Asteroko buletina
Urriko tenporetan ze haize, negu guztian alantxik

Euskal Herriko Perez sagutxoa

Saguzarrek Chiroptera taldea osatzen dute. “Cheir” eskua, “pteron” hegala, antzinako grezieran. Beraz, eskuetan hegalak. Hegan egin dezakeen ugaztun bakarra izanik, airea konkistatu eta sekulako arrakasta lortuta, mundu osoan ia 1.500 saguzar espezie daude deskribatuta.

Egoitz Alkorta Miranda
Egoitz Alkorta Miranda

Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.


2024ko ekainaren 10a
Argazkia: Dave Thomas.
Pipistrelo txikia (Pipistrellus pipistrellus)

TALDEA: Ornoduna/Ugaztuna.

NEURRIA: 3,5-5 cm.

NON BIZI DA? Mota guztietako habitatetan, baita eremu urbanoetan ere.

ZER JATEN DU? Eltxoak eta sitsak.

BABES MAILA: Europa mailan babestua. Beste saguzar espezie asko “galzorian” edo “kaltebera” mailan daude Euskal Herriko hainbat katalogotan.

Gure artean saguzar ikusienetakoa eta ezagunenetakoa, pipistrelo txikia da. Zinez da txikia (3,5-5cm) eta Euskal Herri osoan bizi da. Pitzadura eta zuloetan gorde zalea da eta orotariko habitatetan aurki daiteke, baita eremu urbanoenetan ere. Herrietako farola inguruetan ikusten dugun saguzar sinpatikoa pipistreloa da. Argiak erakarritako intsektuei segika ibiltzen da, horiek harrapatzeko sekulako akrobaziak eginez.

Horretarako punta puntako teknologia erabiltzen du: ekolokalizazioa. Muturra erabilita ultrasoinuak igorri eta oihartzuna belarriekin jasotzen du. Bere burua kokatu eta inguruko forma eta distantziak ezagutzeko erabiltzen du sistema hau, milisegundo eta milimetroko zehaztasunarekin. “Ikusi” egingo du parean zer daukan; arbola, etxea edo hainbeste desiratzen duen zomorroa! Nondik uste duzue bada, datorrela, auto modernoen aparkatzeko sentsore bidezko sistema?

Pipistrelo txikiak taldean biltzen dira askotan, elkarren arrimoan babesa bilatuta. Babesleku hauek etxe eta baserrietako ganbaretan egoten dira maiz eta honek baditu bere alde txarrak, saguzarrarentzat noski. Sarritan saguzar koloniak akabatu edo bidali egiten dira sortu ditzaketen eragozpenengatik. Gainera, babesleku asko galtzen dituzte eraikin zaharrak eraisteagatik, berritze lanengatik eta eraikin berrietako diseinuan ez dagoelako zulo, hutsune, pitzadura edo antzekorik. Behar beharrezkoa da eraikin eta azpiegitura berrietan, hegazti eta saguzar espezie batzuk kontuan hartzea. Etorkizuneko (eta oraineko) arkitekturak bateragarria behar du izan fauna espezie berezi batzuen kontserbazioarekin. Arlo honetan hobetzeko asko daukagu oraindik.

Intsektujale amorratu honek bizi izan ditu garai hobeak. Eremu urbanoetan dauzkan mehatxuez gain, nekazaritza eredu berrietako pestiziden erabilera intentsiboak, habitaten eraldaketak, aldaketa klimatikoak eta espezie inbaditzaileek mota guztietako zomorroen gainbehera larria ekarri dute, eta horrek zuzen zuzenean eragiten die saguzarrei. Eta naturak denak behar, zomorro txikiak eta ehiztari txikiak. Eta guk ere bai. Bada garaia saguzarrekiko dugun pertzepzioa aldatzeko eta ugaztun harrigarri hauek miresteko. Ekartzen dizkiguten onura guztiez jabetu eta merezi duten errespetua erakusteko. Hobeto ezagutzeko beharrezkoak diren ikerketak lagundu eta babes neurriak hartzeko.

Gutxiago ikusten omen da orain... garai batean askoz ere gehiago. Hain zen ezaguna, non etxe askotan hortza botatzen zitzaion saguzarrari, leihotik: “Saguzarra! Har ezan hagin zaharra!”, eta segidan: “Eta ekar ezan berria, saguzar barregarria!”.

Argia gutxitzen hasten den momentuan saguzarren hegaldi irregularrak behatzea gauza ederra da. Baina, belaunaldi berriek izango al dute aukerarik saguzarrari hortza botatzeko?

Euskal Herriko tigreak
Duela gutxiko kontua da. Iberiar katamotza (Lynx pardinus), mundu mailako felino espezie mehatxatuenetarikoa, “galtzeko arriskuan” egotetik “kaltebera” kategoriara igaro da IUCNren Espezie Mehatxatuen Zerrenda Gorrian.... (+)
Mundu mailako lapurra
Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti... (+)
Basoa berritzen duen langilea
Urtxintxa, burtxintxa, ürtxaintxa, kataburtxintxa, katakutxintxa, katagorria, kattagorria, katamixarra, katamixerra, mixerra... Zenbat izen karraskari arborikola polit honentzat. Izan ere, nork ez du ba ezagutzen katagorria? Bereziki... (+)
Kalte baino onura gehiago
Euskal Herrian bi sator espezie ditugu, sator itsu iberiarra (Talpa occidentalis), hedapena Bizkaia eta Araba mendebaldera mugaturik duena, eta Akitaniako satorra (Talpa aquitania), zabalduena eta... (+)
Hiltzaile ederra
Horrela izendatu zuen Félix Rodríguez de la Fuente naturalista ezagunak. Izen ezinhobea ehiztari dotore honentzat, sekulako abilidadea baitu bere harrapakinak akabatzeko. (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora