hamar urte igaro dira Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak Garoñaren jarduera etetea eta zentrala ixtea agindu zuenetik, 2012ko abenduaren 16an. Nolanahi ere, zentral nuklearraren jarduera 2018ra arte luzatu zen azkenean, itxiera bera eta desegite prozesua nabarmen atzeratuz.
2020an, Espainiako Gobernuak eta Nuclenorrek zentrala desegiteko lanak eta, ondoren, titulartasuna esleitu zizkioten hondakin erradioaktiboen tratamenduan espezializatutako Enresa enpresari. Orain, aginduzko agiriak aurkeztu ondoren eta Segurtasun Nuklearreko Kontseiluaren onespenarekin, laster hasiko dira lanak. Ondarok ziurtatu duenez, datorren urteko ekainean izango da hori: "Martxoan txosten teknikoa lortzea espero dugu, prestaketari lehenbailehen ekiteko".
Proiektuaren arabera, prozesuak bi fase izango ditu, eta hamar urtez luzatuko da; hau da, 2023ra arte:
Behin betiko desegitearen ostean, hondakin erradioaktiboen %15 (jarduera handiko zein txikiko material erradioaktiboak) zentralean bertan geratuko dira behin-behinean, zigilatuta. Ondaroren arabera, "pertsonentzat eta ingurumenarentzat arriskurik gabe" egin ahal izango da hori. Hala ere, kritiko agertu da Ekologistak Martxan taldea: "Hondakin horiek ezin dira tratatu, biltegiratu bakarrik, eta erantzukizun hori guztiok hartu behar dugu".
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545