Solaria multinazionalak 100 hektareako parke fotovoltaikoa eta eskualdea zeharkatuko lukeen Oso Goi Tentsioko Linea eraiki nahi ditu Arabako Gorbeialdean. Herritarrak aurka antolatu dira eta ekimen jendetsu ugari burutu dute denbora gutxian. Baina Gorbeialdeakoa Solariak Araban duen egitasmo orokorraren parte bat da soilik. Bitartean, proiektuak aurkeztean “iruzur” egitea edo lur jabeak “jazarri” eta “presionatzea” leporatu diote enpresari hainbat eragilek.Horretaz guztiaz hitz egin dugu Unai Pascual Zigoitiko bizilagun eta Gorbeialdea Defendatu plataformako kidearekin.
Zierbena Solar 3 proiektua bultzatzen ari da Solaria enpresa Arabako Gorbeialdean. Zer ingurune mota da Gorbeialdea, eta nola eragingo lioke egitasmoak?
Natur gune oso baliotsua da, hiru udalerriz baina herri txiki ugariz osatuta. Solariaren proiektuak bete-betean eragiten die hiru udalerriei, Zigoitia, Zuia eta Urkabustaiz. Gopegi herrian, Zigoitiko udalerrian, 100 hektarea baino gehiagoko industriagune fotovoltaikoa ezarri nahi dute. Hori jada publikoa da. Baina badakigu Zigoitian beste 100 hektareatako bigarren proiektu bat ere aurkeztuko dutela, lur jabeei lurrak erosi asmoz ari baita azken bi urtetan. Eta badakigu ere Araban 30 proiektutik gora dituela aurreikusita Solariak.
Publikoa den proiektuari dagokionez, lau herriren artean dagoen lur zati handiena hartuko luke, etxeetatik 200 metrora soilik. 100 hektarea, 100 futbol zelaiko hedadura, oso aberatsak izateagatik estrategiko kontsideratzen diren lurretan. Bestalde, Gorbeiako parke naturalaren sarrera nagusietako baten ondoan dago, paisaiari kalte handia egingo lioke, eta eragingo lioke ere naturari loturiko turismoari, eskualdean garrantzia pixka bat baduena.
Elektrizitatea garraiatzeko eraiki nahi duten azpiegitura ere kritikatu duzue
Bai. Elektrizitate linea bat aterako litzateke parke fotovoltaikotik, Oso Goi Tentsioko [400 kilovot-etik goragoko tentsiokoak] beste linea batera konektatuko litzatekeena. Oso Goi tentsioko Linea horrek 100 kilometro baino gehiago izango ditu, Araba hegoaldetik Zierbenaraino (Bizkaia) eramango luke argindarra.
Urkabustaizen eta Zuian batez ere Oso Goi Tentsioko lineak eragingo lituzke kalteak. Dorre erraldoiak eraiki nahi dituzte, 70-100 metroko tartearekin elkarren artean eta 100 metro inguruko altuerakoak. Bilboko Iberdrolaren eraikin famatuak 100 eta gutxi metro ditu, pentsa. Lur kopuru izugarriak mugitu beharko lirateke dorreak jartzeko, bideak egin, linearen alde batera eta bestera eremu zabal bat utzi behar da 'garbi' istripurik egotekoan suteak eta beste arrisku batzuk saihesteko... Horko baso asko ez dira pinudiak, bertako basoa baizik, faunaren eta bereziki hegaztien aldetik ingurune garrantzitsua da, bertan egiten dituzte habiak Europa mailan babestuta dauden hainbat espezie... Bioaniztasunaren aldetik arriskua handia da.
"Dorre erraldoiak eraiki nahi dituzte, 70-100 metroko tartearekin elkarren artean eta 100 metro inguruko altuerakoak"
Gasteizen egin zenuten lehenbiziko agerraldi publikoa proiektuaren aurka, ekainaren 21ean. Energia trantsizioaren eta klima larrialdia saihesteko neurrien alde zaudetela esan zenuten, baina "natura eta biztanleak errespetatuz". Nola hezurmamitzen da hori? Eztabaida bizia dago...
Eztabaida ematen hasi da azken garaian, baina ikusten dugu oraindik ez dagoela egituratuta, eta aktore bakoitza bere aldetik ari dela: enpresak, gobernuak, gizarte zibila, alderdiak... Nork bere irakurketa du, baina gizarte gisa ez gara eztabaida ondo egiten ari.
Ez dago lurralde plangintzarik. Energia berriztagarrientzako plan sektorialak oraindik onartu gabe daude, eolikoena badago baina oso zaharkitua geratu da. Lurralde plan sektoriala zirriborro fasean dago aspaldi, eta egun jasotzen dituen irizpideekin Zigoitiko proiektuak ez luke baimenik lortuko. Baina Jaurlaritzak denbora asko darama plana onartu gabe, eta bitartean egin egin daiteke. Gobernantza arazo bat dugu. Far West antzeko batean gaude: heltzen lehena den enpresak lurrak hartu eta nahi duena egiten du. Solaria da gurean aitzindaria, enpresa erraldoia, baina gehiago ere heldu daitezke. Ez badugu plan orokorrik eta gizarte eztabaidarik, hau desastre hutsa izango da.
Eredu deszentralizatua aldarrikatzen duzue, eta energiaren ekoizpen eta kontsumo guneak elkarrengandik hurbil egotea.
