Ganderailu, sasoinaren berrigailu.

Frontexek bazekien ‘Adriana’ ontziko migratzaileak arrisku larrian zeudela, baina ez zuen ezer egin

Greziako kostaldean joan den urteko ekainean 720 migratzaile zeramatzala hondoratutako itsasontziaren kasuari buruzko ikerketa publiko egin du Europako Herritarren Defendatzaileak. Azaldu duenez, Frontex erakundeak ez du nahikoa "tresnarik" egoera horietan bere erabakiak hartzeko. Hala, Adriana-ko pasaiariak arrisku bizian zirela jakinik ere, ez zituen lagundu, ez zuelako Greziako agintarien erantzunik jaso. 600 lagun hil ziren.


2024ko martxoaren 01a
'Adriaa' ontziaren irudi bakanetako bat. Greziako kostazainek ez omen zuten erreskate operazioaren irudirik hartu, horretara derrigorturik dauden arren.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Beste behin, erakunde ofizial baten txostenak agerian utzi du Europar Batasuneko utzikeria migrazio politikari dagokionez. Beste behin, zientoka migratzaile izan dira utzikeria hori euren biziarekin garesti ordaindu dutenak. Oraingoan, Europako Herritarren Defendatzaileak atera dizkio koloreak Frontexi, ustez kosta-zaintza lanak egin behar lituzkeen europar erakunde ilun horri.

Joan den urteko ekainaren 14an, Mediterraneoan izandako hondamendi handienetako bat gertatu zen Grezia eta Italia artean, Pilos herritik gertu. Libiatik irten eta 720 migratzaile zeramatzan Adriana arrantzontzi zaharra noraezean zebilen egun batzuk lehenagotik, eta azkenean irauli eta 600 lagun inguru hil ziren, soilik 120 naufrago irten ziren bizirik eta 78 pertsonen gorputzak berreskuratu zituzten; gainerakoak desagertutzat eman ziren, itsasoak irentsi zituen.

Hilabete geroago, The Guardian egunkariak, NDR Alemaniako irrati-telebista kate publikoak eta Solomon Greziako hedabideak, hondamendiari buruzko ikerketa egin zuten. Lekukoak elkarrizketatu eta puntako teknologiak erabili zituzten horretarako, Forensis enpresaren laguntzarekin. Ondorioa izan zen, Greziako kostazainek arrantzontzia soka batekin italiar jurisdikziopeko uretara eraman nahi izan zutenean irauli zela barkua; horren ostean, naufragoek ez zuten inoren laguntzarik izan ordu luzetan. 

2023ko ekainaren 14an gertaturikoa berritu dute zuten hainbat hedabidek, teknologien eta lekukoen laguntzarekin. Irudia: Forensis

Europako Herritarren Defendatzaile Emily O’Reillyk ere ikerketa zabaldu zuen uztailean, eta zortzi hilabete geroago ondorioak eman ditu. Azaldu duenez, Frontex erakundeak lautan eskaini zien laguntza Greziako agintariei, baina erantzunik jaso ez zuenez, ez zuen ezer egin, jakitun izan arren migratzaileak arrisku larrian zeudela.

Bizitzak salbatzea ezin du aukera bat izan Frontexentzat

O’Reillyren ustez kasuak agerian uzten du Frontexek ez duela nahikoa "tresnarik" horrelakoetan esku hartzeko, EBko kide den estatuetako baten baimenari itxaron behar baitio laguntza eman aurretik.

Baina Herritarren Defendatzailearen ustez, larrialdi bat dagoenean migratzaileak laguntzea dagokio erakunde orori, eta gogorarazi du Ursula Von der Leyen Europako Batzordearen presidenteak berak 2020an Europar Parlamentuan esandakoa: “Itsasoan, bizitzak salbatzea ez da aukera bat”.

Azaldu duenez, Frontex “oso kontziente” zen Greziako agintariek nola jokatzen duten itsasoz euren kostaldera iristen diren migratzaileekin: “Bere jarduna ez da hutsetik hasten”, dio. Baina hala ere, egungo araudiak "galarazi" zion Adriana-ren istripuan “paper aktiboagoa izatea”.

 Frontex “oso kontziente” zen Greziako agintariek nola jokatzen duten itsasoz euren kostaldera iristen diren migratzaileekin: "Bere jarduna ez da hutsetik hasten”, dio Europako Herritarren Defendatzaileak

O’Reilly oso kritiko azaldu da itsas salbamenduak bideratzeko garaian Europar Batasunak hartu duen norabide eta duen jokabidearekin. Gogorarazi du 2014an Italian Mare Nostrum plana amaitu zenetik, EBk ez duela erreskaterako beste planik abian jarri, eta Europako herrialdeak migratzaileak aldendu nahian dabiltzala geroztik, haiei laguntzen dieten Gobernuz Kanpoko Erakundeak jazartzen dituzten bitartean.

Gainera, EBk Frontexi “kostazain” funtzioa eman zion arren, “ez da hori izatera iristen”. Mugen eta Kosten Europako agentziak diru-partida handiak jasotzen ditu, 850 milioi euro zehazki, baina migratzaileak kanporatzera eta mugak kontrolatzera bideratzen ditu horietako gehienak eta ustelkeria kasuak ere eman dira erakunde barruan.

Okerrena da, hilabete horiek guztiak igaro direnean, ez dela inongo aldaketarik egin egoera hori konpontzeko, eta herritarren defendatzaileak ez duela baztertzen Adriana arrantzontziarena bezalako katastrofe bat berriz errepikatzea.

Egun bat ere ez du iraun martxan munduko zentral nuklear handienak, akats gehiago atzeman ondoren
2026-01-22 | Urko Apaolaza Avila
Japoniako Kashiwazaki-Kariwako zentrala asteazkenean piztu ondoren, 6. erreaktoreko kontrol barren alarman akatsa atzeman dute eta geldiarazi egin dute. 2011ko Fukushimako hondamendiaren ondorioz itxi zuten eta TEPCO... (+)
Munduko zentral nuklear handiena berriz piztu du Japoniak, frogetan akatsak atzeman arren
2026-01-21 | Urko Apaolaza Avila
Kashiwazaki-Kariwa-ko zentral nuklearra 2011n itxi zuten, Fukushimako istripuaren ondoren. Asteazken honetan berriz martxan jarri du TEPCO konpainiak, azken egunetan egindako frogetan akats larriak atzeman arren.... (+)
Elurra sortzeko, erreka idortu? Sierra Nevadako eski estazioaren azken burutazioa
2026-01-14 | Urko Apaolaza Avila
Iberiar penintsulako mendikate garaienean elur gero eta gutxiago pilatzen denez, Cetursa eski enpresa publikoak Andaluziako Juntari eskatu dio Monachil errekatik ur kopuru bikoitza ateratzea, elur... (+)
Fotovoltaikoen zilar goseak hondoratuko du Cerro Rico
2025-12-07 | Urko Apaolaza Avila
Potosí hiri ondoan, Boliviako altiplanoan 4.800 metrotara altxatzen den Cerro Rico mendia kolapsatzeko zorian dago. Ehunka galeriak zulatzen dute, espainiarren –eta euskaldunen– garai kolonialetatik esplotaturiko... (+)
COP30: jet pribatuen uholde batek kutsatu du Belém
2025-11-26 | Urko Apaolaza Avila
Hegazkin pribatuen trafikoa %60 hazi da azaroan Belémen, aurreko urtearekin konparatuta. Klima aldaketaren goi bileran parte hartu duten herrialde eta multinazionalen ordezkariek 297 hegaldi egin... (+)
gora