Izarren hautsa futbol zelaietako soropiletan eta jatetxe txit glamurosoen baratzeetan —izpilikua eta ezkaiaren artean— loriagai bihurtzen den herri honetan

“Ez dut uste AA Orokorra lortzen saiatu behar dugunik, immorala da”

‘Empire of AI’ liburua idatzi du Karen Hao kazetariak, OpenAI inperioa eta haren buru Sam Altman hizpide. Adimen Artifizialaren burbuilaz, kalteez eta etorkizunaz dihardu bertan.


2025eko abenduaren 17a
Karen Hao kazetari estatubatuarra, 'Empire of AI' aurkezten.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Hiru urte eskasetan, historiako start up baliotsuena bilakatu da OpenAI, eta bere burua irabazi asmorik gabeko laborategi teknologiko gisa aurkeztu zuena negozio itzela bihurtu da. “OpenAIren helburua betitik izan da AAren garapena menperatzea eta teknologia horretan liderra izatea”, dio Haok, Eldiario-n egin dioten elkarrizketan. Negozioa “hipersekretu” bilakatu dela ere badio kazetariak, “nahiz eta hasieran esan zuen gardena izango zela”.

Jendearen datu pertsonalak inoiz ez zituela salduko ere esan zuen OpenAIk, baina egin egingo duela sinetsita dago Hao: “Gainera, teknikoki diru asko ari da irabazten jendearen datuei esker, AAren etorkizuneko ereduak entrenatzeko pertsonen datuak erabiltzen dituen heinean”. OpenAI publizitaterako prestatzen ari dela nabarmendu du kazetariak: “Espazioak eta azpiegiturak sortzen ari dira iragarkiak sartu ahal izateko. Eta horrek ekarriko du erabiltzaileen datuak %100ean erabiltzea, iragarkiak hobeto segmentatzeko”.

Inperio batekin konparatu du OpenAI: “Baliabide kopuru izugarria erauzten ari dira, esku-lan kopuru itzela ari dira esplotatzen (500.000 milioi dolarretan baloratutako enpresak orduko dolar gutxi batzuk baino ez ditu ordaintzen, ChatGPTren arrakastarako ezinbestekoa den lana egiteagatik), eta biztanleen gehiengoari mesederik egiten ez dioten ekintzetan hartzen dute parte. Munduan atzerapen demokratikorako joera indartzen duen azeleragailu bat gehiago da OpenAI”.

Izan ere, halako boterea ez dela zilegi iritzi dio Haok: “Berdin dio Sam Altman den burua edo beste edozein, inork ez luke halako rolik izan behar, inori ez litzaioke utzi behar mundu mailan halako eragin eskerga izaten. Milaka milioi pertsonari eragiten dieten erabakiak hartzeko gaitasuna du, eta milaka milioi horiek ez dute ahotsik”.

Hain justu, OpenAIk leku askotan irudi txarra duela dio, eta herritar asko kexu direla, euren komunitateetara datu zentroak iristen direnean. “Inperioak handitzen jarraitzen duen heinean, komunitate gehiago erauzten eta horiek esplotatzen jarraituko du. Eta horrek ekarriko du gero eta komunitate gehiago egotea enpresaren aurka”.

"Inperioak handitzen jarraitzen duen heinean, komunitate gehiago erauzten eta horiek esplotatzen jarraituko du. Eta horrek ekarriko du gero eta komunitate gehiago egotea enpresaren aurka"

Adimen Artifizial Orokorra jomugan

AA Orokorra lortzeko hainbat enpresaren arteko lehia bortitzaz ere galdetu diote kazetariari: posible al da gizateria gaindituko lukeen makina kontzientea sortzea, bere burua hobetzen joateko kapaza? Libururako egindako ikerketatik gehien harritu duena gai hau izan dela dio Haok: “AA Orokorraren diskurtsoa marketina zela pentsatzen nuen, baina enpresa hauetako eta orokorrean industria munduko jende boteretsu ugari dago sinesten duena AA Orokorra posible dela eta berehala lortuko dela”.

AA Orokorra lortzeko bai lehia, bai desira kritikatu ditu kazetariak: “Ez dut uste AA Orokorra lortzen saiatu behar dugunik, lortzea posible izan edo ez, teknologiak eraikitzearen helburuak izan behar duelako pertsonen zerbitzura egotea, ez pertsonak ordezkatzea. Eta AA Orokorrarekin lortu nahi da pertsonen mailako adimena, jendeak egin ditzakeen gauza asko automatizatzeko. Hori lortzeko eskalatze hau guztia ez dut beharrezko ikusten, eta immorala ere iruditzen zait. Gainera, horren kontura ingurumenari eta pertsonon osasun publikoari kalte izugarria eragiten ari dira, zer eta krisi klimatikoari aurre egiteko denbora askorik ez dugunean”.

“Burbuila erraldoia”

AAren inguruan burbuila handi bat dagoela uste du Karen Haok. “Ez dakit enpresa hauek nola lortuko duten euren inbertsioetatik itzulkina jasotzea. OpenAIk 1,4 bilioi dolarreko gastua du datozen urteetarako eta gehienez 20.000 milioiko irabaziak sortu ditu. Arrakala handia da hori eta OpenAI ideiarik gabe geratzen ari da, horri buelta emateko. Harpidetza ereduarekin saiatu da, publizitaterako prestatzen ari da… baina horrek guztiak ez du arrakala ixten. Ez dago negozio eredu bideragarririk hor”.

4x07: GARO EDO IRATZEAREN KULTURA... Etorkizunean ere erabilgarri | Iñaki Sanz Azkue
2026-02-11 | ARGIA, Bizi Baratzea
Iratzea edo garoa ongarri ezinbestekoa izan da baserri bizimoduan. Ez zegoen nahi beste, horrek gatazkak ekarri zituen eta udalek esku hartu behar izan zuten. Horregatik,... (+)
Putzua testu-liburu
Zaldibiako Lardizabal eskolan, ikastetxeko hezkuntza curriculumean dute txertatuta urmaelaren erabilera didaktikoa. Baina zer egiten dute eta zer ikasten duteikasleek putzuan? Bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dugu. Gidoia: Mikel Garcia... (+)
Zaldibarko alkate ohia inputatu dute, zabortegia zabaltzeko lanen berri ez ematea egotzita
2026-01-29 | ARGIA
Hirigintzari loturiko ustezko prebarikazio delituengatik inputatu dute 2011 eta 2018 artean EH Bildu ordezkatuta Zaldibarko alkate izan zen Arantza Baigorri, bi udal arkitekto eta idazkariarekin... (+)
4x14: Hiru inbaditzailetxo
2026-01-20 | ARGIA
Gaur animalia espezie inbaditzaileei buruz hitz egin dute Nagore Irazustabarrena eta Axier Lopezek. Hiru kasu aztertu dituzte, guztien artean inbaditzaileena zein den ondorioztatzeko.  Honako abestiak erabili... (+)
Txotxa zabaldu dute Saizarren eta Petritegin
2026-01-16 | ARGIA
Asteazkenean egin zuten ekitaldia Astigarragako Petritegi sagardotegian, Sagardoaren Lurraldeak antolatuta, eta ostegunean gauza bera egin dute Usurbilgo Saizarren. Lehenbizikoan, Euskal Pilota Selekzioa arduratu da txotxa... (+)
gora