Noski ezarri behar direla berriztagarriak, baina ordena pixka batekin. Adostasuna oso zaila izango da, baina lortu beharko dira gutxieneko batzuk erakunde eta gizarte eragileen artean: zein kokapen, zein tamaina, jabetza norena... Trantsizio ekosoziala da gure helburua, eta hori trantsizio energetikotik haratago doa. Trantsizio energetikoa ezin da joan trantsizio ekosozialaren aurka, eta Solariaren proiektuak hori egingo luke.
Oraingo egoera da Aragoin elektrizitate kopuru izugarria ari dela ekoizten Forestalia enpresa, ehunka kilometroko Oso Goi Tentsioko linea baten bidez Gasteizera eramateko. Eta plana da Araban ekoiztuko litzatekeen elektrizitatea Zierbenara eramatea, Bizkaiko kostaldera. Ez du ez hankarik ez bururik, hori herritarrek zein erakundeek diote.
"Solaria enpresaren estrategia mafiosoa da"
Far West-a aipatu duzu lehen. Solaria enpresa erraldoia da, besteak beste Black Rock munduko inbertsio funts handiena duena akziodunen artean. Enpresaren "jazarpena", "xantaia", "presioak" salatu ditu UAGA nekazal sindikatuak Arabako Arratzua-Ubarrundia eskualdean, eta zuek ere antzekoen berri eman duzue Gorbeialdean. Horrez gain, enpresa "iruzurra" egiten ari dela salatu du Lurra sareak, besteak beste proiektuak zatikatzeagatik baimena emateko eskumena Jaurlaritzaren eta ez Espainiako Gobernuaren esku gera dadin.
Solaria enpresaren estrategia mafiosoa da. Badakigu 30 proiektu inguru dituela aurreikusita, orain arte hiruzpalau aurkeztu baditu ere. Proiektu horiek guztiak elkarrekin aztertu beharko lirateke ingurumen inpaktuaren balorazioa egiteko orduan, ez zatika. Jakina, osorik edo zatikatuta egin, ondorioen emaitzak oso bestelakoak dira. 30 proiektu horiek linea berera botako lukete ekoizten duten energia, Zierbenara eramateko. Proiektu erraldoi bakarra dira.
Batetik, makroproiektu bakar gisa aurkeztuko balute, sortuko lukeen erantzun soziala askoz handiago litzateke, proiektua zatikatuz erresistentzia zatikatu nahi dute. Bestetik, proiektu bakoitzak 49,895MWeko potentzia izango lukeela diote. 50MWtik gora Madrilek erabakitzen du, ez Gasteizek, eta hori ere saihestu nahi dute. Horrek adierazten du, bestalde, Jaurlaritzak errazago ematen dituela baimenak Espainiako Gobernuak baino. Ohiko jokabidea da, Espainiako beste hainbat tokitan ere egin dute berdina.
"Sentimendua da Solariak ez duela lortuko, ez direla pasako gure lurren gainetik"
Eta lur jabeen gaineko “jazarpena”, Gorbeialdean ere gertatu da edo gertatzen ari da da?
Solaria oso modu intentsuan eta treguarik gabe aritu da lur jabe guztien atzetik, banan-banan, 35 urterako alokatzea edo saltzea lortu nahian. Lur jabe askok ez zuten ezagutzen proiektuaren dimentsioa. Adibidez, Zigoitiko kasuan, soilik esaten zieten "zure hektarea parea alokatzea gustatuko litzaiguke plaka batzuk jartzeko...". Baina esan gabe proiektua 100 hektareakoa dela. Hori jakinez gero, saltzeko prest egon daitezkeen batzuek ez lukete salduko. Edo esanez tratua egiten ez badute eta besteek bai, aurrerago akaso desjabetu egingo dietela lurra. Antzeko praktika mafioso ugari erabiltzen dituzte.
Estreinako agerraldi oso jendetsua egin zenuten ekainean, Solariaren proiektuaren aurkako 5.540 helegite aurkeztu dituzue Jaurlaritzan uztailean... kontrakotasun handia eta antolatua dagoela ematen du, horrela da?
Proiektua ezagutu genuen unetik antolatzen hasi ginen hiru udalerrietan, bakoitzak bere plataforma propioa du [Urkabustaiz Babestuz, Zuia Bidean eta Zigoitia Bai] baina Gorbeialdea Defendatu sortu dugu koordinatuta lan egiteko. Herri plataformak oso zabalak dira. Zigoitian ostiralero egiten dugu asanblada irekia, hasieran 200 pertsona inguru batzen ginen, orain jaitsi da baina ehundik gora elkartzen gara. Lan talde espezializatuak sortu ditugu ingurumen eta osasun arloa lantzeko, helegite tekniko sendoak aurkeztuko ditugu. Herritarrek ere aurkeztu dituzte helegiteak maila pertsonalean, milaka. Komunitate energetikoen sorrera ere bultzatzen ari gara.
Jendea oso bero dago, baina aldi berean gauzak buru askorekin egiten ari da, eta lanerako prestutasun handiarekin. Bi hilabete oso intentsu izan dira, baina hau luzerako doa, beraz antolakuntza, antolakuntza eta antolakuntza. Sentimendua da Solariak ez duela lortuko, ez direla pasako gure lurren gainetik.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545